Ereduen ganeko eztabaidea gori-gori (II)
Egun, eskola eta ikastoletan indarrean dagozan ereduak ez dira sasoi batekoak, nahiz eta izen bera oraindino mantendu. Murgiltze ereduetan, euskereari eskaintzen jakon lekua apur bat murriztu da, gela barruko jardueretan batez be, eta beste horrenbeste esan leiteke gainerako ereduez dihardugunean. Holan, zein da aurrera begira hartu behar dogun estrategia?
Atzerriko hizkuntzen eskuratzeari ezin jakoz ateak itxi, izan be, gure etorkizuna eleaniztuna da. Egin-eginean be, atzerriko hizkuntzen eskuratze hori, besteak beste, euskereari lekua kentzeko erabiliko ete dan edo atzerriko hizkuntzen eskuratzea, euskerazko irakaskuntzea bultzatzeko eta egitasmo buztartu bat egituratzeko erabiliko dan da kontua. Nafarroako administrazinoak, esate baterako, ingelesaren irakaskuntzea euskerari lekua kentzeko baliatzen dau. Halan da ze, eleaniztasunari bai, baina ez edozelan! Gurean badaukaguz bestelako esperientziak pertsona euskaldun eleaniztunak lortzea ahalbidetu dabenak.
Esperientzia horreetan euskerea ardatz bihurtzen da, hizkuntzetan lantzen diran gaitasunak hizkuntza batetik bestera transferiduteko pausoak emoten dira, hizkuntzak eskuratzeko arloan ez eze, edukien lanketan be aurreratzeko aukerak eskainiz, hizkuntzen gainean ikasleek zer dakien baino gehiago hizkuntzakaz zer egiten dakien jartzen da intentzinoa, euskerearen erabilerea handitzeko eremu barriak irabazteko pausoak emoten ari gara apurka-apurka.
Ereduei buruz egun dagoan eztabaidea ustezko porrot batetik abiatzen da (eskoleak ez ei dau euskalduntzen), halan da ze, eskoleak euskalduntzeko euskereari eskaintzen jakon tartea handitu egin behar da. Baina, baieztapenak ikerlariek agerian itxitako beste kontu bati ezin deutso iges egin: eskoleak ezin dau bere kabuz eta bere eragin hutsez hizkuntzea –euskara, gure kasuan– bizibarritu. Ustezko porrot batetik abiatu beharrean, aurreratutakotik, arrakastatik berba egin beharko geunke, nik uste, euskal hezkuntza sistemea erronka barriei erantzun degion prestatuz. Inguruabar horretan, ereduak helburu bilatu beharrean, bitarteko bihurtu beharko lirateke.
Erramun Osa
Aurrekoan bide barri bat edegiteko aukera egoala ginoan. Orokorrean, ereduen ganeko ibilbidea positiboa izan da. Nazinoartetik gitxiagotutako hizkuntzen bizibarritzeaz kezkatzen diran askok hemen egindako ibilbidea aztergai ez eze eredugarritzat be joten dabe. Halanda be, 80ko hamarkadako testuingurua eta gaur egungoa ez dira bera.
Sasoi bateko gurasoek eukiezan kezkak praktikeak berak ezerezean itxi ditu. Irakasleen prestakuntzan eta euskalduntzean garrantzi handiko pausoak emon dira, baina egungo gizartearen eskakizunak harantzago doaz. Europako testuinguruan, eleaniztasunak gero eta garrantzi handiagoa dauka, eta sentimentu hori, Europar herritarrak hurreratzeko baliagarri gertatzeaz batera, enplegurako, promozino pertsonalerako eta abarrerako aukera barrien sortzaile be bada.
90eko hamarkadan ingelesaren eskuratze goiztiarrean lehenengo pausoak emon ziran Euskal Herrian ikastolei esker, eurak izan ziren-eta lehenengoak ibilbide barri horretan. Gerora, umeen kasura zabalduko zan ingelesaren eskuratze goiztiarra, jakintza arlo desbardinak ingelesez lantzen hasiko ziran, besteak beste, irakasleak prestatuz eta materialak argitara emonaz. Aurrekoari gitxi eretxita edo, laugarren hizkuntza bat lantzeko urratsak be egiten ari gara hainbat eskola eta ikastolatan. Errealidade honek beste egoera bat irudikatu dau.