Bidaide  IV. urtea // 150. zenbakia

Egoitz Elorz: ‘konpainia merkeek arpegi bi daukiez: aukerea eta mehatxua’


-Aerolinea merkeek iraultzea ekarri dabe aire garraiora. Zelan eragin deutsue aldaketeak zuoi, pilotuoi?

Batetik, aukera bat gehiago da: gero eta konpainia gehiago dagoz munduan, gero eta hegazkin eta bidaiari gehiago dagoz; beraz, logikoa dan legez, pilotu gehiago behar dira. Baina pilotuen bizi kalidadeari mehatxu egiten deutse. Asko gara eta konpainia merkeek legeak eskatzen dituan minimoak eta maximoak muturreraino eroaten dabez, euren interesen arabera. Soldatak bajuak dira eta lan-baldintzak nahiko eskasagoak. Azkenean, zeruko autobus-gidarien parekoak gara, hilean 1.200 euro kobretan.

-Holan eskaini daitekez, bai, txartel merkeak...

Holan, eta bigarren mailako aireportuetan lan egiten. Askotan, aireportuek eurek emoten deutse diru-laguntzinoa konpainiari bertan lan egiteko. Santanderreko eta Bilboko aireportuen arteko tira-birak hortik datoz. Konpainia merkeentzat, garrantzitsuena ez da txartelaren prezioa, hegazkina beteta eroatea baino. Aerolinea tradizionalei merkadu-kuotea kendu gura deutse. Denpora laburrean bidaiariak euren zerbitzuetara ohitu dabez, txartel elektronikora, dobaneko catering bako hegaldiak...

-Baina petrolioaren prezioak gora egiten dau eta txartelenak behera...

Bai, egia da abiazinoan irabaziak ez dirala lehengoak lako altuak. Aerolinea asko, ganera, krisian dagoz eta galerak daukiez. ‘Low Cost’ diralakoek merkaduan iraultzea eragin dabe eta konpainia tradizionalek ez dabe sasoiz eta behar dan moduan erantzun.

-Jenteak abiazinoaren ganeko ikuspuntua aldatu dau?

Bai horixe. Eta gero eta gehiago aldatuko dau. Hegazkinek euken ‘glamourra’ galtzen doaz eta ia autobusen parean dagoz. Lehen, hegazkina hartzea jazoera berezia zan baina orain ohituta gagoz eta ganera merkeagoa da.

-Konpainia merkeen segurtasunaren inguruan sarritan egiten da berba. Betikoak baino txarragoa da?

Teorian, ezin daiteke segurtasunagaz jokatu. Legeak arautzen dau eta danek bete behar dabez gitxiengoak. Ez dot uste ‘low cost’ konpainiak besteak baino arriskutsuagoak diranik. Ganera, kontuan hartu behar da puntako hegazkinak daukiezala, Airbus 320 eta Boeing 737-800. Modelo barriek erregaia aurrezten laguntzen deutse eta, holan, gastuak murrizten dabez. Iberiak modelo zaharrak daukaz oraindino.

-Eta beharginen prestakuntzea?

Berbera da. Pilotuon edukazinoan ez dago desbardintasunik, ezta hegaldi laguntzaileen kasuan be. Desbardintasun bakarra edadean dago, konpainia merkeetako beharginak gazteagoak izaten diralako. Baina esperientzia bakoak inoiz.

-Beraz, ez dago bestelako arriskurik.

Ez. Segurtasun kontuetan ezin daiteke labur geratu. Baina, konturatzen bazara, linea honeetan lau katuk baino ez dabe lan egiten. Aireportuetan, ia ez daukie ordezkaririk; laguntzaileak, beharrezkoak baino ez eta hegazkinei ahalik eta etekin gehien ataraten deutse. Iraultza hori positiboa da bezeroarentzat baina beharginentzat, neurri handi batean, kaltegarria.

-Zelan ikusten dozu pilotuen etorkizuna?

Urte batzuk barru, lana lortzea errazagoa izango da. Halanda be, baldintzak ez dira onenak izango. Egia esan, uste dot pilotuak hobeto jagon behar dirala, zirujauen edota arkitektuen pareko erantzukizuna daukagulako, ez autobus-gidariaren parekoa.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Hegazkin konpainia merkeek zerua demokratizau dabe. Atzean geratu dira hegaldiak egitea pribilejioa zaneko garai hareek. Egun, airez bidaiatzea errepidez egitea baino merkeagoa izan daiteke eta hori, gehien bat, konpainia merkeei zor jake. Aeronautikearen iraultzearen bultzatzaile nagusiak dira.

Bizkaie! aldizkarian piloto komertzial baten eretxia jaso gura izan dogu. Egoitz Elorz, ganera, Euskal Herrian pilotu izateko ikastaroa eskaintzen dauen Aerolink Bilbao eskolako irakaslea be bada. Beraren ibilbidea, ganerako pilotu gehienena legez, bitxikeriaz beteta dago: karrerea oso karua da (50.000 euro inguru) eta lana topetea orain dala hamar urte baino gatxago dago. Halanda be, Elorzek Bartzelonan amaitu ebazan ikasketak, gurasoen laguntzino ekonomiko eta moralagaz. Orain, lanean dago, pozik ganera. Gero eta errazagoa da hegazkin bat gidatzea, beraz, gero eta jente gehiago animetan da pilotu ikasketak egitera. Daborduko, pilotu izatea ez da eliteko kontua.