Kulturea  IV. urtea // 150. zenbakia

Ramon Olasagastik irabazi dau I. Tene Mujika Beka 'Mendiminez' proiektuagaz


Bizkaie!

Elkar argitaletxearen I. Tene Mujika Beka Ramon Olasagastik irabazi dau 'Mendiminez' izeneko proiektuari esker.

Ramon Olasagasti (Berrobi, 1972) kazetaria da ikasketaz eta lanbidez, lehenago 'Euskaldunon Egunkaria'-n eta gero 'Berria'-n era askotako lanetan ibilitakoa baina batez be mendiari buruzko informazinoan espezializatua. Horrezaz ganera, kolaborazino ugari egin ditu arlo horretako aldizkarietan: 'Pyrenaica', 'Desnivel', 'Gure Mendiak', 'Euskal Herria'...

Liburuetan, barriz, ondoko obren egilea da: 'Sei arrasto Eskandinavian' (Aramaioko Sagitario Saria, Infomart, 1998), 'Hiru pauso, hiru norabide' (Josu Iztueta eta Aitor Elduaienegaz. Letxukale 1999) 'Josune Bereziartu. Hatz puntak' (Kutxa 2004).

'Mendiminez' emon deutso izena proiektuari Olasagastik, Bitoriano Gandiagaren poema argitarabakoen bidetik. Izan be, azken urteotan mendian hil diran hainbat euskal mendizaleren ibilbidea, biografia eta oroitzapena osotu gurako leuke lan honetan; mendiminez bizi baitziran, mendia zalako euren pasinoa, euren bizitza. Euren mendiminaz eta bizitzaz arituko da liburu honetan, baina baita euren hutsuneak itxitako minaz be, mendia min iturri bihurtzen baita holakoak pasetan diranean.

Felix IƱurrategi, Jose Luis Zuloaga "Zulu", Manu Badiola, Atxo Apellaniz, Miriam Garcia, Xabier Ormazabal, Antonio Miranda, Mikel Ruiz de Apodaka, Xabier Ansa eta Pumorin hildako bost gazteak; horrexek litzatekez, behin-behingoz, lan honetan gogoratu nahi diranak, beste zenbait alpinista be ahaztu barik.

Pirinioetatik Alpeetara eta Himalaiara euskal mendizaleek azken urteetan egindako bidean zorionak askozaz gehiago izan badira be, aldian-aldian zoritxar batzuk be izan dira. Arrazoia zehazten erraza ez bada be, beste edozein istripuk baino zirrara handiagoa sortu izan dabe gurean zoritxarreko albisteok. Deitu epikea, deitu mistikea, deitu gaztetasun etenaren dramea... mendiak badauka euskal gizartean holako hunkipen ahalmena.