Euskerea berbagai  IV. urtea // 151. zenbakia

Juan Mari Lekuonak eta Patxi Altunak Euskaltzaindian itxitako hutsuneak beteteko hautagaiak


Mikel Zalbide

Donostian jaioa, 1951n. Nafarroako Unibersidadean egin ebazan ingeniaritzako goi-ikasketak. Gazte-gaztetatik euskereak bete barik eukazan alorrak horniduteko lanean jardun eban. 1972an, artean ikasle zalarik, Elhuyar Kultur Elkartearen sortzaileetakoa izan zan: zientzia-tekniken alorreko lehen euskal aldizkaria sortzeaz ganera, irakaskuntzarako hainbat material preparetan eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen hartu eban parte.

1978an, Unibersidade Zerbitzuetarako Euskal Institutua (UZEI) sortu zanetik, zientzia-tekniken alorreko arduradun teknikoa izan zan. Bertan jardun eban lanean, besteak beste, Fisika, Kimika eta Matematika hiztegiak preparetan, eta lexiko-sorkuntza erabideen aztertzaile eta ikastaro-emoile. Era berean, maileguzko berben idazkeraz eta ebakeraz UZEIn eginiko sistematizazino-lanaren egile dougu.

Euskal Unibersidadea eratzeko ekimenaren partaideetako bat be izan zan, 1979tik aurrera. Autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero Euskal Herriko) Unibersidadeak sorturiko Batzorde mistoaren kidea izan zan. Euskal Unibersidaderako Planifikazino-batzordea zan batzorde misto horren izena, eta horren barruan unibersidade alorreko hizkuntza-normalkuntzea bideratzeko azpibatzordea sortu zan: euskal kultureagazko unibersidade-beharrizanen lan-taldea. Lan-talde horren arduraduna izan zan.

1981tik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailean ari da lanean, hasieratik Euskara Zerbitzuaren buru. Erantzukizun horretan, Administrazinoak euskerearen ikaskuntza eta ezagutza ereduak finkatzeko egitasmorik nagusienetan esku hartu dau. Aitatzekoa da eragin zuzena izan dauela EGA tituluaren, HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunen eta IRALE programearen sorreran.

Pedagogia eta hezkuntzearen esparruan, barriz, hainbat egitasmo martxan jarteko lan-taldeetan izan da: EIMA programea (Euskal Ikasmaterialgintzea), Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako ikasliburuak, ikus-entzunezko eskola-materialak eta softwarea sortu eta hizkuntzearen kalidadea zaintzeko; NOLEGA programea eta ULIBARRI proiektua, eskola-giroan euskerearen erabilerea indartzeko; Hezkuntza Administrazinoa Euskalduntzeko Plana. Halaber, A, B eta D ereduen hizkuntzazko gaitasun-ondorioak ataratea eta hobekuntza-neurriak proposatzea izan da bere eginkizunetako bat.

Esperientzia hori guztia bilduta, soziolinguistikearen alorrean be ibili da eta euskereak munduko beste eremu urriko hizkuntzakaz batera dituaen arazoen teoria eta praktikea aztertu ditu.

1983an, euskaltzain urgazle izetau eban Euskaltzaindiak. Erakundearen barruan lan oparoa egin dau, lexikologia eta hiztegigintzearen aldetik batik bat: Hiztegigintza batzordearen kide izana da hainbat urtez, baita Jagon Saileko kide be. Batean zein bestean, bertako idazkari izana da zenbait urtez.

Bestalde, Euskaltzaindian bertan, LEF (Lexiko Irizpideen Finkapena) batzorde-atalaren gestino-arduradun izana da. Langintza horren ildotik garatu ziran maileguzkoberben idazkerea, Orotariko Euskal Hiztegia proiektua eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) egitasmoa.

Argitaratutako lanak:

Liburuak, egile moduan:
- (1978) Matematika: hiztegia, hizkera, irakurbideak. Donostia: UZEI
- (1981) Maileguzko hitzak: idazkera eta ebakera. Donostia: UZEI.
- (1987) Hitz-elkarketa 1. LEF batzordearen lanak. Bilbo: Euskaltzaindia.
- (1990) Euskal Irakaskuntza: 10 urte. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzearen Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- (1990) 10 años de enseñanza bilingüe. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzearen Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- (1992) Hitz elkartuen osaera eta idazkera: LEF batzordearen emaitzak, Euskaltzaindiaren gomendio-arauak. Bilbo: Euskaltzaindia.

Elkar-lanean:

- (1987-1998) EIMA programa: euskal ikasmaterialgintza. Euskarazko ikasmaterial idatzien, ikus-entzunezkoen eta hezkuntza-sofwarezkoen hamahiru bilduma-liburu. Kasuan kasuko argitalpenaren arduradun, egile edo zuzentzaile. Guztiak Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- (1993) Hezkuntza-administrazioko hiztegia / [Ibon Olaziregi, Joxe Mari Berasategi eta Mikel Zalbide]. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzearen Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Artikuluak eta txostenak

1977tik, besteak beste, Elhuyar, Euskera, European Bureau for Lesser Used Languages, RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos), International Journal of the Sociology of Language agerkarietan. Hiztegigintzea, hizkuntza-normalkuntzea, euskerearen egoerea, zientzia hizkuntzea eta irakaskuntzea izan dira gai nagusiak.

Zezeilaren 24an, Euskaltzaindiak Bilbon egindako osoko bilkurea izan da Juan Mari Lekuona euskaltzain zanaren hutsunea beteteko hautagaiak aurkezteko azken aukerea. Hautagai bakarra aurkeztu dabe euskaltzainek, Bernardo Atxaga hain zuzen, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Ana Toledo euskaltzainek aurkeztua.

Datorren hilean egingo dan osoko bilkuran, hau da, martian egingo dan bilkuran, botazinoa egin eta euskaltzain barria aukeratuko da, baldin eta gehiengo osoa lortzen badau.

Bestalde, zezeilaren 24ko osoko bilkuran, Patxi Altuna euskaltzainaren heriotzearen ondorioz hutsik dagoan aulkia beteteko hautagai bat aurkeztu eben euskaltzainek, Mikel Zalbide Elustondo, hain zuzen. Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztua.

Euskaltzaindiko arauek agintzen dabenez, euskaltzain batek itxitako hutsartea beteteko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkeztu daitekez. Beraz, zezeileko bilkuran ez eze, martikoan be aurkeztu daitekez hautagai gehiago, Patxi Altunaren aulkirako.

Apirilean izango dan osoko bilkuran egingo da botazinoa.