Edorta Lamo chef donostiarrak ordezkatuko dau Euskal Herria 'Urteko Sukaldaria' lehiaketearen final handian
Bizkaie!
Edorta Lamo donostiar gazteak Euskal Herria ordezkatuko dau uriburu gipuzkoarrean datorren martiaren 9an egingo dan 'Urteko Sukaldaria' lehiaketearen azken final handian, antolatzaileek jakinarazo dabenaren arabera.
Ekimen hau bi urtero behin egiten da eta Martin Berasategui sukaldaria izan dau aurten epaimahaiko presidente lez aurreko faseetan eta baita final handian. Gainera, ekitaldi hau WACS (World Association of Cooks Societies) izenekoak bermatzen dauen bakarra da Espainia osoan.
Espainiako sukaldaririk hoberena aukeratzeko txapelketa honek 'sukaldaritza lehiaketa batek orainarte banatutako sari handienak emongo ditu', dinoe antolakuntzatik. Irabazleak 12.000 euro eta bi personentzako bidaia bat europako uriren batera jasoko ditu eta bigarren eta hirugarren sailkatuek 6.000 eta 3.000 euro irabaziko dabez, hurrenez hurren.
'Urteko Sukaldaria' txapelketan zortzi finalaurreko handi egiten dira erkidego guztietako sukaldariak ordezkatuak izan daitezan'. Parte-hartzaileen betekizun bakarrak 23 urte izatea eta sukaldari lez lanean jardutea da.
Finalerako sailkatuek bost ordu izango dabez sei personentzat hiru plater eta postredun menu bat gauzatzeko eta lehengaiek persona bakotxeko 12 euroko kostua ezin izango dabelarik gainditu. Epaimahaiak aurkezpena, barrikuntzea, gustoa eta prestakuntza zuzena zein profesionala lako gaiak balorauko ditu.