Barriketan  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Begoña Bilbao: 'bizkaiera estandar pobrerik ez dogu behar'

'Euskalkiak inoren bereizgarri izan beharrean, danon aberasgarri eta danon osogarri izatea da erronkea', Koldo Zuazok 'Euskararen sendabelarrak' liburuan esandakoa da. Luzaroan euskalkien artean lubaki edo mugak ipinten ibili gara norberarena jagon beharra egoala eta; kontua da ze bakotxak bere berbeteari eutsi deutsola besteena baztertuz. Hori ez da bidea. Etxeko berbeteari ezin jako uko egin; baina inorena zapuztea ez da zuzena.

Bermeora salto eginaz, bermeotarren euskerea txarra, erderakadaz betea eta aditzik bakoa dala entzun dogu sarri; baina konplexuak eta bildurrak, zorionez, badoaz desagertzen. Bermeoko euskerea oso bizia eta aberatsa da. Arrantzale giroak Bermeoko eguneroko berbakeran dauen eragina handia da gaur egun be, eta horrek aparteko nortasuna emoten deutso. Bermeo beti izan da euskalduna, baina azken 35 urteotan gauzak goitik behera aldatu dira. 1966an euskerea erabilten ebenak % 80 ziran eta Bermeoko Udalak 94-95era bitartean egindako inkestearen arabera, ostera, % 28 inguru. Inkesta horretako datuakaz jarraituz, gaztelerea huts-hutsean darabilenak % 50 dira. Arduratzeko moduko datuak, duda barik; datu horreen larritasunaz jaubetuta eta Bermeoko berbetearen ezaugarri asko galtzen joiazala ikusita etorri dira Begoña Bilbaoren honako liburuak, BFAren eta Bermeoko Udalari esker:

BERMEOKO EUSKERA KRESALTXUAK (Aditza eta fonetika) eta BERMEOKO BERBA ETA ESAMOLDE KRESALTXUAK

1. Zorionak Begoña egindako beharragaitik. Hain larriak dira Bermeon euskerearen erabileraren ganeko datuak?

Bai, arduratzeko modukoak dira, nahiz eta azken boladan erabilereak zeozertxu gora egin dauen; erabilerearen susperraldi hori gazteei esker igarten dala pentsetan dot, besteak beste, ikastolatik alfabetauta eta ohituta datozelako; dana dala, 20-35 urte bitarteko gazteen artean erderaz egitea da ugariena. Gazteek zein edadekoek parra-parra, lotsa barik egiten dabe erderaz herrian. Benetan sakona eta galdeketa askotan oinarritutako 94-95eko inkesta horretako datuek erakutsi eben zaharrek be (60tik 80 urtera bitartean) erderara joten dabela, errazago urteten deutselakoan; konplexuak eta enparauak ez dira desagertu. Zoritxarrez, Bermeoko euskerearen berba eta esamolde asko galdu dira eta galtzen doaz, besteak beste, ikastolako umeek euskera 'landuagora' joten dabelako eta edadekoen artean be gero eta gitxiago egiten dabelako euskeraz. Jokera orokorra dala esango neuke. Euskeraz dakienen kopurua handia izan arren, erabilerea da suspertu beharrekoa, eta konponbidea ez da erraza.

2. Urteetako beharraren frutua etorri da orain. Oso oker ez bagagoz Francoren sasoian hasi zinan Bermeoko berbak batzen...

Bai. Mañun abade bat egon zan Bermeoko euskerea berbiztuteko makinatxu bat behar egin ebana. 65ean etorri zan Bermeora eta orduantxe hasi zan beste batzuekaz batera, alfabetetearen eta euskerea ikastearen beharrizana plazaratzen. Orduan hasi ginan gu geure berbak batzen, baina momentu gogorrak ziran hareek. Sekretaren bildurrez, papel guztiak erre genduzan eta hor galdu zan altxorra. Beranduago, 82an edo neu hasi nintzan unibersidadera joan nintzanean beharrak egiten Arejitarentzat, Irigoienentzat...; karrerea amaitu eta Doktoretzarako Bermeoko euskerea aukeratu neban. Geroago, BFAren eta Bermeoko Udalaren bekei esker, liburu biak kalean dagoz.

