Botilea erdi beteta, oraindino
IƱaki Atxutegi
Azken bolada honetan botilea erdi beteta ikusten ohitu naz euskal bake prozesuari jagokonez. Bizkaie!-n argitaratu dodazan artikuluok irakurri dabezanek egoerea gero eta hobeto ikusten nebala konturatuko ziran. Apurka-apurka solte egozan hariak lotzen doazela emoten dau.
Jakina, ez dago jakiterik zehatz mehatz zer pasetan dan. Inpresino batzuk baino ez daukaguz. Baina, hori bai, lantzean behin entzuten doguzan barriek bide onetik goazela adierazoten dauskue edo hori sinistu gura dogu, behintzat.
Halanda be, oraindino botilea erdi hutsik ikusten dabenak ez dira gitxi. Joan dan astean bertan Boluetan izan dan atentaduaren ondorioz kritika gogorrak izan dira ETA erakundearen kontra. Ez dot esango nik honeek kritikok zentzunik bakoak diranik. Zalantzarik ez. Onartezinak dira enpresarioen kontra egiten diran txantajeak. Baina bestalde, gogoan izan daigun orain gitxira arte honeen moduko hamaikatxu atentadu izan dirala eta ezer gitxi esaten zala euren ganean. Ez zan harritzekoa jarrera hau kontuan hartu ezkero urtean horrenbeste hildako izaten zirala. Eta hildakoak dagozanean, ganerako arazoak zeozelako bigarren planora pasetan ziran.
Daborduko mila egun pasau doguz ETAren atentaduen ondorioz hildakorik izan barik. Alderdi konstituzinonalisten hautagaiek be ez ei daukie atentaduak sufriduteko mehatxurik. Edozelan be, hau ez da nahikoa. Herri honetan pausu gehiago eskatzen doguz. Orain artekoak baliogarriak badira be, benetako bakea lortu arteko bidea egiteko desietan gagoz. Eta, lehen horren garrantzitsua ez zana, orain lehenengo lerrora pasau da. Eta hau be errotik desagertzea gura geunke.
Asko dira ETA 'kajea beteten' dabilela esaten dabenak. Pentsetakoa da su-etena aldarrikatu eta gero ez dabela modurik izango dirurik eskatzeko edo instituzino publikoren bati diru-laguntzinorik eskatzeko. Ganera, bake prozesuak luzeak izaten dira eta holako erakundea langabezian eukiteak gastu handiak ekartzen ditu. Nire eretxiz, holan jarraituko dabe kajea bete arte.
Argi dago honeek ekintzok aro baten amaierea adierazoten dabela eta danok gurako geunkela aro horri ahalik eta azkarren azken puntua emotea. ETAren kajea beteta ala bete barik. Baina urteetan ikusi izan dogu herriaren borondatearen ganean badagozala bestelako interesak. Zoritxarrez.
Oraindino botilea bete arte denporea pasau beharko dala emoten dau. Ahalik eta gitxien izan daitela.