Barriketan  IV. urtea // 150. zenbakia

Belen Uranga: 'hizkuntzak ondare unibersala dira'

Orain hilebete batzuk inglesez eta oraintsu euskerazko bersinoan, ‘Hizkuntzen Mundua’, munduko hizkuntzei buruzko txostenean aztertzen diran gaiak sano interesgarriak dira, besteak beste, hizkuntzen ofizialtasuna egoerea, administrazinoan daben erabilerea, hizkuntzen idazte-mailea, hezkuntzan zein komunikabideetan daben erabilerea, hizkuntzen transmisinoa, hizkuntzek bizi dabezan eraso eta mehatxuak, hizkuntzen geroa...

UNESCOren enkarguz eta Eusko Jaurlaritzearen diru-laguntzinoagaz egindako ikerketea da, EHUk argitaratua.

Belen Uranga, 'Hizkuntzen mundua. Munduko hizkuntzei buruzko txostena'-ren egileetako batek gauza interesgarriak kontau deuskuz:

1.- Munduko 6000 hizkuntzetatik bi herenak galduko dira XXI. Mendean; 15 egunean behin hizkuntza bat galtzen da munduan baina euskerearen egoerea osasungarria dala esan dau Felix Marti, Hizkuntzen Mundua lanaren koordinatzaileak. Dana dala, transmisino eta erabilera kontuetan Euskal Herrian ez gagoz bolanderak botateko moduan...

Ezer baino lehen, guk ez dogu euskerea beren beregi aztertu, ganerako hizkuntza guztiakaz batera hartu dogu eta, horren harian, Felix Martik adierazo eban EAEn euskerea osasungarri egoala baina Nafarroan eta Iparralden egoerea larria, arduratzeko modukoa dala. Jakina, ezagutzaren aldetik, EAEn aurrera pausuak emon doguz baina hortik erabilerara salto handia dago eta hori bat dator guk egindako ikerketako datuakaz; berbarako, transmisinoaren datuak arduratzekoak izanik, transmitidu diran hizkuntzen artean be gazteek askosaz gitxiago erabilten dabe helduek baino eta horrek esan gura dau hurrengo belaunaldian, konponbiderik jarten ez bada, behintzat, etena izango dala hizkuntzearen geroratzean. Dana dala, EAEn egungo jokereari eutsi ezkero, euskerea epe motzean ez dala galduko esango neuke, beste eremuetan, barriz, arriskua nabarmena da.

2.- Euskeraz dakitenak gero eta gehiago dira, hezkuntzan zein komunikabideetan darabilgu, administrazinoan ez horrenbeste baina, oro har, euskeraz gitxi egiten dogula esan daiteke. Euskeraz jakinda, euskaldunakaz batzen garanean be, zergaitik joten dogu erderara?

Arrazoiak bat baino gehiago izan daitekez. Lehen esandakoari eutsiz, euskerearen ezagutza mailan gora egitea sano deigarria da munduan, izan be, hizkuntza gitxietuen kasuetan, ez dalako holakorik pasetan. Datua oso positiboa da baina erabilerea da suspertu beharrekoa eta galdereari erantzunez, arrazoi bi aitatuko neukez: batetik, komunikazinoa eta, bestetik, ospea edo prestigioa. Oro har, hizkuntzak hierarkizauta dagoz eta mailaketa hori gainditzea oso gatxa da. Beraz, jarrerak aldatu eta alkartasun sareak sortu behar dira hiztunen artean, hizkuntzak ondaretzat hartzea da giltza.

3.- Txostenean hizkuntza guztiek ofizialtasuna edo koofizialtasuna beharko leukiela adierazoten da baina Europan hizkuntza danak ez dagoz maila berean; maltera eta gaelikoa, berbarako, ofizialak dira Europan eta euskerea eta katalana ez. Gurean politikeak agintzen dau?

Bai. Gurean eta mundu osoan. Gure datuen arabera, hizkuntzak arriskuan egoteko arrazoien ganean galdetu ezkero, erdiak baino gehiagok aitatzen dabez faktore politikoak (ofizialtasun eza, presino politikoa, debekuak...).

Dana dala, Europa da hizkuntza politikea egiteko jatorria, oinarria eta eredua. Gure ereduak eroan dira Afrika, Amerika zein Asiara. Estadu bakotxak hizkuntza bat izateko lotura garbi hori Europan sortu da.

4.- Ikerketa laneko informazinoaren prozesaketea komunidadeen datuetan oinarrituz egin da, muga administratiboak kontuan hartu barik. Zergaitik?

Ikerketearen hasieran jaubetu ginan datuak normalean estaduen arabera mailakatuta egozala eta argi dago munduko edozein eremu hartuta, hizkuntza komunidadeak erdibituta edo sakabanatuta dagozala estaduen mugakaz (Frantzia-Espainia, Frantzia-Alemania, Italia-Suitza-Austria zein Ameriketan edo Afrikan...); gauzak holan dirala, ahalik eta informazino zuzenena hartzea zan gure asmoa eta gitxienez, komunidade bakarra izatearen kontzientzia dagoan kasuetan, komunidade horretako datu osoak hartzea. Berbarako, quechueraren kasuan, ez dogu hartuko Perukoa, komunidade osoarena baino; euskerearen kasuan, guk lurralde osoa hartuko dauen informazinoa nahi genduan. Funtsezkoa zan hiztun komunidadearen identidadea adierazotea.

5.- Txostenaren helburuak, munduko hizkuntza desbardinei buruz ahalik eta informazino gehien batzea da, munduko hizkuntz ondareari buruzko datu-bankua sortzeko. World Languages Network, Munduko hizkuntzen amarauna be hor dago. Zeintzuk dira helburuak?