3. Ehundik gora informanteren eta herritar askoren ekarpenak jaso dozuz. Kontaiguzu prozesua zelakoa izan dan

Liburuan eskerrak emon gura izan deutsedaz guztiei, eta liburuetan bermeotar askoren ahotsa dagoala esaten dot. Prozesu luzea eta sakona izan da, eta unibersidadean esan arren 4-5 informantegaz nahikoa zala, nik ikusten izan dot ahalik eta informante gehien behar dala ganorazko azterketea egiteko. Milatik gora informanteren informazinoa hartu neban. Sarritan egin dot, grabagailua boltsan sartu eta aurrera, arraindegira, tabernara, plazara zein herriko beste leku batzuetara. Nik pazientzia handiagaz jokatu dot beti eta kontua da ze segurutik herritarrak gogaituta egongo dirala nigaz, nire etxekoak batez be. Jenteak be pazientzia handia izan dau eta galdeketak asko izan dira, momentu eta egun desbardinetan. Herritarren laguntzinoa sekulakoa izan da.

4. Berba eta esamoldeak testuinguruan sartuta dakarzuz, esangurea errazago hartzeko

Bai. Berbak huts-hutsean emotea ez da nahikoa. Berbeari zentzuna hartzeko derrigorra otu jat testuinguruan sartzea, eta holan egin dot. Material asko euki dot eta, kasu batzuetan, berba bat egoera askotan erabilia, esangura desbardinakaz, jakina; hiztegietan be beste esangura batzuk agiri dirala konturatu naz eta orduan azalpen txikiak emoten dodaz. Liburuan agiri diran adibide, berba eta esamolde guztiak kalean entzundakoak dira. Itsoso giroko berbak lehendik be beste liburu batzuetan jasota egozala ikusita, horreek berbok konparazinoetarako edo deskribapenak egiteko bakarrik erabiltea pentsau neban; baina itsosoko eta arrantza giroaren usaina edonondik hartzen jako Bermeoko euskereari.

5. Berba erdiak erabiltea eta kontrakzinoetarako jokerea dira kostako berbetearen ezaugarriak. Liburuan aldaketa guztien barri emoten dozu?

Bai. Aldaketa fonetikoen barri liburu berdean emoten dot, hau da, aditzaren eta fonetikearen ganeko liburuan. Berba eta esamoldeen ganekoan, barriz, ganetik baino ez dira azaltzen aldaketa fonetikoak. Kontrakzinoen harian, aditzaren kasuan, berbarako, argia da Bermeoko euskerea, eta minutuko berrehun berba edo esaten doguz, kirol esatariek baino gehiago, alde batetik gure euskerea oso bizia dalako eta, bestetik, oso arin berba egiten dogulako eta kontrakzino asko egiten dogulako.

6. Jasotako berba eta esamoldeak Bermeon erabilteko dira egokiak ala danok be erabilteko modukoak dirala pentsetan dozu?

Danontzako dira erabilgarriak. Kasu bat kontauko deutsut: nire alaba batek bikoizketa munduan egiten dau behar eta askotan euskera biziaren bila berba batzuk proposatzen ditu eta tarteka telebistan be entzuten dira Bermeoko berba horreek; lehen ez zan holakorik pasetan. Hiztegietan be gaur egun erraz topau daitekez Bermeoko zein beste herri batzuetako berbak. Euskaltegietan be badoaz berbok sartzen. Horixe behar dogu euskerearen onerako.


7. Hasierako asmoa morfosintaxia be ikertzea izan bazan, azkenean beste okasino baterako itxi dozu ala besteren batek egiteko?

Ez dot uste animauko nazanik baina batek daki, beharbada bai. Kontuak kontu, bateren batek ardurea hartu ezkero, aholkularitzea eta laguntzinoa emoteko prest nago. Miren Agur Meabek esan eustan ia morfosintaxia zergaitik ez neban egiten eta nik gurago neban lantalde bat osotu edo besteren batek egitea. Sintaxiaren arloan oso ondo erabilten izan dogu lehen, gaur egun trakeskeriak entzuten badira be eta ez dot morfosintaxiaren arloa jorratzeko horrenbeste beharrizanik ikusi.

