Amets zoroaren lehenengo pausuak
'Eguna', euskeraz idatzitako lehenengo egunkaria
'Eguna' egunkariak ez eban asko iraun. Gerreak jarraitzen eban bidearen eraginez, 1937ko bagilaren 13an ikusi eban bere azken zenbakia, 139.a. Ezusteko galanta izan zan, azken ale honetako azalak amaiera honen barririk ez emoteak erakusten dauen moduan. Gero, tarte luzea: 53 urte pasau ziran barriro amesa gauzatzeko.
'Egunkaria', ames zoroa, errealidade bihurtzen daben guztiei
Asier Madarieta eta Iñaki Goiogana,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko eta Agiritegiko teknikariak.
'...Euzkeltzale ta euzkeldun gustion amets zoro ta ezintzat uste zana...'; berba honeekaz kaleratzen zan 'Eguna', euskera hutsean idatzitako lehenengo izparringija edo egunkariaren lehenengo zenbakia, 1937ko urtarrilaren 1ean. Amesa egia bihurtzeko bidea ez zan erraza izan, ezta, tamalez, luzea. Artikulu honetan 'Eguna'-ren nondik norakoak kontauko doguz.
Aurretik saiakerak izan baziran be, esate baterako, Iparraldean XIX. mende amaieran sortutako 'Euskualduna' aldizkaria, euskeraz idatzitako benetazko lehenengo egunkariak XX. mendeko hirugarren hamarkadan hartu eban bultzada nagusia.
1920ko hamarkadea amaitzear egoala, euskal abertzaletasunak, eta honegaz lotuta euskaltzaletasunak, bere momenturik onenak bizi zituan: literaturea, olerkigintzea, antzezlanak, hezkuntzea...; kazetaritza munduan, 1913tik argitaratzen zan 'Euzkadi' egunkariak, euskal atala izenburupean, euskeraz idatzitako orri osoa eskaintzen eutsen irakurleei. Txoko hau erabili eban Xabier Lizardi olerkigileak 1929an euskera hutsean idatzitako egunkariaren beharrizanaren eztabaidea bizteko. Dana dala, kalkulu ekonomikoak be eginda egon arren, proiektuak ezin izan eban aurrera egin. Baina hazia botata egoan.
Urte batzuk geroago, 1936an, beste idazle handi batek hartu eban euskerazko egunkaria sortzeko asmoaren burrukea: Esteban Urkiaga Lauaxetak. Gerrea hasi zanean, Lauaxeta 'Euzkadi'-k euskeraz argitaratzen eban euskerazko orriaren arduraduna zan. Bere asmoen artean osorik euskeraz argitaratu behar zan egunkari bat sortzea egoan. Gauzea ia-ia pentsauta egoan, baina ezusteko batek dana arindu eban: urtea amaitzear zala, eta papelik ez egoalako 'Euzkadi' egunkaria bere orri kantidadea gitxitu beharrean egon zan. Horretarako, euskeraz idatzita egoan atala kentzea pentsau eben. Baina horren ordez osorik euskeraz idatzita argitaratuko zan egunkaria egitea otu jaken euskaltzaleei. Holan sortu zan 'Eguna', euskera hutsean idatzitako lehenengo egunkaria.
Esteban Urkiagak, gerrea zala eta nahiko lanpetuta egoanez, Manuel Ziarzolo Abeletxeri emon eutson proiektu barriaren enkargua. Hau, Augustin Zubikarai, 21 urteko ondarrutar gazteagaz jarri zan kontaktuan. Zubikarai nahiko ezezaguna bazan be, 'Euzkadi' egunkarian lantxoak eginda zituan eta bera izan zala egunkari barriko bihotza esan geinke, nahiz eta zuzendari karguan Abeletxe agertu.
Zubikaraigaz batera Eusebio Erkiaga lekeitiarra, Jose Mari Arizmendiarreta, Markinako Barinaga auzokoa eta Mutrikuko Alejandro Mendizabal be hasi ziran egunkari barrian lanean. Danak be kazetari gazteak ziran, 21 eta 24 urte bitartekoak eta esperientzia gitxikoak, euretariko askorentzako hauxe zan lehenengo beharra kazetari profesional modura. Eurak baziran be egunkariaren lan nagusia egiten ebenak, Euzkadiko Jaurlaritzako 'Euzkadiko Agintaritzearen Egunerokoan' egozan Txomin Arruti Mendilauta, Jesus Insausti Uzturre, Ander Arzelus Luzear, Iñazio Eizmendi Basarri, Fausto Leunda eta Andoni Arozenak osotutako taldeak be lagundu eutsien eta sarri agertu ziran azken honeek idatzitako artikuluak 'Eguna'-n.
Euskeraz idatzitako egunkariak Bilboko Korreo kaleko 17an eukan egoitzea, eta 'Euzkadi'-k erabilten eban tailerrean ataraten zan, egunkari honen azpiegitura gehiena erabiliz. Zubikarairen esanetan, 10.000 ale kaleratzen ziran egunero, nahiz eta 'Eguna'-ko orrietan 20.000 zirala agertu. Gitxi batzuk kalean saltzen baziran be, gehienak gudarien artean zabaltzeko eginda egozan.
Egunkarian ataratako barriak era guztietakoak ziran: zuzendariaren eretxia (editoriala edo 'egunekua', beti agertzen ez zan atala); Espainiako zein beste atzerriko herrietako barriak ('Berriak'); herri bakotxeko barri labur eta bitxiak ('Euzkadi erijetako izparak'); fronteko eta gudariz osotutako batailoietako gora-beherak ('Guda oñetan'); gerrea zala eta herri bakotxean egiten ziran lanen barri ('Euzko zaingoetan'); eta Bilboko beste egunkari batzuetako barriak labur batuta ('Bilbao´ko izparringijak diñuena').
Gero, baziran bere leku finkoa eben idazleak, nahiz eta egunero ez agertu. Hemen topetan doguz Mendilainek (antza danez, Engrazio Aranzadi, Kizkitza, EAJko kidea egoan ezizen honen atzean), 'Jel Azija' atalean batzen zituan bere artikulu ideologikoak. Basarrik 'Nere bordatxotik' atalean gogoeta sakoneko artikuluak idazten zituan. Uzturre 'Kaleko marmarra' izenburupean momentuan momentuko arazoetaz arduratzen zan. 'Naskaldija', handik eta hemendik hartutako barri labur eta bitxikeriekaz osotua. 'Xelataka'-n barri baten ganean batutako eztabaida edo ideiak sartzen ziran. Azkenik 'Gure idazleak' atalean, idazle baten argazkiagaz batera bere bizitza eta lanaren barri irakurteko aukerea egoan. Gero, baziran kirolari eskainitako atala, zatika argitaratzen ziran nobela eta antzezlanak, argazkiak eta marrazkiak. Honeen artean, Nik margolariarena zan egunkariko mantxetaren diseinua eta batzuetan Txiki marrazkilariaren lanak be agertzen ziran. Karikaturak, barriz, Frankogaz batera burrukan ebilzan nazi, mairu eta italiarren ganekoak agertzen ziran gehienetan.