Antxina-barri  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Euskadiko Jaurlaritzearen ibilerak mendebaldean


Ahoa zabalik geratu ziran Irala eta Sota han ikusi ebenagaz, Iralak inotson Pedro Basalduari, lehendakariaren idazkari partikularrari, sekula ez dauela horrenbeste euskera entzun. Ez dakigu zer pentsamentu eben Idahora joan aurretik topauko ebenaz, baina inondik inora be ez ha izango zanik. Sinistezina, euskalduna, ia erderarik ez ekiana eta ingelesez be gitxi eta jatorrizko ohiturak gordeten zituana. Indioek be euskeraz egiten eben eta!

IƱaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria (Sabino Arana Kultura Elkargoa).

Egunotan komunikabideetan zabal dabil Idahoko Parlamentuak Euskal Herrian bizi dogun gatazkea konpontzeko edo konpontzeko bidean jarteko asmoagaz hartu dauen akordioa. Batek baino gehiagok ikaraz be hartu dau albistea Ameriketako estadu hori mapan ipinteko gauza be ez dalako edo. Bizkaitarrok ostera, eta batik bat senideren bat Ameriketan urteak egin eta gero etxera bueltau zana daukagunok edo Gernikatik Gipuzkoarainoko lurretan bizi garanok, ez gaitu horrenbeste harritu, ezagunak doguz eta hemendik hara joandakoak edo gitxienez hareen entzutea badaukagulako. Hurrengo lerroetan ez dot horreen ibilerarik kontauko, ez bada be Euskadiko Jaurlaritzeak Ipar Amerikako mendebaldera bialdu zituan kideen bidaiaren barri baino.

1938ko erdi aldera, Euskal Herria Francoren esku egoala, gerra luzea etorrela ikusita, eta ordura arteko propaganda lanak nazinoartean zabaltzeko asmoz, Euskadiko Jaurlaritzeak, eta beronen Lehendakariak bultzatuta, batzorde bi atontzeari ekin eutson mundu zabalean Euskal Herriaren barri emoteko. Bata Hego Amerikara bialdu eben, Buenos Airesera, Ramon Aldasoro tolosarra Gobernuko Merkataritza kontseilaria buru ebala, eta bestea Ipar Amerikara joateko preparau zan, Anton Irala Lehendakariaren idazkariaren ardurapean. Bigarren batzorde honetakoak ziran Manuel de la Sota Aburto eta Ramon de la Sota MacMahon be, aurrerago beste batzuk batu jakezan arren.

Euren lana propaganda egitea zan, alde batetik, AEBko agintarien artean, Eleiza Katolikoan zein eremu konserbadoreetan eta, bestetik, Ipar Amerikan bizi ziran euskaldunen artean. Euskal ordezkarien ereduak Europan egindako lanak ziran. Kontinente zaharrean gerra hasi eta gitxira, Euskal Gobernua ahalegindu zan hango medio katolikoak alde ipinten, eta bai lortu be Frantziako kasuan behintzat, baina ez horrenbeste beste herrialde batzuetan, Erresuma Batuan berbarako. Horretarako erabilitako bideak asko izan ziran, besteak beste, liburuak, aldizkariak, zinea edota zuzeneko hartu-emonak. Horretarakoxe sortu eban Manuel Intxaustik LIAB (Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Ligea), Frantziako ospe handiko lagunak kide zituana, euskal erbesteratuei eta Euskadiko Jaurlaritzeari laguntzinoa eta babesa emoteko.

Asmo horreekaz, abuztuaren 13an joan ziran Irala eta Sotatarrak Frantziatik New Yorkerantz; heldu eta batera New Yorken bizi ziran euskaldunakaz hartu-emonetan jarri ziran. Han bazan Euskal Etxe bat aspalditik eta han euskal abertzaletasuna be urteetakoa zan, New York portua dalako eta bertara kontzientzia abertzaleko marinel asko joan zalako lehenagoko urteetan eta Aranaren ideien zabaltzaile asko igaroak ziralako Euskal Etxe haretatik. Euskal ordezkariak heldu ziranean, ostera, Errepublikearen aldeko alkarteek euren beharra eginda eben. Hau zuzendu guran ekin eutson lanari Euskal Ordezkaritzeak eta horretarako hainbat bilera eta propaganda saio egin zituen. Ordezkarien asmoa abertzaletasuna suspertzea ez eze, dirua lortzea be bazan; horretarako, Frantziatik eroien 'Gernika' pelikulea erakutsiz edo berbaldiak antolatuz batzen zituen Amerikako euskaldunak, eta propaganda honek bere frutuak emon zituan.

Beste ardura bat agintari, Eleiza eta giro kontserbadoreko alkarteetan sartzea eta horreetan guztietan eragitea izan zan. Horretan jardun eben Iralak eta Sotatarrak AEBn igaro zituen lehenengo hileetan, heldu ziran abuztuaren azkenetik zemendiaren azkenetaraino eta, geroago jo eben mendebalderantz.

Lehendakariak emon eutsen aginduen artean hirugarrenak inoan 'New York, Washington eta Kaliforniako euskaldunei sentiduarazo Euskal Gobernuaren iraganeko, eguneko eta gerorako ekintzen barri'. Ez eban Lehendakariak Idaho ez Nevada aitatzen Kalifornia baino, Euskal Gobernuan ziranak AEBko mendebaldean ziran euskaldunen barri askorik ez ebelako seguruenik. Horri konponbidea emoteko eta Agirreren agindua beteteko Iralak eta Manu Sotak abenduaren hasieran autobusa hartu eta Idahorantz jo eben.

