Algak, elikagai barria
Ezagunenak
Algen laborantzea eta industria garatuena japoniarra da. Munduan alga gehien jaten dan herria da eta kanpora gehien saltzen dauena be bai. Horregatik, ezagutzen doguzanak japoniar izena daukie. Alga danak siku erosten dira. Ondo garbitu behar dira ur hotzagaz eta, egosi baino lehenago, komeni da 30-40 minututan beratzen eukitea. Normalean saldea aprobetxau egiten da saltsak edo zopak egiteko.
-Nori: alga gorriak dira baina sikatzean, ilundu egiten dira. Orriak siku saltzen dira. Sushi preparetako erabilten dira. Askotan txigortuta be jaten dira. Normalean zartaginean edo plantxan. Askotan almerizean txikitzen dira eta janaria apaintzeko edo horniduteko erabilten da.
-Kombu: honegaz dashi deituriko saldea preparetan da. Eragin inportantena hesteak garbitzeko propiedadea da. Azido algenikoa dauka eta idorrerirako oso komenigarria da.
-Hijiki: herrikoiena da. Adarrak saltzen dira. Oso estuak dira, fideo baltzen antzekoak. Oso gusto gogorra daukie eta normalean barazkiakaz nahasten dira.
-Arame: aurrekoaren antzekoa da, baina gozoagoa.
-Varech: alginatoan oso aberatsa da. Osogai hau loditzaile legez erabilten da elikagaien industrian. Espirulina Varech-en muetea da, ezagunena akaso. Honen defendatzailek denetarako onuragarria dala dinoe eta egunero hartzea gomendatzen dabe.
-Kanten: azkenburukoak egiten dira alga honegaz, alginato nahikoa euki arren. Zopak edo kremak loditzeko be erabilten da.
-Wakame: erabilera arruntena saldetan eta zopetan da baina entsaladetan gordinik be jan daitekez.
Amaia Laforga,
Dietetikan eta Gizaki Elikaduran diplomaduna
Gero eta barri gehiago irakur daitekez algen inguruan. Batzuetan, algen ezaugarri terapeutikoak izaten dira albiste; beste batzuetan, kosmetiko edo botika barrietan algek erregaia sortzeko balio leikiela eta, zelan ez, elikagai legez daukiezan onurak irakurri geinkez edonon. Ganera, dendatan be gero eta sarriago ikusten doguz.
Algen ezaugarrien ganean gero eta gauza gehiago ezagutzen dan arren, zientzialariek dakiena oraindino oso gitxi da. Kopuruetan be ez dira ados jarten. Aditu batzuen eretxiz, orain arte 45.000 espezie deskribidu dira; beste batzuk dinoe 100.000 inguru dirala; eta azken datuen arabera, deskribidutakoen eta deskribidu ez diranen artean, 130.000 inguru alga-espezie dagoz. Jan daitekezanak 50 baino ez dira, gitxi gorabehera. Horretan be ados egon ez arren, aditu danak bat datoz puntu batean: algen ganean ezagutzen dana, oraindino, oso gitxi da.
Gaur egun, hainbeste gehigarri, produktu artifizial, konserbante eta enparaugaz ez dogu elikagaien segurtasunean konfidantza handirik. Ondorioz, elikadura ‘naturala’ hartzen da aintzat. Europan eta mendebaleko herrietan Asiara jo dogu elikagai barri, natural eta ustez osasungarriak topetako. Tartean, algak. Gero eta gehiago erabilten dira elikaduran eta Asiatik (Korean, Japonian eta Txinan erabilten dira elikagai legez) mundura zabaldu da ohiturea. Holan ba, algen laborantzea eta industria garatu egin da eta merkataritza sarea indartu.
Dana dala, algek, eliketeaz gan, beste efektu positibo asko be badaukiez: antibiotiko eta antibirala, berbarako. Hori dala eta, Europan aspalditik erabilten dira medikuntzan. Euskadin oraindino algak batzen dira kostaldean ekatxen ostean.
Balio nutrizionala
Algak karbohidratoetan, proteinetan eta bitaminetan oso aberatsak dira. Baina algen garrantzia gatz mineraletan dago, euren bolumenaren % 30 izan baitaiteke. Esnekiakaz konparetan badoguz, % 10 kaltzio eta burdin gehiago daukie. Iodoan, kobaltoan, magnesioan, fosforoan eta potasioan oso iturri onak dira baita.
Algen koipea monoinsaturatua eta poliinsaturatua da, beraz, kolesterola bajatuteko efektu onuragarria daukie. Linolenikoa daukie eta antioxidante lana egiten dabe, hau da, azalaren zahartzearen kontra jarduten dabe. Bitaminen aldetik, E-bitaminan eta A-bitaminan aberatsak dira.
Azaldutakoak kontuan hartuta, ulertuko dogu zergaitik esaten dan itsasoko barazkiak dirala.
Dana dala, Azido urikoa igotzeko gaitasuna be badaukie.