Sarean  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Disketteari agur!


Disketeei agur, 'memory bird' izenekoei ondo etorri

Ekipo barrietan aukera nahiko garbia dogu merkatuan: alde batetik, CD-ROM sistema ezaguna eta, bestetik, USB memoriak, sarritan 'memory bird' izeneko tresnak. 'Memory bird' da Dell enpreseak eskaintzen dauen sistemea disketeak ordezkatzeko: oso txikiak dira, boligrafo baten antzekoak eta, pisu gitxikoak, nahikotxu memoriadunak eta horrezaz ganera, prezio merkeko tramankuluak dira.

Honezkero, informatikako edozein dendatan topau geinkez 20-30 euroan (Dell enpresearenak) edo karuagoak (Compaq markakoak); gure ordenagailuan klabija bategaz eranstea da bidea 'plug and play' teknologiaz sorturiko tresnea dalako eta gure ordenagailuak oso erraz 'ezagutuko' dauelako; oso txikiak eta arinak dira (70x29x15 mm. eta 25 gramoko pisua), informazinoa gordeteko 16 Megabyteko kapazidadekoak dira eta edozein sistema operatibotan konektau daitekez. Hori bai, gure ekipoak USB konektetako portuak izan behar ditu; ekipo barriek badakarrez baina ekipo zaharragoetan ez doguz topauko halako konekzinoak.

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Teknologia ez dago geldi eta gauza barriak egunero sortzen dira; ekipoak, tresnak eta enparauak arin 'zahartzen' dira; bizi guztirako ekipoak edo tresnak egin ezkero, non egongo litzateke negozioa? Ziklo hori eteterik ez dago. Edozelan be, badago egon nahiko zaharra dan elementu bat, oraindino askok erabilten doguna eta merkatuan eskuragai dagoana, hau da, informazinoa gordetako erabilten dogun disketea. Aspaldian entzun genduan disketea 'hilda' egoala baina agonia edo hilzoria luzea izan da.

Disketearen sorrera

IBM enpreseak 1971. urtean sortu zituan lehenengo disketeak baina ez eben izan ia-ia eraginik; geroago, 1976an IBMk bost pulgada eta laureneko disketeak kaleratu zituan, 'floppy disk' izenagaz ezagunak. Horreek sekulako erantzuna izan eben eta sasoi haretan PC ekipoak saltzen hasi ziranez, arrakastea nahiko handia izan zan, bai datuak gordetako eta bai informazinoa leku batetik beste batera bialtzeko sano egokiak ziralako. Neurriz diskete nahiko handiak ziran eta edade bat daukagunok oso ondo gogoratzen doguz. 1981ean Sony enpreseak aurrerapausu handia emon eban, hiru pulgada ta erdiko disketeak aurkeztuz; aurreko disketeak arin desargetu ziran. Diskete horreek mega bat ta erdi informazino gordetako kapaz ziran eta hori sasoi hareetan asko zan.

Gaur egun, ostera, ez dira oso erabilgarriak: berbarako edozein fitxategi, eskaneautako edozein irudi, MP3-ko fitxategiak eta bestelakoak diskete batean sartzeko ahalegina egiten badogu, laster konturatuko gara nahiko zahartuta gelditu dirana. Horrenbeste informazino disketean sartu gura izan ezkero, konprimidu egin behar dogu eta halan da guztiz be, sarritan ez jaku dana sartuko.

Gaur egun, ordenagailu erabiltzaileen % 10 baino gitxiagok informazinoa gordetako disketeak erabilten dituala esan daiteke. Disketeen salmentan be azken bost urteotan itzelezko jaitsierea izan da: urtero bost mila miloe diskete saltzetik mila miloe disketera pasau gara.

Disketeen ordezkoak

Disketearen mugak ikusita eta informazinoa leku batetik bestera bialtzeko korreo elektronikoak emoten deuskuzan erraztasunak kontuan hartuta, argi dago disketeari ordu gitxi geratzen jakozana.

CDak leku asko jan deutso disketeari eta gehiago be jango deutso zehatz deasagertarazo arte. Kapazidade aldetik, aldea upealakoa da CD horreen alde eta beste arrazoi garrantzitsu bat kostuarena da: gaur egun disketeak CDak baino karuagoak dira eta ganera CD horreen prezioa egunetik egunera merkeagotzen doa.

Gorago aitatutako arrazoi horreengaitik, disketearen azken egunotan gagoz. Ordenagailu fabrikatzaileak be jaubetu dira eta iraultzea dator. Arlo askotan legez, Apple (www.apple.com/es/) izan zan lehengoa: 1998an disketeak eta disketerak bere ekipoetatik kentzeko erabagia hartu eban eta orain, barriz, Dell enpreseak (www.dell.es) be horixe erabagia hartu dau, bere ekipo barrietatik ('Dimension' izeneko ekipoetatik) disketerak kentzea. Gauzak ondo badoaz eta bezeroen erantzuna ona bada, beste ekipamendu guztietatik be kenduko dabe.