Gorgonio Renteria, kapitain eta idazle
ELANTXOBE
ViIlarcayotik idatzi deuste
Elantxobe non dagoan.
Uste dabe, ba, herriau daula
Navalcarneron ondoan.
Berehalaxe erantzun deutset
Gernikatik bi leguan
Ibarrangelu igaroagaz,
bertan dagola behingoan.
Beste idazki bat hartu dot orain
luze ta ondo egina,
euskeralduta zuei ipiniko
deutsuet, bai, alajaina.
Erdalzaleok euki daizuen
poz handi ta atsegina:
nahita neuretzat gorde ixilik
nerak daragistan mina.
Goralgarriak, txalogarriak
Elantxobeko semeak,
zuek zarie Perez-hizkuntzan
jakitun bardinbageak.
Ta ez katalan, muntxelatarrak
euren girigai zaleak,
zuek zarie neure ustean
Unamunoren semeak.
Irakurrita erdel-hizkuntzan
jai ospetsuen barria,
hor gara laster Deun Pedroetan
bertako oste haundia.
Zazpi asto ta hainbat patari,
sei txakur eta lukia,
bilatu deien gau ilunean
zeuen oiloen habia.
Barkillero bi, lau zorratzaile
makakoa ta txoria,
Componer ondo paraguas-ta
(laster daukagu euria)
gehiago inor behar ezkero
hainbat lasterren habia
bada poz-pozik joango gara
zibilizarte guztia.
Endore jaunak gertu daiela
geuretzako ostatua,
eta udalak ordaindu orain
hor eingo dogun gastua.
Bada gerorantz geure herritik
bidalduko dogu dirua,
eskier egon zaldunak gara
laster dozue giroa.
Baita ganera neska politak
geu hor gagozan artean,
ez genduke nahi mintzo daitezan
sagarduozen elean.
Ezpada erdera geure hizkuntzan
kistrinau onan antzean,
horretarako egon dirala
ikasten lekaimetxean.
Gora zuek, ba, gora erdera
gora patriotismoa,
gorde daiela katalandarrak
bigarren artikulua.
Bestela, zelan gu joan ezik
apaindu herri txiroa
eta ganera ederto batu
errematentzat dirua?
Euzkadi, 1932
Gorgonio Renteria (Elantxobe, 1868 – Baiona, 1940). Kostakoa izanda, elantxobetarra, itsasoari lotu behar dogun personaia bera. Guk, letren itsasoan aurkitutako altxor legez ekarri doguna. Labayru ikastegiak haren lanak biltzen dauzen liburua argitaratu barri dau: IZARTU EUSKALDUNAK. Elantxobetar baten olerkiak eta artikuluak.
Itsasgizon ezaguna izan zan Gorgonio Renteria. Ez bakarrik Elantxoben, ezpadaze mundu zabalean. Hogeita bat urtegaz kapitain titulua lortu eta hogeita hirugaz merkataritza ontzi baten agintea hartu eban, Filipinetan. Ospea hartu eban zeregin profesionaletan, eta besteak beste, Filipinetako mapa hidrografikoa egin eban, amerikarrek eskatuta. Abertzale sutsua zan, eta itsasoko lanetatik erretiroa hartutakoan, politikara dedikau zan. 1916an Elantxobeko alkate izentau eben, Bizkaiko diputadu be izan zan, eta EAJko BBBko eta EBBko burua be bai. Gerra Zibilean alde egiteko agindu eutsien, eta Baionan Euzko Laguntza zuzendu eban. Bertan hil zan, 1940an.
Abertzale, politikari, berbalari eta propaganda gizon legez entzute handia eukan Gorgonio Renteriak. Mitinetan, esaterako, euskerazko hizlaririk onenetakoaren famea eukan. Politika-gizon ez eze, idazlea be izan zan. Garai beretsuko beste idazle entzutetsuen izenik ez eban lortu, libururik argitaratu ez izangatik seguruena, baina orduko egunkari eta aldizkari gehienetan idatzi eban, gehienetan gatxizenak erabilita. Kirikiñoren eta Urretxindorraren laguna zan, eta Arrese Beitiaren lanak be ezagutzen ebazan. Berak, literatur kezkeagitik baino, euskalzaletasunak eta kultureagaz eukan ardureak bultzatuta idatzi eban. Bere lanetan herrimina (kanpoan egindako sasoi luzeak zirala eta), itsasoa, Jaungoikoa eta lege zaharra, eta euskerea eta euskal nortasuna jorratu ebazan. Azken bi honeek estu lotu ebazan, euskal nortasunaren oinarritzat eukan-eta ama hizkuntzea. Horren adibide 1932an Euzkadi aldizkarian argitaratutako bertsook. Gaztelera egitea gauza handitzat hartuta dabizanei zuzentzen jake, ironiagaz olgetan. Liburuan olerki eta bertsoek osatzen dabe lehenengo zatia, eta prosaz idatzitako artikuluek, bigarrena. Benetako altxorra emon dau argitara Labayruk, Gorgonioren alaba Julek hasitako biltze lanei, orain dala urte bi ha zendu eta Igone Etxebarriak amaierea emonda.
Iñaki Aurrekoetxea