Ahoa zabalik geratu ziran Irala eta Sota han ikusi ebenagaz, Iralak inotson Pedro Basalduari, lehendakariaren idazkari partikularrari, sekula ez dauela horrenbeste euskera entzun. Ez dakigu zer pentsamentu euken Idahora joan aurretik topauko ebenaz, baina inondik inora be ez ha izango zanik. Sinistezina, euskalduna, ia erderarik ez ekiana eta ingelesez be gitxi eta jatorrizko ohiturak gordeten zituana. Indioek be euskeraz egiten eben eta!

Idahon 7.000 euskaldun inguru egozala dinosku Iralak, hiru multzo nagusitan; batetik, gehiengoa osotzen eben artzainak; bestetik, herrietan bizi ziran ostatu eta ardien jabeak eta, azken buruan, euskaldunen seme-alabak, honeek be herrietan bizi ziranak. Iralak inoan euskaldunen artean ez egoala tirabira politikorik, gitxi batzuek esan arren Francoren aldekoak zirala. Halan da be, kontzientzia abertzalea zabaltzeko asko egoan egiteko Iralaren ustez. Azken urteetan etorritako artzain gazteen artean baegozan abertzaleak ziranak, gerreak Bizkaian etxekoen artean egindako kalteakaitik eta baita Amerikara joan aurretik abertzaletu ziralako, nahiz eta horreek gehiengoa ez izan; halan da be, Iralaren ustez egoerea ona zan euskal sen sakona ikusten ebalako mendebaldeko euskaldun hareen artean.

Euskaldunen arteko zatiketak, politikoak ez baziran be, beste modu batekoak ziran: ekonomikoak hain zuzen. Gehienak artzainak eta mendian luzaroan ibilitakoak ziran, herrietan ez euken etxerik eta kalera batzen ziranean ostatuetan hartzen eben aterpe. Ostatuok, aterpe ez eze, alkargune be baziran, eta osasun edo antzeko arazoak konpontzeko leku aproposa. Anaiarteok alkarlaguntzinorako lekuak ziran eta Boisen, Idahoko uriburuan, lau egozan 1938an, euren artean konpondu ezin ziranak.

Sasoi onean joan ziran euskal ordezkariak mendebaldera, Gabonak bueltan; orduan, Idahon behintzat, ardiak mendiko larreetatik herri inguruetara eroaten ebezalako artzainek eta, hori aprobetxatuz, euskaldunek alkartu eta dantzaldiak egiten zituen. Dantzaldi horreetako bi aprobetxau zituen Iralak eta Sotak Euskal Gobernuaren mezua zabaltzeko. Batzar horreetan, berbaldiak emoteaz aparte, 'Gernika' pelikulea be emon eben eta bide batez dirua eskatu, baina ez zuzenean Gobernuarentzat, ume erbesteratuentzat baino, beti be politikea zenbat eta gitxiago aitatu hobe zalako. Diru larregi ez eben batu; izan be, ardien negozioan ez zan urte ona izan. 'Depresino' handiaren aurretik dirutza handiak egin baziran be, ordutik aurrera ardiaren prezioa behera eginda egoan eta artzainek ez eben urte batzuk lehenago beste irabazten.

Erabili eben beste propaganda bide bat prentsea izan zan. Boiseko egunkari batek astero orrialde bat argitaratzen eban euskaldunen albisteakaz, baina Irala eta Sota han zirala orrialdearen arduraduna kanporatu egin eban egunkariko zuzendariak eta euskal ordezkariak prest agertu ziran hutsunea beteteko, eta baita proposamena onartu be. Gauzak holan dirala, luzaroan euskaldunakan eragina izateko modu bat izango eban Euskal Gobernuak. Beste alde batetik, irratia be erabili eben euren mezua zabaltzeko eta arin konturatu ziran Euskal Gobernuko ordezkariak komunikabide horren indarraz; izan be, hainbat euskaldun hurreratu jakezan esanez irratian euskerazko mezua entzun eta dantzaldira joan zirala.

Boisen egindako lanak ikaragarri probetxuzkoak begitandu jakozan Iralari eta lan horri eusteko batzorde bat eratu eben Idahon, aurrerantzean erbesteratuentzako dirua batzeko eta horri esker Euskal Gobernuaren mezua zabaltzeko.

Idahon hilebete inguru egin ondoren, urtarrilaren 4an Nevadarantz jo eben Iralak eta Sotak. Euren asmoa Nevadatik Kaliforniara hurreratzea zan. Nevadan Elkon, Renon, Winnemuccan eta MacDermitten egon ziran hango euskaldunakaz, baina estadu honetan egoerea bestelakoa zan. Hemen artzainak ez ziran herrietara batzen euren ardiakaz eta kalean euskaldun gitxi bizi ziran. Urte batzuk lehenago bai, baina ardiaren prezioak behera egin ostean amaitu ziran Nevadako artzainen diruak eta askok alde egin eben. Han, urte batzuk lehenago, dirua parra-parra ebilenean, euskaldunak ugari ziran eta ospetsuak ziran hango euskaldunek indioakaz egiten zituen jaiak. Jai eta hartu-emon horreen ondorioz euskaldun batzuk indioen hizkuntzan egiten eben eta indioek euskeraz.

Espainiatik, ostera, gerra hotsak etozan eta barriak ez ziran euskal Gobernuaren alderako. Horregaitik, entzun ebenean Bartzelona Francoren esku egoala, Iralak eta Sotak euren bidaia amaitutzat emon eta New Yorkerantz alde egin eben; bertatik Iralak Frantziara joatea erabagi eban, eta Sota itxi eban Euskal ordezkaritzearen arduradun. Hilebete batzuk geroago, Boisera Jon Bilbao gaztea joan zan Euskadiko Jaurlaritzearen azpiordezkaritza bat antolatzeko asmoagaz, hango euskaldunei laguntzeko. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira.