Bizkaiko baserrien azalpen biografikoa kaleratu dau BFAk
Bizkaie!
'Kortazarra. Semblanzas del caserío vizcaíno' liburua argitaratu dau Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak.
Foru erakunde bizkaitarreko iturrien arabera, liburua Amaia Ocerin idazlearen eta Albero Muro argazkigilearen lana da eta bertan Bizkaiko baserriaren ikuspegi orokor eta benetazkoa eskaintzen saiatzen dira. Testua neurri eta kalidade handiko 130 argazkigaz osaturik dago.
Diputazinoaren eretxiz, mota honetako liburu-bildumen helburua arkitektura berezi honen balio historiko, kultural eta ekonomikoa zabaltzea litzateke, besteak beste, baserriak gure gizarteko egituren erabilerak, tradizinoak eta ohiturak interpretetako dokumentu adierazgarrienak diralako.
Baserri bizkaitarrei buruzko liburu honen alderdirik nabarmenena lehen sektoreko ikuspegitik eginiko ikerketa zorrotza dala esan leiteke giza, kultura, etnografia eta ekonomiaren arlo guztiak aurreikusiz.
Liburuan berbagai dira baserriko lan desbardinak, baserri giro eta uriaren arteko hartu-emonak eta nekazal munduaren garapenean emakumeak dauen garrantzia. Azkenik, lehen mailako sektoreak zelan jakin dauen garai barrietara egokitzen be azaltzen da liburuan.
Edizino hau euskeraz zein gaztelaniaz dator, 1.500 ale atara dabez eta liburu-denda zein Bilboko María Diaz de Haro kaleko 17. zenbakian Bizkaiko Foru Aldundiak dauen Publikazinoen Gunean eskuratu ahal izango da, 20 eurotan.