Euskaldunok munduan  IV. urtea // 151. zenbakia

Euskal Komunidadearen pelota txapelketea Venezuelan


Iratxe Ormatza

Euskal Herriko Pelota Konfederazinoa (EHPK) 'Euskal Herri osoko pelota taldeen alkarte barri bat da', oraintsu egin daben aurkezpenaren arabera. Europako legeriaren babespean eratu dabe alkartea; izan be, horrek bidea emoten dau 'Euskal Herriko pelota talde guztiak bertan alkartzea egitura legal eta barri baten moduan'.

Halanda ze, horixe da alkartearen oinarria eta izaerea. Euskal Herri barruko pelotarien eta pelotazaleen hartu-emonak sendotzeaz gan, kanpora begira be badago alkartea. Esangura horretan, euskal komunidadeen txapelketea antolatu dabe. Lehiaketan Euskal Herriko eta euskal etxeetako pelotariei parte hartzeko deia egin deutse. Helburua argi dago: 'Munduan zehar sakabanatuta dagozan euskal etxeetan eta eta Euskal Herrian bizi diran pelotari eta pelotazaleen arteko topagune bat izatea Euskal Pelotearen inguruan'. Horretarako, euskal etxeetara gutun bat bialdu dabe txapelketan parte hartzeko animetan.

Txapelketea datorren Aste Santuan egingo dabe: apirilaren 13tik 23ra. Eta izena emoteko epea zabalik egongo da martiaren 15era arte. Valentziako (Venezuela) Euskal Etxeko pelotalekuan jokatuko dabez norgehiagokak. Muga bakarra jarri dabe: euskal etxeetan jokamolde bakotxeko ekipo bakarra sortu leikie. Jokamolde bakotxean bi talde egongo dira: andrazkoena eta gizonezkoena.

Euskal komunidadeen I. Nazinoarteko Txapelketea dala-eta, antolatzaileek uste dabe pelotarien mailea eta parte-hartzea handitu egingo dala, baita jokoa bera be sustatu munduan zehar dagozan euskal etxeetan. Azkenik, EHPK-koek, txapelketearen bidez, Euskal Herriko selekzinoa mundialetan eta nazinoarteko txapelketetan parte hartu ezin izatea gainditu gura dabe.