Zinema alternatiborako 'Zinebiklub' izeneko esparru barria sortu dau Bilboko Udalak
Bizkaie!
Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailak zinema alternatiborako 'Zinebiklub' izeneko esparru barria sortu dau. Aurrerantzean, eguenero Abandoko Barrainkua Udaltegian, arratsaldeko 19:30etan Dolby soinua eta 100 jesarleku dituan egokitutako areto batean Bilboko Film Labur eta Zinema Dokumental Jaialdian aurkeztutako filmak eskainiko dira.
Etorkizunari begira, asmoa da Barrainkua ikus-entzunezkoen euskal industriari laguntzeko esparru eta sektorean eztabaida eta hausnarketEa pizteko foro bihurtzea.
Ekimenak hainbat helburu ditu, eta nagusia Bilboko zinema eskaintzea osotzea da. Areto komertzialak ez eze, uriak Arte Eder Museoko zinematekea be badauka. Bertan gaur egungo egileen zein klasikoen zikloak programetan dira. Gainera, Fas zine-klub beteranoa be hortxe dago, 50 urte baino gehiagoko eskarmentuagaz.
Eskaintza barri honek gure pantailetan urria dan ikus-entzunezko mota baten programazio egonkorra ekarri nahi dau, film laburrena eta beren azpi-generoena, hain zuzen be, fikzinoa, animazinoa, dokumentalak, esperimentala, eta abar. Kontuan izan behar da, ganera, film laburrak egile barrientzako eskola eta ezagutarazoteko tresna be badirala.
Beste alde batetik, 'Zinebiklub'-ek ikus-entzunezkoen alorreko jarduera egonkor eta iraunkorra dakartzo Udalaren Kultura eta Euskara Sailaren programazinoari. Aldi berean, Barrainkuako proiekzinoek presentzia handiagoa emongo deutse Zinebi Jaialdiari berari.
Ekimenaren beste asmo bat zinemeagaz eta ikus-entzunezko industriagaz lotutako jarduerak aurkezteko eszenatokia izatea be bada: programazinoan sartutako zinemagileen aurkezpenak, topaketak, berbaldiak, mintegiak eta, oro har, Bilboko zein Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreagaz konprometidutako eragileentzako prestakuntza eta dibulgazino ekintzak: hezkuntza erakundeak, zinema eta telebista produktoreak, kultur erakundeak, beste jaialdi batzuk.
Gaur egungo ikus-entzunezkoen mundu nahasiari alde guztietatik heltzea izango da kontua: kulturaletik, ekonomikotik eta industrialetik. Oraingoz, 'Zinebiklub' eguenetan zabalduko da, martiaren 2an, Zinebiren azkeneko edizinoan saritutako filmakaz.
Aitatutakoakaz batera, euskal ordezkaritzea Igor Legarreta eta Emilio PĂ©rezen 'El Gran Zambini' eta Isabel Hergueraren 'La gallina ciega' lanek osotuko dabe. Bagilaren 15era arte hamar saio programau dira, gero udako etenaldia egiteko. Irailetik aurrera, programazinoari barriro ekingo jako, urtea amaitu arte.