Una rosa de Francia
Behinola Kuban erakargarri baizen maltzurra zan gizon batek, Simonek, bere bapore zaharrean jarduten eban emigrante klandestinoak New Yorkera garraiatzen. Baina munduko uriburura eroan beharrean, Florida ondoko ugartetxu batera abiatu eta bertan abandonetan ebazan, gogor eta sarkastiko.
Honako hau dozue film honen hasikerea; abiapuntua jakingarria dala emoten dau, baina filmaren emoitzea ikusita, ezin da holakorik esan. Gidoia ez da sendoa, ezta interesgarria be, eta filmaren ekintzea nekagarria, duda-mudan dabilen horretarikoa; ganera, behar baino askoz be hutsarte gehiago dagoz; momentu batzuetan ez da ezer pasetan, ez dago mobimenturik. Inmigranteen trafikoa guzurrezkoa da, artifiziala, faltsua, eta putetxe dotoreak be ez dauka ezelako sinisgarritasunik. Gazteen arteko erotismoa sano azalekoa da, apaingarri hutsa baino ez.
Hori guztiori esan ostean, dan-dana nahiko eskasa dala pentsatu leiteke, baina, zorionez, antzezleen beharra ez da filmaren mailakoa. Jorge Perugorriak zoragarri jarduten dau berari itzel gustetan jakon izakera bikotx horretan: maitagarria baizen zitala izatea. Álex González eta Ana Celia de Armas bikain dabiltz, gidoiaren baliabide urriei eta sedukzinoaren bide merkeari albait eta etekinik handiena atara guran. Arazo bakarra zera da: aktore honeek ez dabela merezidu maila kaskar honetako filmik.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Manuel Gutiérrez Aragón.
- Herrialdea: Espainia eta Kuba.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Jorge Perugorria (Simón), Álex González (Andrés), Broselianda Hernández (Madame), Ana Celia de Armas (Marie).
- Gidoia: Manuel Gutiérrez Aragón eta Senel Paz.
- Argazkia: Alfredo Mayo.
- Muntaia: José Salcedo.