Arantzazu: eraikina eta frankismoa
Erakusketan ikusi daitekezan gauzen artean dagoz, besteak beste, Sáenz Oiza eta Laorgaren planoak eta maketak, Jorge Oteizaren eskultura batzuk, hainbat autoreren margoak eta argazki ugari. Erakusketeagaz batera, prozesu artistikoaren eta arkitektonikoaren alde ezezagunak plazaratzen dituan liburu bat be argitaratu da. Bistan danez, Euskal Herriko eraikinik interesgarrienetako bat eta sasoi haretako giro politiko eta soziala ulertzeko erakusketa interesgarria da Donostian antolatu dabena.
Julen Gabiria
Apirilaren 1era arte, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneko ganbaran, Arantzazuko Basilikearen (Oñati, Gipuzkoa) eraikuntza-prozesuaren gako arkitektoniko gehienak erakusten dira, oin arte gai horren gainean egin dan erakusketarik zabalenean. Horretarako, Luis Laorga eta Francisco J. Sáenz Oizaren 1950eko aurreproiektutik hasi (frantziskotarrek antolatutako lehiaketea irabazi eben aurreproiektu horregaz) eta lan osoa amaitu zanera arteko prozesua dago ikusgai, ‘Arkitektura eta eskultura Arantzazuko Basilikan: aurreproiektua, proiektua eta eraikuntza 1950-1955’ deritxon erakusketean.
Erakusketako komisarioa dan Javier González de Duranak adierazo ebanez, ‘erakusketearen jatorria sorpresa, harridura eta bilaketa baten oinarritzen da. Historialari lez, beti iruditu izan jat harrigarria 1950eko lehiaketea irabazi eben plano eta irudiek ez eukitea inongo zerikusirik azken emoitzeagaz’. Halanda ze, ikertzen hasi eta buru-belarri murgildu zan basilikako eta Gipuzkoa zein Madrileko arkitektoen elkargoetako artxiboetan, baina ez eban ezer be topau. Orduan, iturri zuzenetara jo eban, Laorga eta Sáenz Oizaren ondorengoengana. Material guztia gordeta eukien, hainbeste urtean ikutu barik. González de Duranaren berbetan, ‘hori ez da bape normala, ze eraikina benetako mugarria da frankismo garaiko arkitekturearen barrikuntzeari jagokonez’.
Arantzazuko Basilikea ez da goitik behera diseinautako proiektu baten emoitzea: eraikuntza-prozesuaren hogei urteetan (1950-1969) emon zan egoera erlijioso, sozial eta politiko gogor eta aldakorren ondorioz garatu zan garatutako moduan. Ondorioz, gaur egun ezagutzen dogun basilikea sortu zan, baina ez aurretik holan proiektau zalako.
Laorgak eta Sáenz Oizak aurreproiektu bat egin eben 1950eko lehiaketea irabazteko, eta aurreproiektu hori sasoi haretako egoeren arabera egin eben, hau da, autarkia ekonomikoa, Hispanidadearen ikuspegi inperialista eta tradizionalismoaren arabera. Lehiaketea irabazita, eta tenpluaren hormak eregi ahala, aurreproiektua modernizetan joan ziran, eta, hasierako ideiatik, gurutze latinoko plantea eta diamante-punta apaingarria baino ez ziran geratu. Beste guztia aldatu egin zan, eta frantziskotarrek, egoereari aurre egin ezinda, Laorga eta Sáenz Oiza proiektutik kentzea be pentsau eben. 1950ean, Euskal Herria frankismoaren diktadura gogorrean bizi zan, baina agintariek erabagi eben Espainiak arpegi atsegina emon behar ebala nazinoartean, eta, González de Duranak esan ebanez, ‘aldaketea artean emon zan hasieran. Estilo neotradizionalista eta inperialisteari uko egin eta estilo arrazionalisteari heldu jakon’. Aldaketeak bete-betean atrapau eban Arantzazu, baina 1952an, Times aldizkariak artikulu bat argitaratu eban, esanez Arantzazu euskal kulturearen santutegia zala eta disidentzia politikoa bertan emoten zala. Ondorioz, 1953an eleizeak eskua sartu eta Arantzazuko eskultura-lanak gelditu egin zituan: 1954tik 1969ra eskultura-lanak geldituta egon ziran, eta, jakina, eleizeak Oteiza hartzen eban errudun lez, nahiz eta, komisarioak autortu ebanez, ‘Lucio Muñoz eta Txillidaren lanak Oteizarenak baino erradikalagoak izan’.
González de Duranaren eretxiz, ‘Arantzazuko misterioa plano hur eta gizatiarragoan geratu da oin, plano ezagunagoan. Halanda be, basilikea eregiteko prozesu konplexua hobeto ezagutzen dogun arren, eraikuntza horren handitasuna ez da bape txikitu; alderantziz: hainbeste zailtasunen erdian tenplu ha eregitea da, hain zuzen be, euskal lurretan eta sasoi haretan egin zan adierazpen artistiko, politiko eta sozialik adierazgarriena. Edozelan be, misterioa ez dago oindino guztiz argituta, ze ikertu beharreko artxiboak geratzen dira (Vatikanoan eta Donostiako Apezpikutzan). Gainera, oindino be, orduan sortu zan eztabaidearen gaineko azterketa sakonagoa egin behar da’.