Barriketan  IV. urtea // 151. zenbakia

Vanessa Sanchez: 'Paris beti izango da nire uria'

Gasteizen jaio zan orain dala 32 urte baina munduko hainbat txokotan egon da. Vanessa Sanchez Euskal Telebistako Teleberriren bigarren edizinoko aurkezle lanetan hasi da oraintsu baina oraindino askok lotzen dabe Parisko kaleakaz, urte askotan izan baita korresponsala bertan. Ia ezustean atrapau dau erronka barriak eta bizimodua antolatzen dabil egunotan, Parisko etxearen ateak zarratzen Bilbokoari edegiteko. Ez ditu, baina, guztiz zarratuko, Frantziako uriburuaren xarmea eta beste hainbat kontu bihotzean daroazala autortzen dau eta.

1.- Bost urtean egon zara Parisen barriemole lanetan. Zelan sortu jatzun hara joateko aukerea?

Bidea ez zan tipikoa izan. Beti egon izan naz edo, hobeto esanda, egon izan nintzan jantzeagaz oso lotuta. Kazetaritzea, jantzea eta antzerkia buztartzen nebazan eta Parisera frantsesa ikasteko helburuagaz joan nintzan. Gero, kazetaritzeagaz zerikusirik ez euken lanak egin izan dodaz, bide batez frantsesa ondo ikasteko. Aldez aurretik, hemen, lan batzuk egin nebazan kazetari legez baina ez asko. Parisen, gero eta jantza gehiago egin neban baina hona etorri nintzan barriro, kazetaritzeari ekiteko, jantzea burutik kendu ezinik. Azkenean, jantzea egitea erabagi neban, kazetaritzea albo batera itxita. Baina istripu bat euki eta itxi egin behar izan neban. Pentsau neban abisu bat zala barriro kazetaritzeari heltzeko eta, ganera, baneukan horretarako gogoa baina ez nekian zelan, oso gatxa dalako barriro lana topetea.

Nahiko desesperauta nengoanean, lagun batek deitu eustan esanaz ETBk korresponsal bat behar ebala Pariserako eta baekiala hori niretzat zala. Nik frantsesa banekian baina ez neban telebista ezagutzen. Azkenean, nire curriculuma bialdu, alkarrizketa batzuk egin eta joateko aukerea emon eustien. Hasierea oso gogorra izan zan baina azkenean... ia sei urte izan dira.

2.- Zelakoa zan zure eguneroko bizimodua Frantziako uriburuan?

Uste dot ez dodala inoiz horrenbeste irrati entzun! Kazetari danok egiten dogun kontua da baina, korresponsalek, gehiago. Korresponsal danok entzuten dogun irratia entzuten neban, informazinoa etenbarik emoten dauena. Gero, horregaz batera, Interneten ibilten nintzan etxean eta egunkariak be irakurten nebazan. Armozua trankil jaten neban, hori bai! Gauza piloa apuntau behar izaten nebazan gaiak topetako eta agendea nire erara egiteko. Azkenean, banekian zeintzuk ziran niri gehien gustetan jatazan gaiak eta gai horreetan gehiago sakontzen neban. Bulegotxu bat neukan produktoran eta parean Kataluniako telebistako korresponsala egoan.

Eguneroko lanari martxea hartu ostean, ez zan gatxa aurrera ekitea. Baina azken orduko barriei ahalik eta arinen erantzun behar jaken eta Parisen handik hona ibiltea oso gatxa da. Hemen, ETBko autoa, kotxea edo furgonetea hartu eta danek ezagutzen zaitue baina han metroan joaten ginan kamareagaz, taxiak topetea oso gatxa dalako.


3.- Orain, etxean barriro. Zeozeren faltea igarriko ete dozu?

Nire gai kuttunen ganean bideorik ez egitea. Gai sozialak, emakumeen ganekoak, diskriminazinoa, integrazinoa... Gustetan jatazan auzo hareetan ibiltea botako dot faltan eta aurrerantzean korresponsal barria bertan ikusten dodanean, samina sentiduko dot. Baina oraingoa erronka ezin hobea da eta gogo handia daukat, ikasteko gogoa batez be. Beste aktualidade bat kontroletan hasi behar dot, lehenago ganetik ikusten neban aktualidadea.

4.- Euskal Telebistako bigarren kateko Teleberri albistegiaren aurkezle zara orain. Zer pasau jatzun burutik proposamena egin eutsuenean?

Nik sekula ez neban pentsau inoiz Teleberria aurkeztuko nebanik. Banekian aurkezle bila ebizala baina ez neban pentsau korresponsalen bat bertora etorriko zanik. Probea egiteko deitu eustien eta oso gustora sentidu nintzan kamara aurrean. Aurretik, bideoak egiten nebazan baina gauzak kontetea be asko gustetan jat.

Ikusi nebanean oso gustora egon nintzala proban, segiduan animau nintzan. Baina nire bizitzako zortzi urte atzean itxi behar nebazala etorri jatan burura. Nire bizimodua, Parisko lagunak... han be, familia antzeko bat daukat. Baina aurkezteko gogo honek indar gehiago euki eban eta ezin neban ezetzik emon.

5.- Frantziako albisteez gan, mundu zabaleko kontuen barri be emon dozu. Igaz, Ukrainiako hauteskundeen jarraipena egin zenduan, Indonesian be izan zinan tsunamiak itxitako egoerea jakinarazoten eta Txileko hauteskundeak bertatik bertara jarraitu zenduzan. Mundu zabalean lanean ibili ostean, plato batean sartzea gogorra izango da?

