Noizean behineko kontuak
Bizkaie!
Noizean Behin talde bizkaitarrak lehenengo diskoa atara dau: ‘(...inoiz kontatu ez nizkizunak...)’. Metal estiloari gogor eusten deutse barruko sentimentu horeek kanporatzeko, inoiz inori aurrez aurre esan bakoak esateko. Alex (gitarrea eta ahotsa), Ibai (gitarrea eta koruak), Ander (bateria) eta Egoi (baxua) dira taldekideak eta Gatikatik jatorkuz. Orain dala bost urte alkartu ziran lehenengoz eta pasa dan urteko udaberrian Natxo Libertyren estudioan sartzea erabagi eben, ordura arte sortutako eta moldatutako kantak batzeko. Ostean, gatx euki eben disketxea topetako baina Baga-Biga zigiluak gogor ekin eutson erronka barriari, eurak be lehenengoz.
‘Gogor itxurearen atzean, badaukie euren bihotza be’, gogoratu eban Agus Barandiaran disketxeko arduradunak irribarre artean. ‘Euren pentsamoldeak plazaratzen ez dira ausartzen baina mikroen eta gitarren atzean, barriz, bai’. Hamar kantuz osotutako diskoa taldearen historiaren laburpen antzekoa da Ibai gitarrearen esanetan. ‘Pozik gagoz emoitzagaz. Diskoa grabetako erronkeari ondo erantzun deutsagu’.
Aurrerantzean, gogor ekin gura deutse zuzenekoei eta udea heldu baino lehenago hainbat hitzordu daukiez. Daborduko, ganera, hasita dagoz, pasa dan barikuan Gorlizeko Zurrut tabernan izan ziran eta. Martiaren 4an Santurtziko Xtreme aretoan izango dira eta 24an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.