Musikea  IV. urtea // 152. zenbakia

Benetako krisia


Krisian dagoana musikea bera da, gitxietsita dagoan zeozer da, dobako bihurtu dan gauzea, kultura izatetik kontsumo eta aisialdiagaz loturiko produktu eskasaren balioa hartu dau.

Kontzeptu kontua da azken finean, Europako herrialde gehienetan ez dozu kalean diskoak salgai ikusiko; baina gure inguran beti izan dira piratak, baliozko gauzei jaramon handirik egiten ez deutsenak.

Gotzon Uribe

Ez dira garai onak musikearentzako, ez behintzat berau ogibide moduan dabenentzako. Egoerearen erakusgarri, Metak moduko disketxe sendo batek, autogestinoaren eredu izan danak ateak zarratu behar izan ditu salmenten urritasunagaitik, industriak berak bizi dauen egoereari ezin eutsita.

Alde batetik, pirateriak kalte handia egin dau, zorioneko 'top manta' lez ezagutzen dogun horrek eta, ganera, interntet bidez eta p2p sareak erabiliz musikea jaisteko dagozan aukerak be ezin ahaztu. Gauzak holan dirala, gero eta gitxiago dira disko dendetara hurreratzen diranak bere diskorik kuttunenak erostera hilero-hilero. Ze hori beste kontu bat da! Disko dendak be apurka-apurka zarratzen doaz, eta handinetan be gero eta jente gitxiago ikusten da besterik ez bada eskaintzea aztertzen eta begiratzen.

Zorionez, alor danatan lez, gitxiengo batek fidel jarraitzen dau, lehen, orain eta beti. Binilo zalea danak biniloa erosten jarraituko dau, esteta sutsuak diskoak erosten jarraituko dau barruko liburuxken xarmeagaz liluratuta, kantuetako berba, irudi, argazki edota packaging bereziakaz emozionetan dan jentea dalako. Musikea abestiak entzutea baino zeozer gehiago dala pentsetan dabenek asko estimetan daben kontua da ze da, ze musikea ez da bakarrik abesti kontua jarrera militantea baino, zeozegaz identifiketea, alor estetikoan zein musikalean, harantzago joatea, abestien istorioakaz bidaiatzea kanpora zein barrura, urrunera zein gertura, bat egitea.