Miren Dobaran: 'emakume gehiago behar dira toki erakundeetan'
1910ean, esplotazino kapitalistearen kontra egin eben lehen emakume langileen omenez, Clara Zetkin alemaniarrak martiaren 8a, Emakumearen Nazinoarteko Eguna izentau ebanetik gauza asko pasau dira.
Gaur egun, alor danatan emakumeen eskubideak, indarkeria eza zein aukera bardintasuna aldarrikatzeko eguna da martiaren 8a.
Jakina, leku batetik bestera, gorabehera handiak dagoz eta gurean, berbarako, EAEn orain urtebete, zezilaren 18an jarri zan indarrean Berdintasun Legea. Horrezaz ganera, Berdinsarea, bardintasunaren alde eta emakumeakazko indarkeraren kontra, euskal udalerrien sarea be martxan dago.
Aitatutako legearen ganean, egungo egoeraz eta egin beharrekoez berba egiteko, Miren Dobaran, Berangoko alkatea eta EUDELeko aukera berdintasunerako arduraduna konbidau dogu eta hona hemen berak kontau deuskuzanak.
1.- Aurtengo martiaren 8rako personen derrigorrezko zaintzari insumisinoa proposatzen dabe feministek, lan isila, ikustezina eta dobanekoa salatuz. Zein da zure eretxia?
Ondo deritzot. Emakumeak gara umeak, persona nagusiak eta gaixoak jagoten doguzanak. Lan isila eta dobanekoa da eta emakume zaintzaile horreek egiten daben lanari esker familiek eta gizarteak aurrera egiten dabe. Baina emakume horreentzako kargea sekulakoa da, ez daukie eurentzako denporarik eta egindako lanarengaitik ez jake ezer pagetan. Ganera, persona nagusiak jagotea lan nekeza eta gatxa da, persona nagusiak euren bizitzako azkenengo urteetan dagozalako eta gizarteak ez dau modu berean ikusten umeak ala nagusiak jagotea. Aitatutako lanotan dabizan emakumeak nekatuta dagoz psikologikoki eta fisikoki baina ez dabe protestarik egiten. Gaur eguneko gizartearen egituran emakumea da umeen eta nagusien jagolea eta gizona etxera dirua ekarten dauena. Gizonaren lana goraipatzen da eta emakumeena ez da aintzatesten. Egoera larria da eta alkarte feministak beti doaz erakundeen aurretik, nire ustez ezinbestekoa da alkarte horreen lana eta eurekaz bat egiten dot.
2.- EAEn urtebete egin dau Berdintasun Legeak. Zertan aldatu dira gauzak? Zer falta da?
Berdintasun legeak urtebete baino ez dau egin. Legea Europa mailako legeetarik aurrerakoienetakoa da baina legea idatzita eta onartuta dagoan arren, orain legeak ezartzen dauena gauzatu beharra dago. Horretarako, udal politikariak sentsibilizau behar dira, lege hau beteteko borondate politiko sendoa behar da. Udaletako politiketan generoaren perspektibea apliketea nahitaezkoa da. Era berean, udal aurrekontuak egiteko orduan emakumeen arazoak hartu beharko dira kontuan eta, emakume gehiago behar dira korporazinoetan. Emakumeak erabagiak hartzen diran lekuetan egon behar dogu eta korporazinoetan estereotipoakaz amaitu beharra dago. Zinegotziak diran emakumerik gehienak kultura eta gizarte arloetan dagoz. Hirigintza eta ogasun arloa, berbarako, gizonen esku dagoz lekurik gehienetan. Euskal Herrian alkatesa gitxi dagoz eta emakumeen partaidetzea lortzea ez da erraza, izan be, emakumeak estu eta larri dabiz, etxeko beharrak eta kanpokoak buztartzeko. Ez daukie denporarik udaletan parte hartzeko. Egoera horri bueltea emon behar deutsagu, udaletan gagozan emakumeak beste emakumeak animau behar doguz eta udaletara erakarri.
3.- Gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren alde egiten daben herrialdeen buru eta aitzindari gara Europa mailan?
Egia da igaz Legebiltzarrean onartutako legea garatu ezkero, pausu itzela emongo dala bardintasunaren arloan. Europako iparraldeko herrialdeek urte asko daroez bardintasunaren alde lanean eta hori igarri egiten da. Ganera, gizarte arloan dirutza handiak inbertiduten dabez eta, azterlan guztien arabera, zenbat eta diru gitxiago gastau gizarte arloan, lan gehiago pilatzen jake emakumeei. Hor dago gakoa, gizarte arloan gastu handiagoa egin beharko geunke baina ipar europako herrialdeetan zerga handiagoak pagetan dabez; hemen, barriz, ez dogu zerga gehiagorik pagau gura.
Gure legera itzuliz, bardintasuna lortzeko ezinbesteko tresna dala esango neuke. Udalak dira herritarrakandik hurren dagozan erakundeak eta ikaragarrizko erantzukizuna daukagu aldaketa hori gauzatzeko orduan.
4.- Legeak eta sentsibilizazino kanpainak ondo dagoz baina errealidadea bestelakoa izaten da. Danon ahotan dagoan genero indarkeriari aurre egiteko, borondaterik eza eta isiltasuna gainditu beharreko jarrerak dira?
