Bilbo Hiria irratia sarean dago daborduko
Bizkaie!
Euskal Hiriko irratia, Bilbo Hiria irratia sarean dago jada. Euskal Herri osoa eta planeta osoa hartzen du bere zuzeneko seinaleak eta, gaurdanik, irratia kartara eskaintzen du, blog formatoa hartuta, bere irratsaio guztiak podcast eran eskaintzen hasi baita.
Kudeatzaile diren Kafe Antzokiko iturrien esanetan, azken aldi honetan bere azpiegitura teknikoa eta webgunea prestatzeaz gain, programazio erakargarri eta anitza prestatzen ahalegin berezia egin du Bilbo Hiriak. Irrati urbanoa da Bilbo Hiria eta %100 euskaraz, konplexurik gabe uste baitugu gure hizkuntza euskal hiriko hizkuntza ere badela, duintasun eta harrotasun osoarekin.
Orain arte entzuteko aukerarik izan ez duenak orain, dagoen tokian dagoela, euskal hiriaren beste hirietatik edo munduko beste muturretik Bilbo Hiriaren sintoniarekin bat egiteko aukera du. Denetariko saioak aurkituko ditugu bilbohiria.com honetan eta denak MP3 formatoan eskuratzeko moduan: magazinak, albisteak, kirolak, musika, zientzia, teknologia berriak, zinea...
Webgunearen aurkezpena gaur arratsaldeko 20,30etan izango da Bilboko Kafe Antzokian eta, ondoren La Kiny Beat taldearekin jaiak segida izango du. Irratia entzuteko, www.bilbohiria.com helbidera jo liteke.
Bestalde, Kafe Antzokiaren martxoko konztertuen artean Najwa Nimri (bihar ostirala), Elefantes, Pereza, Amparanoia, Drive By Truckers edota Anari nabarmentzen dira, besteak beste. Kontzertuon informazio gehiago, egunak, ordutegiak, prezioak etabar Kafe Antzokiaren webgunean, www.kafeantzokia.com helbidean.