Ligetako eta lagunak topetako bide barriak
Zelan topau lagun barriak?
Imajinatu eizu lan kontuak dirala-eta uri barri batera ailegau zarala edo betiko lagunak ezkondu eta seme-alabak ekarten hasi dirala edo buru-belarri ikasi ostean, amesetako oposizinoa gainditu dozula, baina horretarako koadrilako lagunak galduta.
Jentea ezagutzeko gurari hori ez da beti lotu behar ligetako edo bikotekide bat eukiteko helburuagaz. Edade batera heldu eta bikotekiderik ez daukien personei urtetea gustetan jake, afaltzen joatea edo astialdiaz beste modu batera gozetea; normalean ez daukiez ezkondutako lagunek adina betebehar.
Orain arte, single honeek (holan esaten jake ingelesez ezkonbako, alargun edo dibortziatuei) nahiko gatx eukien, familiarteak menperaturiko gizarte honetan. Baina eskuragarritasun handiko merkatua dirala frogatu dabenetik, espiritu bakarti honeei zuzendutako ondasunak eta zerbitzuak erruz ugaldu dira.
Sarean era guztietako zerbitzuak eskaintzen dira: bidaiak, arrisku kirolak, lagunartea ezagutzeko batzarrak, topaketak, aratusteetara joateko txangoak, antzezlanak, dantza ikastaroak... Ondo be ondo pasetako eta, bide batez, jentea ezagutzeko aukera ezin hobeak.
Begiluzea
Mundu guztiak daki gimnasioa, ikastaroak eta hainbat taberna neska-mutilak ezagutzeko leku onak dirana. Ganera, txakurragaz urteteak, rolean jokatzeak edo saloi dantzak egiteak topaketa interesgarriak sortu eragiten dauz. Baina, hainbeste itzulinguru barik asmo bera daukan beste persona bat ezagutzeko, asko be asko Interneteko zerbitzuez baliatzen dira.
Gaur egun, Europan 'Meetic' kontaktu agentziarentzat egindako inkesta batek erakutsitakoaren ildotik, internauten % 40 inguruk uste dabe sarea bikotekidea topetako bitartekorik bizkor eta eraginkorrena dala.
Antza danez, kontaktu agentzia bateko e-posta batera betiko 'ikasten zabiltz edo beharrean?' esaldi topikoa bialduta, emoitza arrakastatsuak lortu leitekez, beharbada tabernazulo bateko barran edo bulegoko kafe makinan baino askoz gehiago.
Webgune honeek guzti honeek antzera dabilz: erregistroa daukie eta lurralde edo herrialdeen araberako bilatzailea. Ikusi daikezu zer eskaintzen deutsuen eta, interesgarria begitantzen bajatzu, kontaktuetara sartu ahal izango zara, behin beharrezko kuotea pagau eta gero. Hona hemen adibide ezagun bi:
www.match.com
Pagau beharreko zerbitzua da. Danetara, 1,6 miloe abonatu daukiezala dinoe eta honen bitartez bikotekidea topetako aukerak sano handiak ei dira. Prezioa 30 eurokoa da hilean edo 16,66 eurokoa 6 hilebeteko abonua egin ezkero. Doban probau daiteke astebetean. Dinoenari kasu egin ezkero, emoitza on asko lortzen dira.
www.meetic.es
Internet edo eskuko telefono bitartezko bilaketaz ganera, bikotekideak zuzenean ezagutzeko jaiak edo zita bizkorrak antolatu ohi dabez. Hilean 30 euro pagau behar dira, baina tarifa hori murrizten da hiru hilebeteko abonua egin ezkero. Jaietara joateko beste 15 euro pagau behar dira.