Bidaide  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Maroko (I)

Hurreko ezezaguna


Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

OHARRA / BIZKAIE!:

Zigor Aldamaren 'Asiako Hego-ekialdea' izeneko erakusketea ikusgai dozue Leioako Campuseko Erakusketa Aretoan, zezeilaren 18tik martiaren 12ra. Danetara, 70 argazki eta handik ekarritako gauzak dagoz ikusgai.


Hegazkinez ordubete eta erdira dago Maroko Euskal Herritik eta Espainia hego muturretik kilometro gitxi batzuetara baina, halan da be, Maroko ezezaguna da askorentzat. Hur baina urrun era berean. Maroko gazte zein nagusien, hau da, edozeinen eskura dago, batez be, abenturearen bila doazenentzat, urrunago joateko astirik ez dabenentzat eta geureagaz zerikusirik ez dauen kulturea ezagutu gura dabenentzat. Casablanca eta Marrakex lako uri erraldoiak, Fez eta Meknes uri inperialak, Atlaseko lekutako herriak edo Saharako basamortua, danak dira ederrak. Marokon kultura eta paisajeen aniztasuna eta ingurune segurua topauko dozuez eta etxetik hur.

Islamiar kulturea

Herri islamiarra da eta, beraz, leku exotikoa; hortxe dagoz Euskal Herriaren eta Marokoren arteko desbardintasunik handienak. Bertako kulturea eta herritarren jokabidea goitik behera eragiten ditu islamismoak eta islamismo moderatua izan arren Marokokoa, arkitekturan be igarriko dogu. Dana dala, marokiarrakaz erraz bideratzen dira harremanak, izan be, orokorrean jarrera zabalekoak, atseginak eta abegikorrak dira. Hori bai, kontu handiz ibili behar da jentea ez mintzeko edo iraintzeko eta herri islamiar gehienetan legez, arau zehatz batzuk errespetetea nahikoa izango da, berbarako, meskitetan sartu baino lehen zapatak kentzea; horrezaz ganera, emakumeen janzteko modua diskretua izatea komenidu da eta leku sagraduetara sartzeko burua tapetea. Askotan esan deutsuet baina barriro azpimarrauko dot kontu bat: joaten garan lekuko kulturearen atal batzuk gogoko ez badoguz edo atzerakoiak dirala pentsetan badogu be, gu ez gara inor kulturako kontu horreek aldatzeko; kasu guztietan, errespetuz jokatzea da bidea.

Zelan joan

Bilbotik Marokora joateko bidea erraza da: trenean edo autobusean Algeciraseraino eta han Maroko iparraldeko Tangerrera eroango gaituan ferrya hartzea; trenez joan ezkero, gauez egin daiteke bidea baina kontuan izan Madrilen geldialdia egiten dauela; hauxe da garraiobiderik erosoena eta autobusa, barriz, merkeena. Esandako moduan, Algecirasetik Tangerrera joateko ferry asko dagoz egunean. Bidaia osoaren kostua honakoa da: joatea 60 bat euro eta joan-etorria, barriz, 100 euro. Diruaren arazorik ez badozue hegazkinez joatea da beste bide bat, Iberia eta Royal Air Maroc konpainiakaz, Madrilen edo Bartzelonan geldialdia eginda, Casablancara, Marrakexera edo Tangerrera txartela erosi zeinkie. Geldialdiak eta enparauak kontuan hartuta, hiru bat ordukoa da bidaiaren iraupena; kontua da ze prezioak ez dirala bape erakargarriak izaten: 300 euro inguru joan-etorria.

Abentura bidaiak

Maroko leku ezin hobea da 'ailegaerrazak' diran lekutako inguruneak ezagutu gura izan ezkero. Herri honetan ingurune eder bi dagoz abenturea maite dabenentzat: Atlas mendikatea eta Sahara basamortua. Ingurune bi horreetan paisaje zoragarriak eta kultura exotikoak ezagutuko dozuez; akaso, kokapen zehatzagaitik interesgarriagoa izan daiteke Atlas ingurunea ze raftinga, eskaladea eta mendiko ibilaldiak egiteko zenbat-gura aukera dagoz. Abiapuntua Ouarzazate uria da eta Marrakexetik hara heltzeko airez edo lurrez egin geinke bidea; hemetik aurrera, norberaren kontura edo bidaia antolatuagaz, egun batzuk beharko dozuez inguruko herri eta mendietara joateko. Sahararen kasuan, Agadir herrian ekitea bidaiari izango da onena, Marokoko Benidorm be esaten deutse herri horri eta gero hegoaldera jo behar da. Marokoko barrualdea behar dan moduan ezagutzeko eta disfrutetako, gitxienez, pare bat aste hartzea da nire gomendioa.

Kultura bidaiak

Bidaia lasaiagoa egiteko eta kulturaz gozetako aukerak be badagoz. Fez, Marrakex, Meknes eta Rabat uri inperialetan antxinako Marokoren handitasuna ezagutu geinke. Meskita ederrak, bazar edo dendez ganezka dagozan medina nahaspilatsuak eta kaleko giro bizia eta zoroa edonon topauko ditu bidaiariak. Kasu honetan, ibilbidea Fezen hastea da onena eta hortik Meknes eta Rabatera joatea; azken etapea Marrakex izan daiteke. Ibilbide guztia hamar bat egunetan egin daiteke ze uri batetik bestera joatea oso erraza da.

Garraiobideak

Garapen bidean dagoan eta pobrezia bizi dauen herrialdea izan arren, Marokoko garraiobideak nahiko onak dira. Marokoko mendebaldean batez be errepideak ondo dagoz eta ganerako garraiobideak fidagarriak dira. Oso deigarria da tren zerbitzuaren egoerea eta eragingarritasuna: oso erosoa da, arin dabil eta merkea da ganera. Atlas mendikatearen beste aldean eta Saharan egoerea zehatz desbardina da. Autobusak 60. hamarkadako filmeetatik ataratakoak emoten dabe eta errepideen egoerea negargarria da, benetako zigorra gorputzerako. Dana dala, Hego Afrikaren ostean, Afrikako azpiegiturarik onenak ditu Marokok.

Prezioak eta aurrekontua

Europagaz konparauta Marokon oso merkea da bizimodua. Egunean 15 bat eurogaz bizitea posible da baina horretarako, Marokoko ostatu 'merkeak' eta kaleko saltokietako jatekoa probau beharko dozuez; aurrekontu horregaz ahaztu hegazkina.

Marokora bidaia egiteko sasoirik onena irailean hasi eta apirilera bitarteko aldia da; hori bai, gogoan izan Atlas aldera edo Marrakexera joateko ustea izan ezkero, hotz handia egiten dauela neguan. Garrantzitsuena uda sasoia ebitetea da, egostea eta goizetik gauera izerditan egotea gustoko ez badozue behintzat.