Sarean  IV. urtea // 150. zenbakia

Interneten ganeko inkesta soziologikoak


Baina orain beste ikerketa bat kaleratu dabe, oraingoan Torontoko Unibersidadean. Ondorioak ez datoz bat orain arte ikusitakoagaz. Internautak ez dira inondik inora baztertzen, hartu-emon tradizionalak aldatzen doaz teknologia eta komunikazinoko sistema barriei esker: posta elektronikoek eta eskuko telefonoek bide barriak erakusten deuskuez giza hartu-emonen arloan.

Ikerketearen lehenengo fasea 2004ko zezeila-martia bitartean egin zan eta bigarrena 2005eko zezeila-martia bitartean. Inkestea Estadu Batuetan egin arren, ondorioak beste herrialdeetara be eroan daitekez.

Honexek dira ondorio nagusiak:

Posta elektronikoa komunikazinorako erabilten dan gehigarri bat baino ez da. Holan, e-postea erabilten dabenek lagunakaz aurrez-aurreko % 25 topaketa gehiago egiten dabez erabilten ez dabenek baino. Postea erabilita, sarritan familiako hartu-emonak bizkortu egiten dira, batez be familiako kideak urrun bizi badira. Kasu honeetan, batzutan galduta egoan erlazinoa berpiztu egiten da eta, zelan edo holan, indartu.

Internet erabilita, lagunak egitea errazagoa da. Amerikar batek, normalean eta estatistiken arabera, hartu-emon estuak 35 personagaz badaukaz, internauta batek 37gaz izango ditu. Hau da, internauten giza hartu-emonetarako sarea handitu egiten da.

Bide barri honeekaz egindako giza-sarea erabilgarria da. Hartutako erabagi garrantzitsuetan, % 29k autortzen dau Internetek eragin nabarmena izan dauela.

Ikerketako beste emoitza bat: sare soziala gero eta handiago egiten bada, azkenean komunikazino tradizionala galdu egiten da. Berbarako, gure sare sozialak 20 kide badaukaz, normalean telefonoz 15egaz eukiko dogu komunikazino zuzena. Sarean 50 lagun badaukaguz, hartu-emonak erdiakaz baino ez doguz eukiko. Baina komunikazinoa e-mailez egiten badogu, emoitzak kontrakoak dira. Sare soziala zenbat eta handiagoa izan, gero eta komunikazino gehiago eukiko dogu.

Orduan, egungo internautea ‘Sareko bakarti berezia’ (‘networked individualism’) da. Ia hemendik aurrera ‘elementu arrarutzat’ hartzen gaituenek euren pentsakerea aldatzen daben.

Gotzon Plaza,
informatikoa

Azken urteotan Interneten inguruko inkesta soziologiko ugari egin dira. Igaz, Stanfod-eko Unibersidadeak argitaratutako ikerketa baten ondorioak ez ziran onegiak izan. Idea nagusia ondokoa zan: Interneten erabilereak eragin zuzena eukala estadubatuarren bizitza sozialean. Baina eragin ezkorra. Internet lagunen eta familiaren ordekoa bihurtu zan.

Inkesta horren aurretik, beste ikerketa batetik ataraten ziran ondorioak be ez ziran pozik egoteko modukoak: Internetek internauten bakardadea areagotu, handitu eta nabarmendu egiten eban. Hartu-emon personalak galdu egiten ziran, bai lanean, familiagaz eta lagunakaz.

Orain arte, irudi hori euki dogu Internet eta internauten ganean. Jente arraroa, bakartia, hartu-emon personalak izateko arazoakaz, aparteko pentsakereagaz, euren artean bai baina kanpoko jenterik onartzen ez ebenak... Horixe izan da sarritan egunkariek, telebistak eta zinemak erakusten euskuena. Batez be, nonoiz gazteakaz izaten diran holako jazoera larrietan (eskopeta bat hartu, dozena bat lagun akabau eta gero bere buruaz beste egiten dabenean), azalpen moduan edo, beti esaten da ‘... gelan sartuta emoten ebazan orduak, Interneten..’” Antza, egindakoaren errua Internetek eukan.