Rumor has it...
"Rumor has it..." ez da film distiratsua eta ez dau barre larregirik eragiten, komedia bat izanagaitik be. Seguru antzean, horixe da pelikula honen arazo nagusia: agiriko komikotasun faltea; ondorioz, istorioa gorabehera erromantikoen bidezidor bihurrietatik abiatzen da; bide estu horretariko batzuk, ganera, behar baino askoz be trinko eta eztitsuagoak dira. Baina, hori guztiori gorabehera, kontakizunak ez dauka ezelako interes dramatikorik, ez eta umoristikorik be.
Hasierako abiapuntua erakargarria da. Sarah Huttinger-ek jakin ahal izan dau bere familia Mike Nichols-en “Graduatua” film ospetsua egiteko oinarria izan zana, hau da, bere amama izan zana 20 urte gazteagoa seduzidu eban emakumezkoa. Film honi egindako aitamenak arin be arin galtzen dira eta, hasikerako ezustekoa gaindituta, argi geratzen da filma ez dana aparteko ezer opesteko kapaza.
Antzezleen eta, batez be, aktoresen zerrendea ikusgarria da eta Shirley MacLaine-ren ataraldi batzuk baino ez dira pelikulearen kaskarkeri maila orokorretik aldentzen. Oinarrian “Rumor has it...” zurrunegia da eta, ikusle-entzuleak zer edo zer gertatuko zain egon arren, azkenean ez da ezer be jazoten. Emoitzea, benetan, makala eta edonor abroziduteko modukoa.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Rob Reiner.
-Herrialdea: AEB.
-Iraupena: 96 minutu.
-Antzezleak: Jennifer Aniston (Sarah Huttinger), Kevin Costner (Beau Burroughs), Shirley MacLaine (Katharine Richelieu), Mark Ruffalo (Jeff Daly), Richard Jenkins (Earl Huttinger), Christopher McDonald (Roger McManus), Steve Sandvoss (Scott), Mena Suvari (Annie Huttinger), Mike Vogel (Blake Burroughs), Jennifer Taylor (Jocelyn).
-Gidoia: T.M. Griffin.
-Argazkia: Peter Deming.
-Muntaia: Robert Leighton.