Momentuz, ez. Oso motibauta nago lan hau egiteko eta ikasteko. Ikasteko motibazino hori edo gauza barriak egiteko motibazino hori ez baneuke, orduan bai izango litzateke gogorra. Ganera, astegoienak libre daukadaz handik hona ibilteko eta ez zara hemendik 10.000 kilometrora joan behar gauza barriak ezagutzeko.

Ogibide honetan, barriei lotuta hainbat gauza barri datoz.

6.- Julio Ibarrak berak bakarrik aurkezten eban gaueko albistegia. Ostean, Aitzol Zubizarretak hartu eban haren lekua, bakarrik baita. Zergaitik bigarren aurkezle bat kamara aurrean?

Aitzol eta biok bakarka ikusi gara platoan eta alkarregaz be bai eta egia da aurkezpenak indar handia hartzen dauela aurkezle bigaz eta geu be indartu egiten gara bestea alboan eukita.

Ikus-entzuleak erakartea gurako neuke eta gauza dinamikoagoa egitea.

7.- Kamara aurrean ibilten ohituta zagoz baina ez dozu inoiz albistegirik aurkeztu. Bildurrik pasau zenduan lehenengo egunean?

Hasieran urduri nengoan. Ni begira egozan danen aurpegiak neukazan buruan, nire familia, Gasteizko lagunak, Arrasatekoak be bai, Parisko lagunak eta lankideak... danak neukazan begien aurrean. Titularrak irakurten hasi ginan eta lehenengoan mihina trabau jatan. Neure buruari esan neutsan: ‘Vanessa, danak kanpora!’.

Hasierea gogorra izan zan, dana egiten jatzu handiegia, baina gero, lasaitu egin nintzan eta hobeto. Hurrengo egunak hobeto joan dira.

8.- Aurrerakoetan, zelakoa izan da esperientzia?

Ona, oso ona. Baina lanean hobeto sartzeko egun batzuk falta jataz oraindino. Parisetik etorri barria naz eta, gitxika-gitxika, hasi naz bertoko erritmoa hartzen baina oraindino ez nago bete-betean.

9.- Estu eta larri ibili zaran momenturik bizi ahal izan dozu?

Lehenago komentau deutsut lehenengo eguneko kontu ha, titularrak irakurtean trabau izana. Aurrerantzean, ez dot arazo lar izan. Hori bai, nire momentutxuak badaukadaz.

Buruan daukazuzan persona danen aurpegiak kendu behar dozuz begien aurretik. Nik, persona bat imajinetan dot nire begien aurrean eta hari kontetan deutsadaz kontau beharrekoak, era sinplean, argian eta berbak asko konplikau barik.

10.- Audientzien menpe zagoz?

Nire helburua lana ondo egitea da eta, ardura badeust be, ez da berebiziko kontua.

11.- Zelan makilaje, foku, jaskera eta enparauakaz?

Ohitzen nago. Ez deuste aldaketa lar egin. Ulea ilundu deuste apur bat, argiegi neukalako.

Luze egiten jat makilaje-aulkian ordubetez egotea. Oso ondo urteten dozu handik baina hasieran uste neban denporea galtzea baino ez zala. Lanaren parte bat dala ulertu neban gero, parte oso garrantzitsua ganera.

Parisen, kalean makiletan nintzan, ispilu barik ganera.

12.- Horrenbeste urte kanpoan bizi ostean, Frantziako bizimodura ohituta egongo zara. Barriro bertoko ohiturak hartzea kostau egingo jatzu?

Akaso goizegi da hori erantzuteko. Pozik nago, ordutegiak daukadazalako eta bizimodu barria antolatzeko aukerea be bai.

13.- Ateak zarratu deutsazuz Parisi?

Ez, Paris beti izango da nire uria.

14.- Aurrerantzean, zure arpegia gero eta ezagunagoa izango da.

Bai, badakit, baina oraindino ez naz horretaz konturatzen hasi eta komentarioak onak badira, hobeto. Pentsau izan dot ezagun izate horretan baina orain lana egiteko gogoa baino ez daukat eta horrek ez deust lorik kentzen. Oso pozik nago hemen eta oso gustora hartzen dot ordutegiak eukitea. Parisen ezin neban ezer preparau aurretiaz, zeozer baegoan lan egin behar nebalako. Orain, ordutegiak daukadaz eta goizak eta astegoienak libre daukadazala pentsetan dodanean... Frantzian egin ezin nebazan gauza danak egingo dodaz! Pozik nago eta ez daukat denporarik faman pentsetako. Ez deutsat garrantzirik emon gura eta ez dot nire bizimodua aldatuko.

15.- Non ikusten dozu zure burua urte batzuk barru?

Atzerrira joateko aukereari ez deutsadaz inoiz ateak zarratuko eta atzerriko informazinoa da, hain zuzen be, niri gehien gustetan jatana. Ezin gara bizi kanpoan pasetan danaz enterau barik eta kazetariok inork baino hobeto dakigu hori.

16.- Frantziako ala bertoko jatekoa?

Biak. Hemen, indabak oso pozik jaten dodaz. Frantziara etozan lagunek beti ekarten eustien txorizoa ze han badago txorizoa baina ez da berbera. Frantzian beti bizi nintzan lehenengo platerean, bigarren platerean eta azkenburukoan pentsetan, menu sinple batean.

Frantziatik... gaztaia. Domeketako plana zan hori: azokara joan, lau gaztai mueta erosi eta armozu itzela egitea.

Saioa Torre Gereketa