Txostena idatzi eta gero, argitaratu bako informazino asko egoala ikusi genduan eta, ganera, txostena egiteko izan doguzan 1200 informatzaile ingurugaz kontaktuan jarraitzea zan asmoa. Beraz, material hori guztia argitaratzea eta hor sortu zan sareari jarraipena emotea erabagi genduan Internet bidez. Ordutik sare hori elikatzen gabiz, alkarlana bideratu eta sentsibilizazinoa indartzeko. Oro har, hizkuntza-eskubide eta betebeharrak zabaltzeko sortu dan egitasmoa da, eta bere helburua munduko hizkuntza-ondarea eta aniztasunaren garrantziaz jaubetu diran personen eta erakundeen arteko hartu-emonak bultzatzea eta sendotzea da.

Beste alde batetik, datu-baseak 1.000 inguru galdekizun eta 700 hizkuntza desbardinen informazinoa jasoten dau.


6.- Hizkuntza zein kultura-aniztasuna onuragarria da berez eta premiazkotzat joten da komunidade linguistiko guztien garapen osoa ez oztopatzea. Edozelan be, arrain handiak txikia jaten dau beti, hizkuntza ‘txikiak’ gero eta txikiagoak dira eta zabalpen prozesuan dagozanak, barriz, gero eta indartsuagoak...

Bai, hori holan da baldin eta gauzak aldatzen ez badira; arrain handiak txikia jaten dau baldin eta txikiak bere balioa erakusten ez badau. Jarrerak aldatu beharra dago eta, esangura horretan, alkartasunezko sareak sortzea nahitaezkoa da, batez be, oso zabalduta dagozan hizkuntzetako hiztunak argi jaubetu beharko litzatekez ez dagoala etorkizunik hiruzpalau hizkuntza handi bakarrik geldituta, horrek gatazka giroa, identidade eza eta alienazinoa eragingo leukelako.

Zorionez, hizkuntza ‘txikietako’ hiztunak konturatzen hasita dagoz hizkuntza nagusiak bestekoak dirala, ez bakarrik identidadearen aldetik baita erantsitako balio lez be, ze homogeneizazinoaren aurrean, diferentziak, ñabardureak aparteko garrantzia dauka. Dana dala, normalean zabalpen handiko hizkuntzetako hiztunek ez dabe bape interesik izaten hizkuntzen mailaketan beherago dagozanetan. Halan da be, ez daigun ahaztu eskubideez gabilzala eta alde horretatik, ez dago hizkuntza hoberik, aurreratuagorik, danak dagoz maila berean.

7.- Hizkuntzen munduan zein da euskalkien lekua?

Guk ez dogu euskalkirik aztertu baina argi dago hizkuntza eta euskalkien arteko bereizketa linguistiko hierarkikorik ez dagoala, berezko balio lingusitikoa biek daukie. Gauzak holan dirala, estandarra ezinbestekotzat joten dabe munduko komunidade askok eta askok. Euskerearen kasuan, nire eretxiz gauzak ondo egin dira, batetik, gizarteak babes handia emon eutsolako batuaren estandarizazino proiektuari eta hori ez da arrunta munduan; bestetik, euskalkiak hiztunaren identidadeagaz lotuta dagoz eta, beraz, aldaeren erabilera eremuak zehaztea denpora kontua baino ez da izango.

8.- Internet eta, oro har, teknologia hizkuntzen galbidea ete da?

Arriskua badago egon, besteak beste, Interneten gehien erabilten dan hizkuntzea inglesa dalako eta hori ez dago ukatzerik. Dana dala, tradizino idatzirik izan ez daben hizkuntzek gaur egun bide erabilgarria daukie Interneten, ahozkotasuna zabaltzen doa geldiro-geldiro eta, ganera, alkarren artean urrun dagozan komunidade bateko hiztunak komuniketako balio dau. Horregaz batera, Internetek alkartasun guneak ahalbidetzen ditu eta hori sano garrantzitsua da.

9.- Euskal Herriko hiru lurraldeetan lehen hizkuntzea erderea izan dabenak nagusi dira: 15 urtetik gorako lautik hiruk erderea izan dabe lehen hizkuntzea edo ama-hizkuntzea; ia bostetik batek euskerea izan dau ama-hizkuntzea; eta gitxiengo txikiak (% 3,5) euskerea erdereagaz batera izan dau lehen hizkuntzea. Zezeilaren 21ean, ama-hizkuntzaren nazinoarteko eguna ospatuko da. Badago horren beharrik? Zeintzuk dira aldarrikapenak?

Bai. Lehen aitatu dodan sentsibilizazino beharraren bidean, beharrezkoak dira holako ekinbideak, egoerearen barri emoteaz ganera, hizkuntza txikien ospea indartzeko eta komunidade desbardinetako jentea hartu-emonetan jarteko balio dabelako.

10.- ‘Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dabelako dakitenek erabilten ez dabelako baino’...

Bai, holan da eta asko eskertuko deutsagu beti Artzeri hori idaztea ze hiztunoi zeozelan egurra emoten deusku eta oso ondo dago, izan be, hizkuntzea gordetea hiztunon ardurea da. Edozelan be, hizkuntza txikietako hiztunei ardura osoa emotea gehiegizkoa da; hizkuntza gitxituak ez dagoz holan halabeharrez, euren erabagiz, izan be, eragile asko dagoz, kanpoko eragileak batez be. Zabalpen handiko hizkuntzetako hiztunengan eragin behar da, zeozelan ezagutarazo behar jake hizkuntza txikiek be euren balioa daukiela, ondare unibersala dirala, hain zuzen be.

Koldo Isusi Zuazo