Genero indarkeriaren arazoari konponbidea emoteko oinarrizkoa da gizartean orain arte normaltzat hartu izan diran jarrera asko aldatzea. Halan da be, argi euki behar dogu genero indarkeria bardintasun ezaren ondorioa dala. Emakumeak bigarren mailakotzat hartzen diralako dago indarkeria. Udaletan genero indarkeriaren biktimei laguntzeko protokoloak jarri dira abian, emakume horreek eta euren seme-alabek laguntza handia behar dabelako aurrera egiteko eta, esangura horretan, ahalegin handia egiten gabiz gizarte zerbitzuetan. Edozein modutan, ume eta gazteakaz lan egin behar da eta bardintasunean hezitu, era horretara, salbuespenak salbuespen bihar-etzi genero indarkeriarik ez dalako existiduko. Inbersino ederra da hori.
5.- Zeintzuk dira Berdinsarea, bardintasunaren alde eta emakumeakazko indarkeraren kontra, euskal udalerrien sarearen egitekoak?
Berdinsarearen helburua da Emakume eta gizonen bardintasunerako 4/2005 Legea beteten laguntzea. Horretarako, udaletan emakume eta gizonen bardintasuna lortzeko udal planak garatuko dira. Gure sare horretatik programa eta ekintza desbardinak egingo dira bardintasun eza eta emakumeen kontrako indarkeriagaz amaitzeko. Gainera, beste leku batzuetan egiten diran esperientziak batu, udaletara bialdu eta arlo honetan jarduteko erispideak bateratuko doguz. Udalerri txikieneri laguntza eskainiko deutsegu sare honetan sar daitezan.
6.- Berdinsarera biltzeko ze baldintza bete behar dabe udalerriek?
Sarera bildu gura daben herriek bardintasuna lortzeko borondate eta konpromiso sendoa agertzea nahitaezkoa izango da. Horretarako, giza baliabide eta baliabide teknikoak izan beharko dabez, aurrekontu zehatzak etab.
Beste alde batetik, emakume eta gizonen bardintasunerako udal plana osotu eta onartu beharko dabe eta, jakina, plan hori egunean-egunean aplikau eta betearazo. Horrezaz ganera, Udalean bardintasunean aditua dan teknikaria izatea be beharrezkoa izango da plana egin eta ezartzeko. Horren arabera, bardinsarera bildutako udal korporazinoek konpromisoa hartuko dabe euren udal politiketan generoaren perspektibea apliketako. Jakina, honek guztiak goitik beherako aldaketea dakar herri baten eguneroko bizitzan.
7.- EUDELek europar programa zein batzordeetan tokiko administrazinoen parte hartzea eta udalerrietan bideratzen diran gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko ekintzak bultzatzen ditu...
Bai, Europa mailan genero bardintasunaren inguruan antolatzen diran foro guztietan parte hartzen dau EUDELek. Aurten Europako udal ordezkariok bardintasunerako europako gutuna garatu dogu eta datorren maiatzean Insbrucken onartzeko asmoa daukagu. Aurrerago, gutun hori udal guztietan aurkeztu eta onartzeko asmoa dago. Edozelan be, Europako udal ordezkariek igaz onartutako gure Berdintasunerako Legea eredutzat jo dabe eta ipar europako herrialdeak kenduta, gure legea aintzindaritzat jo daiteke.
8.- Genero indarkeria, bortxaketak, laneko sexu jazarpena, bereizkeria, soldata bajuagoak... Emakume izatea ez da bape erraza...
Egia da, emakume izateak asko mugatzen gaitu. Itxuraz eskoletan mutilak eta neskak bardin eduketan diranez, lan aukera berberak izango dabezala pentsau daiteke, bardintasuna lortuta dagoela, hain zuzen. Gero, ostera, lana topetako eta lanean hasten diranean, arazoak sortzen dira, lanpostu hobeak lortzeko zailtasunak izaten dira eta seme-alabak tartean dagozanean, ikaragarrizko arazoak eukiten dabez euren lanetan aurrera egiteko...; egoerea larria da benetan, lotsagarria. Enpresa guztiek euren bardintasun plana eukitea derrigorra izan beharko litzateke bestela ez dago zereginik. Benetako bardintasuna lortzeko gizonen partaidetzea ezinbestekoa da; berbarako, gizonek etxeko lanetan gehiago parte hartu beharko dabe bestela ez dago bardintasuna lortzerik.
9.- EUDELek Emakumeak eta Gizonak Berdintasunaren aldeko Hirietan Programa Komunitarioaren lehenengo mintegia hartu eban igaz, ‘Emakumeek Tokiko Bizitzan daben Zereginari buruzko Gutun Europarra’ izenburupean. Programea Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) sustatu eban eta Europako 18 herrialdetako ordezkariek hartu eben parte. Aurten, Bruselan izan dozue hitzordua, ezta? Zein da helburua?
Bileraren helburua Berdintasunaren aldeko Gutun Europarra idaztea izan da, hain zuzen be, genero politiketan tokiko gobernuen konpromiso aktibo eta zehatza eskatuko dauena. Orain, gutuna gure udal guztietan onartu eta apliketea da asmoa. Gutun horretan esaten da emakume gehiago behar dirala toki erakundeetan. Alkatesa eta zinegotzi gehiago behar doguz, emakumeok hobeto ezagutzen doguz emakumeon arazoak eta gizartearen erdia baino gehiago gara emakumeak. Udalerrietako erabagiak hartzen diran lekuetan, ostera, ez dago ia emakumerik. Zenbat alkatesa dagoz Bizkaian? Oso gitxi gara, alkatesa dagoan udalerririk handiena Berango da, nirea eta 6.000 biztanle ditu. Bizkaian bost alkatesa inguru gara eta gehienak herri txiki-txikietakoak. Gutun horretan, gainera, generoaren perspektiba zelan aplikau aitatzen da etab. Gutuna Insbrucken berretsiko dogu baina ez da gure legea baino aberatsagoa.
Bizkaie!