Bidaide  IV. urtea // 152. zenbakia

Alex Domínguez: ameseta txarra Errusian


Voronezheko jazoerea zerk eragin eban?

Lehenengo egunetan ez genduan izan arazorik; argazkiak egiten emoten neban denporea eta lo, barriz, eregiten gengozan umezurtz-etxean egiten neban. Egun baten, gure errusiar tutoreek zentral nuklear zahar bat bisitetan joateko aukerea proposatu euskuen, herritarrek egunpasarako erabilten daben ingurualdea dala esanaz. Itxuraz, leku egokia zan eguzki-sarrera eta paisajeen argazkiak atarateko. Hortxe hasi zan ameseta txarra.

Zer pasau zan?

Egoerea arraroa otu jatan heldu eta berehala. Geugaz joiazan neskek arazorik ez egoala esan arren, zaratarik ez egiteko gomendatu euskuen. Danetara, zortzi ginan eta mutil bakarra neu. Momentu batean taldea egoan lekutik metro batzuk harago joan nintzan argazki batzuk ataraten eta tupustean kamuflaje erropakaz jantzitako persona bi hurreratu jatazan.

Soldadu bi?

Baietz pentsetan dot. Militar biak oihuka hasi jatazan errusieraz. Ulertzen neban bakarra ‘photo camera!, photo camera!’ zan eta, momentu horretan, beste soldadu bi txakur bategaz eta gure taldearen arduradun ziran neska biak niregana pausuak emoten ikusi nebazan. Euren arteko alkarrizketea ez eusten itzuli baina arin igarri neban militarren ahotsaren tonuagaitik benetan hasarre egozala eta, beraz, argazki-makinea gorde eta soldaduei eskuetan neukan argazki-film bat emotea di-da erabagi neban. Eskua luzatzen hasi nintzanean, soldaduetako batek pistolea iruditu jatana atara eta arpegira hur-hurretik tiro egin eustan. Ondoren, lurrera jauzi eta ikusmena galdu nebala konturatu nintzanerako, soldaduak ostikadaka hasi jatazan.

Zelakoa izan zan zure taldekideen erreakzinoa?

Ez zan egon erreakzinorik, ez eben ezer egin eta azalpenik edo itzulpenik be ez eustien emon. Zorionez, soldaduek libre itxi ninduen eta begiak sutan neukazanez lentillak atara nebazan begietatik. Momentu horretan ez nekian gaizkileen kontrako spray bategaz eraso eustiela baina sikeran, su-arma batez ez zala izan pentsau neban. Etxola batera eroan ninduen arpegia garbitzeko eta oraindino ikusmena berreskuratu barik, zer pasau zan galdetu neutsen baina ez neban erantzunik jaso.

Edozelan be, bateren batek poliziari deituko eutson, ezta?

Bai, poliziari abisua emon eutsien baina heldu ziranean, gaizkilea banintz lez tratau eustien eta polizia etxera eroan ginduezan danak. Zazpi bat ordu egin genduzan bertan geure bizimoduaren ganeko zentzunik bako azalpenak emoten eta larriena zan oraindino ikusmena berreskuratu barik negoala. Poliziak, barriz, tenplau egozan egoerea normala zalakoan. Bien bitartean, umezurtz-etxeko neska bik oilasko errea ekarri eben jateko gu atxilotuta gengozan bitartean; giro horretan, poliziak barre algaraka ebilzan eta ni zurtz eginda nengoan, egoerea zentzunik bakoa zan eta ameseta txar horretatik izartu, besterik ez neban gura. Txarrena ezelako azalpenik ez eustiela emon izan zan.

Zelan urten zenduan handik?

Azkenean, alde egiten itxi ginduezan. Nik Bartzelonarako lehen hegaldia hartu gura neban baina mundu guztiak esaten eustan gatxa izango zala eta, beraz, anaiagaz berba egin eta berak erosi eustan txartela. Autobuses egin nebazan Voronezh eta Mosku bitarteko 700 kilometroak, ez neukan ezertarako indarrik.

Antolakuntzeak ez eutsun lagundu?

Ez. Umezurtz-etxeko ume bategaz osasun zentru batera joan nintzan begiak behar dan moduan garbitu eta azterketa sakona egitera. Handik bueltan, Catalunyako gobernuari jazotakoaren barri emon neutson eta sinistu ezinik geratu ziran. Konpentsazino ekonomikoa eta errusiar agintarien azalpenak agindu eustiezan. Dana dala, umezurtz-etxeko mutilak azaldu eustan Segurtasun Nazionalerako Agentziak babestutako instalazinoetan sartu ginala eta holako kasuetan soldaduek eskumena daukiela edozer egiteko. ‘Suberte handia euki dozu’ esan eustan. Hurrengo urtean, Voronezheko ikastarorik ez eban eskaini Generalitatek baina gobernu aldaketeagaz barriro eskaintzen dabela ikusi dot. Kontua da ze, konpentsazino ekonomikorik ez deustiela emon.

Errusiako gizartean indarkeria dala nagusi pentsetan dozu?

Nire esperientzia oso txarra izan dan arren, orokortasunak ez dira bidezkoak izaten. Halan da be, gizartean, oro har, indarkeria giroa nagusi dala esango neuke. Autobusaren zain, ilaran zagozala be igarten da hori, izan be, alkarri oihuka eta ukondokadaka ibilten dira aurrera egin guran. Horrezaz ganera, Errusian ustelkeria da nagusi. Tren geltokian argazkiak ataraten nengoala, poliziek kutxa edo maleta susmagarriak eroiezanen eskupekoak jasoten ikusi nebazan; pagetan ebenei ez eutsien maletarik arakatzen baina beste guztiei bai. Herrialdearen irudi iluna neukan bidaia egin aurretik eta, zoritxarrez, ez dot aldaketarik ikusi.

Errusian egon zinanetik denporatxua pasau da. Barriro bueltauko zinateke?

Denporea pasau arren, han bizitakoak ez daukadaz ahaztuteko eta momentu honetan ez daukat indarrik ezta gogorik be Errusiara bueltetako. Ganera, munduan milaka leku dagoz bisitetako eta askoz leku interesgarriagoak dagozala uste dot.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Alex Domínguez

Mendebaldeko herritar gehienen eretxiz, herrialde zoragarria baina arriskutsua be bada Errusia (2005eko urrian BBCk egindako inkesta baten arabera). Europako osogaiak dituan arren, arau eta ezaugarri bereziko kulturea da; oro har, Errusia aitatu eta bururatzen jakuzan lehenengo gauzak, hotza, ustelkeria eta lege eta arau bako herrialdea dira.

Alex Domínguezek (Bartzelona, 1980) kontau deuskunez, topiko horreek egia bihurtu ziran 2003an Errusiara egindako bidaian. Kazetari lez hurreratu zan Voronezh izeneko uri txikira hango errealidadearen barri jasoteko asmoagaz. Catalunyako Generalitatek babestutako lan eremuan horrenbesteko arazorik sortu zanik ez eban sekula pentsauko baina Voronezheko esperientzia ameseta txarra izan zan, inoiz bizi izan dodan esperientziarik txarrena.