Kulturea  IV. urtea // 151. zenbakia

Getxoarten izena emoteko epea zabalik dago


Bizkaie!

Getxoko Kultur Etxeak oraintsu zabaldu dau 'Getxoarte 2006' ekimenean parte hartzeko Arte Sortu Barrien Aretoan izena emoteko epea. Kontuak kontu, maiatzaren 19tik 21era Areetan, 54 artisten lanak egongo dira ikusgai.

Arte garaikidean zenbait adituk osotutako epaimahaiak egingo dau berrogeita hamalau artista onenen aukeraketea, eta horreen izenak martiaren 23tik aurrera jakinarazoko dira. Aukeratutako sortzaileek euren lanak erakutsiko dabez maiatzeko hirugarren astegoienean Areetako Geltokiko Plazan ezarriko dan 2.500 metro koadroko karpan.

Gauzak holan dirala, Getxoartek garatze bidean dagozan artistei euren lanak jentaurrean erakusteko aukerea emon gura deutse, eta aldi berean, aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu. Horrezaz ganera, Getxoartek arte plastikoen garapena sustatu gura dau, baita produkzino sortzailea be. Ganera, proiektu askotarikoei bide emongo dieutsen ikuspuntu nahiz kode artistiko barrien bilaketa bultzatzea dau helburua, horreek izango baitira etorkizunaren oinarri.

Getxoarte-n parte hartu gura dabenek 35 urtetik beherakoak edo edade hori 2006. urtean beteak izan behar dabe. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak, bertako administrazino-auzotasunaren jaube edo Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle izan beharko dabe.

Aukeratuek lanak stand batean erakusteko aukerea izango dabe, doban. Ganera, euren eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak be doban izango dabez. Azkenik, Getxoartek katalogo zabala argitaratuko dau parte hartzen daben artista guztien lanen barri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.

Ekitaldi honetan parte hartu gura daben artista gazteek Kultur Etxearen zentro guztietan eta udal web orrialdean (www.getxo.net) daukiez eskuragarri parte hartzeko oinarriak eta baldintzak. Edozelan be, 94 431 92 80 eta 94 491 40 80 telefono zenbakien bidez informazinoa eskatu leikie. Izena emateko epea datorren martiaren 16ra arte egongo da zabalik.