Musikea  IV. urtea // 152. zenbakia

Goenagaren gogo bizia


Kontzertuak

2006-03-17, Donostia, Lugaritz kultur etxea, 20:30
2006-04-06, Getxo, Getxo antzokia, 20:00
2006-04-08, Tolosa, Bonberenea, 22:30
2006-05-12, Zumaia, Aita Mari aretoa, 22:30
2006-05-13, Zizurkil, Atxulondo kultur etxea

Bizkaie!

Iker Goenaga trikitilariak hirugarren diskoa kaleratu barri dau: ‘Amorrua’. Aurretik ‘Soinugorri’ eta ‘Txikitxuterik’ lanak plazaratu ebazan. ‘Hirugarren lana izanda, presino gitxiago euki beharko neuke baina ez da holan izan. Irrika bat daukat, zeozer topau guran ibili naz eta inoiz baino gehiago sentidu dot beharrizan hori’.

Diskoaren azalean izen bakarra agertu arren, taldeak garrantzi berezia daukala azpimarratu eban aurkezpen-ekitaldian Goenagak. ‘Alkarlana izan da eta, batez be, Angel Unzu nabarmendu behar dot’. Unzu produtore lanetan ibili da eta kanten moldaketak be berak egin ditu, taldeagaz batera. ‘Honako bidea jarraitu dogu kanta bakotxagaz: lehenengo, sormen lana nik egiten neban; ostean, taldeagaz jo; gero, Angelek moldatzen eban kantea eta bion artean aztertzen genduan aldaketea; azkenik, taldeagaz joten genduan barriro. Holan sortu dira diskoko hamalau kantak’. Kolaboratzaileek eta taldekideek pisu berezia daukie, ‘batez be Iñigo Egiaren perkusinoak’. Mikel Markez, Alaitz Telletxea, Xabier Zeberio eta Josu Salbide be gogoan hartu ebazan Goenagak, Beñat Barandiaran, Iban Gurrutxaga eta Mikel Atxega taldekideez gan.

Trikitilari eta, azken baten, instrumentu-jole ororen naturea kanta instrumentalak jotea dala zehaztu eban Goenagak. Holan, ‘diskoko hamalau kantetatik erdiak instrumentalak dira’. Ganerakoetan, berbak Goenagak berak egindakoak dira, Koldo Izagirrek orraztutakoak eta Sarrionaindiaren poesia bat be badago tartean. Bestalde, Gartxot Unsaine idazle gazteak be ekarpentxua egin dau.

Izenburuaren nondik-norakoen ganean, trikitilariak ‘nire herrian, Zizurkilen, zeozer gogo biziz egiten danean amorruz egiten dala esaten da. Hortik dator, beraz, lanaren izena’ azaldu eban.