Zezeilaren 25ean egin eben Lesakan GR-8ko lehen saioa
Zortzi herrietako bertso-eskolak
Berrikuntza ugari dakarz abiatu barri dan GR-8 bertso bideak: ibilbidea luzatu eta zortzi herrietako bertsolari eta bertsozaleak bilduko ditu aurten eta egutegia zemendira arte luzatuko da. Plaza gitxi egiten dabezan bertsolariei aukerea emotea eta herrietako bertso eskoletara jente barria hurreratzea ditu helburu egitasmoak.
Orainurte jarri eben martxan proiektua Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso eskolek. Igaz Orereta gehitu jakon hasierako laukoteari, eta aurten Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8 izateraino zabaldu dabe proiektua. Bizkaian eta Nafarroan izango dau, beraz, ibilaldirik, orain artean gipuzkoarrena bakarrik izan dan egitasmoak.
Kilometroa, ostera, ez da GR-8 proiektuaren handitasuna neurtzeko parametro egokiena. Urte osoko egutegia osotu dabe eta zortzi herrietako bertso eskolek. Martitik urrira bitartean, astegoien danatan izango da txapelketako jaialdiren bat. Hilero herri desbardineko kantu laguna izango dabe bertsolariek, eta bi saiotan hartuko dabe parte: kantu-lagun dauenaren herrian izango dan saioan eta bere herrian antolatuko dabena. Danetara, berrogeita hamasei bertso saio izango dira urte osoan.
Sei bertsolari izango dira jaialdi bakotxean kantuan, herri bakotxetik hiruna. Etxeko taldearen ardurea izango da saioa antolatzea, eta berak aukeratuko ditu emonaldiaren formatua, lekua eta ordua. Tabernan egin ohi dira saio gehien, baina bestelako formatuei be edegia dago GR-8: librean egiten diran saioei, drama itxurakoei...
Txapelketea kanturako atxakia besterik ez bada be, entzuleak aukeratuko dau talde irabazlea. Publikoak gustukoen izan dauen taldeak puntu bat jasoko dau, eta behin ibilbidea amaitu ostean, puntu gehien bildu dabezan bi taldeek abestuko dabe Oiartzungo finalean. Okerrik ez bada, zemendiaren hamazortzian emongo jako amaierea GR-8ari.
Gorago esandako moduan, hilaren 25ean jokatu zan GR-8 bertso bidearen lehen saioa. Lesakaren izenean, Julen Zelaieta, Estitxu Fernandez eta Etxabe aritu ziran, Orioko bandoan, barriz, IƱaki Gurrutxaga, Ibai Esoain eta Xabier Sukia. Mozorro jaia izan zan, Lesakako Indioen eta Orioko bakeroen arteko istorioa preparau ebalako Alaitz Rekondo gai-jartzaileak. Hogeita hamar lagun inguru bildu ziran Atxaspi tabernara, eta zaleek oriotarren saioa izan eben gustukoen, eta eurentzat izan zan lehen puntua. Ia bi orduz aritu ziran bertsolariak kantuan.
Datorren astegoienean, Lasarte eta Oiartzunek abestuko dabe alkarregaz, Lasarten.