Zinea  IV. urtea // 151. zenbakia

Pride & prejudice


'Pride & prejudice' pelikulan beren beregi azpimarratu beharreko lehenengo gauzea gidoilariaren abilezia eta trebetasuna da. Ez da bape erraza izan behar makina bat personaia daukan eta protagonisten hartu-emon ezin bihurriagoak erakusten dauzen liburu baten moldatze beharra hain modu distiratsuan atontzea eta laburbiltzea.

Narrazinoan hutsuneak sumatzen dira eta erraz be erraz igarri daitekez, formatu zinematografikora egokitzeko, traman emon behar izan diran saltoak. Ganera, behar baino gehiago luzatu dabelakoa daukat. Edozelan be, kontakizunaren haria sendoa eta interesgarria da eta personaien arteko alkarrizketak argiak eta zorrotzak; horri guztiorri, ganera, amodio eta komikotasun ikutu orekatu eta burutsuak gehitu behar jakoz.

Bestalde, aitatzekoa da lehenengo minutuetan kamerea mobiduteko eta personaia guztiak aurkezteko egindako lana, Bennet familia ezagutzen dogunean edo Bingley-tarrek antolaturiko jantzaldia azaltzen danean. Era berean, girotze lana eta soinu banda be on-onak dira eta istorioari egokiro lotzen jakoz.

Azkenik, ezin dogu albo batera itxi film honetako antzezleen lana. Keira Knightley gazte erakargarriak bikain jardun dau, baina Brenda Blethyn dibertigarria edo Donald Sutherland ahaltsua, besteak beste, ez dira atzean geratzen. Ez da harritzekoa sari ugari jaso, kritikeak goraipatu eta Estadu Batuetako merkaduan ia 40 miloe dolarreko dirutzea batu izana.

Joseba Terreros

-Zuzendaria: Joe Wright.
-Herrialdea: Erresuma Batua.
-Iraupena: 127 minutu.
-Antzezleak: Keira Knightley (Elizabeth Bennet), Matthew Macfadyen (Darcy), Brenda Blethyn (Bennet), Donald Sutherland (Bennet), Tom Hollander (Collins), Rosamund Pike (Jane Bennet), Jena Malone (Lydia Bennet), Judi Dench (Lady Catherine de Bourg), Carey Mulligan (Kitty Bennet), Talulah Riley (Mary Bennet).
-Gidoia: Deborah Moggach; Jane Austen-en nobela batean oinarrituta.
-Argazkia: Roman Osin.
-Muntaia: Paul Tothill.