Sarien sarea
Hurrengo sariketak
Nafarroa Oinez Saria (Nafarroako Bertso Ligako lehen lau bertsolariek parte hartuko dabe), Urretxu-Zumarragako Herriko Bertsolari Txapelketea, XVI. BBK sariketa (Bizkaiko gazteen artean taldeka egiten dana), Osinalde saria (eta barruan hartzen dauzen Axari, Aztiri eta Argi berri sariak) eta martxan jartzear dagozan Arabako eta Nafarroako Txapelketak. Bakotxak bere berezitasunak izanda be, danek daukie helburu bardina: bertsolaritzea sustatzea eremu jakin batean.
Xabier Paia
Bertsolaritzea lehia izan da beti. Bertsolari beterano askok esaten dabe bertsolaritzea binaka jarduteko dala. Banaka kantau ezkero, bakarkako lanetan egiten dan lez, bertsolariak ez dauka zeini erantzun. Eta bi baino gehiago diranean kantuan dabizen bertsolariak, orduan ez da jakiten zeini erantzun.
Horregaitik, bertsolari bat ona dan ikusteko, batez be ofiziotan zelan ibilten dan neurtzen da. Bakarka ona izanda be, binakakoan ondokoari atzetik jarraitu ala bidea zabaltzeko. Eta abilidade horreek eta gehiago neurtzeko, bertsolari gazteek sariketetan parte hartu behar dabe. Maila bateko bertsolarien elitea halanik neurtzen da. Ganera, urtero lez, aurten be sariketen aroa ailegau da Euskal Herrira. Hain zuzen be, Euskal Herrian izan diran edo izateko diranei erreparauko deutsegu.
Erniarraitz saria: Iñaki Apalategi txapeldun
Joan dan barikuan III. Erniarraitz saria jokatu zan Azpeitiko Betarramistetan. Errezilen, Azkoitian eta Zumaian egindako sailkapenerako saioen ondoren, honako sei bertsolariak ailegau ziran finalera: Alaia Martin (Oiartzun), Beñat Gaztelumendi (Añorga), Iñaki Apalategi (Beasain), Alaitz Sarasola (Ordizia), Beñat Lizaso (Azpeitia) eta Unai Muñoa (Lasarte). Lehen saria Iñaki Apalategik eskuratu eban eta bigarrena Beñat Gaztelumendik. Edozelan be, astegoienak bientzako txapelak emon dauz, jarraian ikusiko dogun lez.
Abra saria: Beñat Gaztelumendi ondoen
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, zapatu honetan jokatuko zan bosgarren urtez Abra Saria. Aurrekoetan bezela, Euskal Herri osotik etorritako sei bertsolari gazte lehiatu ziran aurtengo txapela lortzeko, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan: Beñat Vidal (Leioa), Alaia Martin (Oiartzun), Julio Soto (Gorriti), Xumai Murua (Azkaine), Ibai Guridi (Elorrio) eta Beñat Gaztelumendi (Añorga), Josu Esnaola gai-jartzailearen esanetara.
Epaimahaia Asier Ibaibarriagak, Martin Aramendik, Mirari Azulak, Iñaki Aurrekoetxeak eta Eneko Bidegainek osotu eben. Izenburuak dinoan lez, Beñat Gaztelumendik irabazi eban txapela eta Xumai Murua gelditu zan bigarren.
Sariketa honen berezitasunen artean, bertsolariek publikoarengan sentsazino bat sortu beharra topau geinke. Aurten 'frustrazinoa' tokau jaken Xumai eta Beñati: azkaindarrak ez eban jakin zer dan berbea (nahiko frustrantea dana berez) eta Beñatek zapatu frustrante baten kontaketea egin eban.