Eretxia  IV. urtea // 150. zenbakia

Su-etena noiz etorriko zain


Iñaki Atxutegi

Gaur, bihar ala datorren astean. Hilebete honeetan ala udea baino arinago. Inork ez daki noiz, esan daigun egia. Eta berbetan dabilzan askok nik baino gitxiago (eta nik ez dakit ezer). Badagoz data bat asmau guran dabilzanak edo interesak bultzatuta dataren bat emoten dabenak. Asmakizun joko hau danoi gustetan jakula emoten dau.

Baina hori kenduta inor gitxik iminten dau dudan laster etorriko dala ETA erakundearen su–etena. Pentsetakoa da euskal populazinoak berandu baino lehen gura dauela, baina barria emon behar daben horreek komeni jaken momentuaren zain egongo dira, zain giroa euren egokitasunaren arabera izan arte. Hara, ez da kasualidadea agirien ganean entzun doguzan barriak. LAB eta UGT sindikatuak alkartu eta bakegintzearen ganeko agiria preparetan ei dabilz. CCOO be zeozertan dabil. Alderdi desbardinetako emakume legebiltzarkideek beste agiri bat daukie eskuartean, nahiz eta azken momentuan PSEk atzera egin.

Daborduko ez dago zalantzarik: etorri behar danerako etxekolanak egiten dagoz eragile publikoak. Eta hori benetan poztekoa da. Ibarretxe lehendakariak esaten eban gizartea preparau behar zala eguna etorriko danerako. Ñabarduratxo bat egingo neuskio Lehendakariari. Gizartea prest dago. Alderdi politiko bat edo beste dabil oraindino antxinako diskursotan galduta eta jatorkun egoera barrira egokitu gura barik.

Baina lasai nago alde horretatik. Horreei eskatuko deutsez kontuak euskaldunok. Uritarrak ez dau erraz ahazten egoera berezi batean alderdi politiko bat lekuz kanpo ikusten badau. Eta badagoz oraindino lekuz kanpo dagozanak. Guk uste baino gehiago.

Beraz, denpora batean zain egotea egokituko jaku. Bitartean, lehergailuren bat edo beste jasan beharko dogu, seguruenik iraultza zergeagaz lotuta. Baten batek bere buruari itaunduko deutso zer dala eta dabilen ekintza armatuak bertan behera lagako dituan ETA erakundea iraultza zergea eskatzen. Ez daukat nik erantzunik, edo hobeto esanda, burura jatortezan erantzunak ez dira bape goxoak. Jubilazinorako dirua batu guran edo ekintza bako denpora tarte horretako gastuei aurre egiteko beharrean? Espero daigun ekintza honeek oraindino hasi barik dagoan prozesua bertan behera ez lagatea.

Edozein kasutan, adi gagoz danak. Eragileak alkarri keinuka dabilz. Keinu batzuk ez dira, hain zuzen, oso lagungarriak, baina bide onetik goazela ezin da ukatu. Kazetari asko hortxe dagoz barria noiz emongo zain. Eta uritarrok noiz entzungo zain. Ahalik eta azkarren izan daitela.