8. Bermeoko berbetearen berezitasunak asko dira: bokalak zarratzea, metatesiak, desinentziak aldatzea edo galtzea, aditzetan egiten diran laburpenak, lehenaldirik ez erabiltea, izan aditzaren erabilera berezia...; baserri giroko bermeotarrentzako be zoramena!

Bai, holan da. Auzo batetik bestera edo herrigunetik bazterreko auzora dagoan tartea 5 bat kilometrokoa izan arren, auzoetan ez da ezagutzen herrian erabilten diran berba asko eta alderantziz, segurutik, giro desbardinak bizi dituelako: alde batetik, itsosoa eta arrantza eta, bestetik, baserria eta mendia. Berbarako, edadekoen artean gehienbat, Tribis auzoan aditza oso-osoan erabilten da eta Mañun be bai kasu askotan; herri barruan, barriz, berbak eta aditzak jateko jokera argia dago.

9. Bermeoko auzoetako berbetea eta herri barrukoa ez dirala gauza bera entzun dogu sarri. Berbarako, Mañun gipuzkeraz egiten dala esaten da.

Auzorik auzo, etxerik etxe, tabernarik taberna ibili naz herritarren berbetea aztertzen eta ez dot nik gipuzkerearen arrastorik topau. Hori bai, Bermeo herri arrantzalea izanda eta gipuzkoarrakaz beti hartu-emonetan egon garala kontuan hartuta, normala da zeozeren usaina hartzea; guk ez dogu esaten egin eban, egin zauen baino.

10. Bizkaierearen edo mendebaldeko euskerearen batasun eta normalizazino prozesuan ze pausu emon behar litzateke?

Jente asko dabil beharrean bizkaierearen alde eta nik Mendebalde Alkartea aitatuko neuke; 69-70. urtean, Euskaltzaindiatik Bermeora etorri ziran lehenengoak Juan Luis Goikoetxea eta Zearreta izan ziran klaseak emoten eta geroago titulua jaso genduan neuk eta beste batzuk monitore izateko. Urte asko pasau dira, baina gauza asko dagoz egiteko. Nik pentsetan dot bizkaierea ahuldu egin dala, batez be lexikoaren aldetik. Normalean, euskera 'landuaren' alde egiten dogu eta benetako euskera bizia, bizkaierearen berezitasunak baztertu egiten doguz. Horreek berbok eta esamoldeok aberastu egiten dabe hizkuntza estandar hori. Hizkuntza estandarra derrigor behar dogu, baina ez hizkuntza estandar pobre eta artifizialik; hizkuntzea bizia izan behar da eta, horretarako, herrietako euskerea kontuan hartzea derrigorra da.

Beste alde batetik, gurasoen aldetik aparteko ahaleginik ez badago behintzat, ikastolako umeen artean be bizkaierea galtzea da jokerea, eta hori konpontzeko zeozer egin behar da; nik ez dakit ikasgai legez bizkaierea ipintea izango dan konponbidea, baina gitxienez, umeei bizkaierea be hor dagoala esatea, bizkaierea ezagutuarazotea derrigorrezkoa dala pentsetan dot.

11. Liburuotako sarreretan bizkaierea eta batua erabili dozuz. Zergaitik?

Hasierako asmoa Bermeoko euskeraz idaztea zan, baina lehen esan doguzan ezaugarriakaitik (berbak jatea, aditzetan lehenaldirik ez erabiltea...), bermeotarrek idatzita ikusiko balebe euren berbetea ez leukie gauza handirik aituko. Azalpen batzuk batueraz ipintearen arrazoia argia da: ahalik eta irakurle gehien engantxau edo erakarri gura izan dot; liburuotako berba eta esamoldeak danok bermeotarrok zein bizkaieradun guztiok erabilteko diralako.

12. Emakumearen eguna, martiaren 8a ospatzeko asmoa dozu?

Bai. Aurten Bilboko Arenalean emongo dodan berbaldi bategaz ospatuko dot. 'Hego eta Ertamerikako emakume idazleak' gaiaren ganean zeozertxu esango dogu 8an, zapatuan goizeko 11:00etatik aurrera.

Egunaren harian, ni ez naz feministea, emakumearen aldekoa baino. Nik emakumeen eskubideen alde egiten dot, baina gizonarenak zapaldu barik; bardintasuna da proposatzen dodana.

Koldo Isusi Zuazo