Sarean  IV. urtea // 150. zenbakia

Juan Crisostomo de Arriagaren lanak Sarean

www.bilbao.net


Juan Crisostomo Arriaga Balzola Bilbon jaio zan 1806an eta Parisen hil 1826an. Parisen bertan Ecole Royal de Musique et Declamation eskolan, armonia eta kontrapuntuko ikasgaiak aukeratu ebazan. Urtebetegarrenean, Francois Joseph Fetis irakaslearen kontrapuntu eta fugako repetiteur irakasle eginda egoan, ordurako Luigi Cherubini zala Ecole haretako zuzendari.

Arriagaren lehen obrea hamaika urtegaz egin eban, 'Nada y mucho', biolinetarako trioa. Handik gitxira, hamabi urtegaz, Obertura bat orkestra txikirako eta berehala, F. J. Comellaren libretoaren gainean egindako 'Los esclavos felices' izeneko operea sortu eban. 'Tres estudios' izeneko pianorako lana be nabarmendu beharrekoa da eta 1824an, aitari eskainitako 'Tres cuartetos' obrea be bai. Edozelan be, Arriagaren obra aitagarrienen artean, ondokoak azpimarratu behar dira: Obertura, 20 zenbakiduna; Bigarren Kuartetoaren lehenengo aldia (Allegro con brio); Orkestra handirako Sinfoniaren azken aldia (Allegro con moto); Herminie kantatako erromantza: Ma Tante Aurora laneko duoa eta Agar dans le deserten azken aria.

Bizkaie!


1806ko urtarrilaren 27an, Bilboko Goienkaleko 12an jaio eta 20 urte betetako 11 egun falta jakozala, Parisen hildako musikagilearen lanak Interneten dagoz daborduko; ondare unibersala danon eskura.

Juan Crisostomo de Arriagaren jaiotzearen berrehungarren urteurrena da aurten eta Arriagaren omenezko ekimenen artean, musikagilearen inguruko webgunea eta Ramon Rodamilansek idatzitako 'En busca de Arriaga' biografiaren berrargitalpena nabarmendu behar doguz oraingoan.

Webgunea sei ataletan banatuta dago: Juan Crisostomo de Arriagaren bizitza eta obra, katalogoa, digitalizautako partiturak, diskografia, bibliogria hautatua eta mendeurrenaren agendea.

Danetara, hamabost dira digitalizautako partiturak, Arriagak berak idatzitakoak eta bakarra dago musikagilea bizi zala argitaratua: 'Trois quatuors: pour deux violons, alto et violoncelle', 1825ean, Parisen.

Beste alde batetik, Ramon Rodamilansek orain urte batzuk argitaratu eta gaur egun agortuta egoan 'En busca de Arriaga' biografia berrargitaratu dau Bilboko Udalak, Antton Zubikarai musika kritikariaren hitzaurreagaz.