Kulturea  IV. urtea // 152. zenbakia

Telesforo Monzon, bere heriotzearen 25. urteurrenean


1977an bueltau zan Hego Euskal Herrira, Askatasunaren Ibilaldiaren ekitaldietan eta ezker abertzaleko mitinetan parte hartzeko. HBren sortzaileetako bat izanda, 1979an poliziak atxilotu egin eban, eta, Langraitzen preso egoala, gose-grebeari ekin eutsan, hilteko puntuan egoteraino. Diputadu be aukeratu eben kartzelan egoala, baina ezin izan eban inoz lan hori bete. Aldiz, gaztetako indar berberagaz segidu eban lanean, mitinak emoten, artikuluak idazten eta abar. Sasoi haretako giroa ederto erakusten dabe Telesforo Monzonek idatzitako abestiek, danak be ezagunak eta oindino be jentearen ahotan ibilten diranak: ‘Plazara’, ‘Itziarren semea’, ‘Kalera, kalera’, ‘Lepoan hartu’, ‘Txikia’, ‘Bai euskarari’ eta abar.

Azkenik, ezin dogu aitatu barik itxi artikulugintzan egin eban lan goraipagarria eta euskera ederrekoa. Barriro be artikulu honetan gidari dogun Koldo Izagirreren berbak berreskuratuta, ‘prosan, hitz lauz, berba laxoan, nagikerian bezala, hilezkortasun-asmorik gabe, hurbileko helburuan, hainbat idazlek utzi dizkigute benetako maisu-lanak genero labur, zail, zehatzezin eta definigaitzean. Monzonen artikuluak, zer duda egin, onenen multzoan sartzen dira’. Bere artikuluak 1986an bildu ziran, ‘Hitzak eta idazkiak’ (Jaizkibel argitaletxea) izeneko sei liburuko bilduma zabal baten, eta, 1995ean, Elkar argitaletxeak ‘Langosta baten inguruan’ artikulu-bildumea atara eban, Monzonen artikulurik aitagarrienak bilduta.

Bihotza Euskal Herriari emonda, bihotzeko arazoakaz sartu eben Baionako Ospitalean, eta bertan hil zan oin dala 25 urte, 1981eko martiaren 9an.

Julen Gabiria

Eguenean (hilaren 9an) beteko dira 25 urte Telesforo Monzon idazle eta politikaria Donibane Lohizunen hil zala. Aurten gure idazle eta kulturgile askoren urteurrenak ospatzen gabilz aldizkari honetan, eta oingo honetan be gogoratzeko moduko gizon baten biografia laburra emongo deutsuegu, Monzonek leku esanguratsua lortu dau-ta euskal literaturan eta euskaldunon memorian.

Telesforo Monzon Ortiz de Urruela Bergarako Olaso torretxean jaio zan 1904ko abenduaren 1ean. Oinarrizko ikasketak Bergaran egin ostean, Madrilera joan zan zuzenbidea ikastera, eta hantxe ekin eutsan euskerea aztertu eta sakontzeari.

1930ean EAJn sartu zan, eta hurrengo urtean Bergarako Udaleko zinegotzi izentau eben, Espainian Errepublikea ezarri zanean. Hizlari dotore eta zorrotza zan, eta Hego Euskal Herri osotik ibili zan mitin batetik bestera, abertzaletasuna zabalduz. 1933an lehenengo, eta 1936an gero, Madrileko Legebiltzarreko diputadu aukeratu eben. Bien bitartean, GBBko lehendakaria eta EBBko kidea be izan zan, eta 1936an, gerrea piztu zanean, Jose Antonio Agirrek Herri Zaintza Saileko ministro egin eban. Lan horretan, Ertzaintzea antolatu eban, gerrako giro latz eta gaiztoaren erdian.

1937an Iparraldera erbesteratu zan, tropa naziek Frantzia hartu eta Grours izeneko konzentrazino esparruan sartu eben arte. Baina Frantzian babestuta egozan buruzagi errepublikar batzuek Ameriketara joateko itsasontzia hartu ahal izan ebenean, Telesforo Monzon be buruzagi horreen artean egoan. Azkenean, hamaika hilabeteren ostean, barkua Mexikora heldu zan, eta hantxe idatzi eban gerraostean argitaratu zan lehenengo euskal liburua: ‘Urrundik’ poema-liburua, herriminaren gaia hartuta.

II. Mundu Gerrea amaitu zanean, Mexiko itxi eta Parisera joan zan lehenengo, handik atzera Euskal Herrira joateko, Donibane Lohizunera. Bere euskerea be, apurka-apurka, garatuz joan zan, sorterritik kanpora hainbeste urte emon ostean. Koldo Izagirrek ‘Bidegileak’ bilduman azaltzen dauenez, ‘XX. mende erdialdeko prosagile hegoaldetarren hizkera lehor, bizirik gabe eta aranakeriatik osoro urrunezinaren ondoan, Monzonena harrigarri egungoa eta modernoa egiten zaigu. Bergararra izaki, ez zen erabat gipuzkoar, ez guztiz bizkaitar, bazuen bietatik. Donibandarra izaki, lapurtarra zen mintzoz; liburuzalea izaki, klasikoa zen irakurtzez. Hangoa bezala hemengoa izate honek halako euskara berezi, aberats eta pre-batua lez post-batua ere bataia genezakeen eredua sortarazi zion euskalkien ñabardurak maisuki profitatuz. Hogeita hamar urte geroaro, batua finkaturik zegoela, hartara egokitzeak ez zion batere gatzik kendu bere-berea zuen hizkera literario benetan zoragarriari’. Hain zuzen be, Baionan argitaratu eban bere bigarren poema-liburua: ‘Gudarien egiñak’.

1952an, Jaurlaritzearen politikea Espainiako Errepublikarenari lar lotuta egoala eta, dimitidu egin eban, EAJ itxi ez baeban be. Alderdiagazko urrunketea 1960tik aurrera etorriko zan, Jose Antonio Agirreren heriotzeagaz batera. 1966an Anai Artea alkartea sortu eban, Francoren diktaduratik igesi joiazan gazteei laguntzeko. Hurrengo urteetan, Monzonen jarduera politikoa bizi-bizia izan zan: errefuxiatuen alde lanean buru-belarri, ETAren ingurura hurreratu zan (‘ETAko gudariekin bat ez banintz, ez nintzateke jelkide izango’), eta Francoren heriotzea hur egoala, Euskal Frontea eratzeko ahalegina be egin eban, Madrilen aurrean abertzaleak batuta agertzeko, baina asmoak kale egin eban. Tartean, ezin dogu-ta albo baten itxi Monzonen jardun literarioa, antzezlanak idazten ibili zan 1958tik 1966ra, eta sasoi horretakoak dira ‘Odol bidea’, ‘Lau kantari eta xori bat’, ‘Gure behia hila da’, ‘Menditarrak’, ‘Hazparneko anderea’, ‘Harpeko bozkarioa’, ‘Zurgin zaharra’, ‘Ur garbi’, ‘Behorraren ostikoa’, ‘Eneko Bizkai’ eta ‘Maria Lorka’ lanak. Koldo Izagirreren berbetan, ‘goi-asmorik gabeko antzerkia, ikusle onbera eta aseerraz bati zuzendua, Iparraldeko gizarte tradizionalenean kokaturiko istorioak erakusten zituena’ da Monzonen antzerkigintzea.