Eretxia  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Zertarako berba gehiago?


Horixe da, irakurle, gaur hasitako nire ibilbidearen helburua. Lortu ala ez, aparau ala huts egin, denporeak esango dau. Mila esker, irakurle, bidaide izatearren.

IƱaki Atxutegi

Egunero-egunero, ohetik altzetan garanetik, berbak baino ez doguz inguruan, berba zaparradea. Hainbat berba irratitik, telebistatik, hainbat esaera ta oihu karteletatik. Etxean, kalean, beharrean, tabernan, lagunak eta arerioak berbetan, ezagunak eta ezezagunak. Berbak baino ez dagoz airean. Itxuraz, berbaz blai emoten dogu egun osoa, berba bidea da gure gizartearen oinarria. Baina berba egitearren eta berbetan bizitearren alkarrizketea ete da gure bizitearen oinarri?

Ez da hori egia osoa, tamalez. Berba egikeran eraso egiten deutsagu lagun hurkoari, berbea da burlearen edo adarjotearen tresnea, berbetan ezkutau egiten doguz gurariak ta asmo maltzurrak. Plantak egitea gustetan jakulako. Berbearen indarrean sinistuten dogulako. Berba potoloen atzetik, labankadak eta eztenkadak datoz, baina.

Mendebaldean beste inor baino gehiago garala sinistuta gagoz. Aurreratuagoak, zibilizatuagoak, zintzoagoak, garbiagoak gara. Gure mugetatik kanpoko munduko biztanleak, ostera, gure itzalari jarraituz, gugandik ikasi egin beharko dabe egunen batean, gu lakoak izan daitezan. Eta berba politak eta azpijokoa bereiztuten jakingo dabenerako, beranduegi izan daiteke.

Errealidade gordina onartu beharrean gagoz, geure burua engainau gura ez badogu behintzat. Gure gizartean uste baino indarkeria gehiago dago oraindino. Ez dogu benetan alkarrizketearen indarrean sinistuten. Ez gara benetan berbez fidatzen. Gutarrentzako ta kanpokoentzako eredu zintzoa izateko bide luzea dogu aurretik.

Gure inguruko zaratea, informazinoa deitutako hori, trabea izaten da sarri askotan gure buruaren ganean hausnarketea egiteko. Geure burua horrenbeste goratu barik, tasun ta keria guztiak ahalik eta erarik zintzoenean aztertu beharko geunkez ezkutuko asmo barik, eta norberaren indar apurrak zeregin horretara bideratu.