Jan-edanak  IV. urtea // 150. zenbakia

Haritzezko barrikearen teknika alternatiboak


Azken buruan, Espainiako Nekazaritza Ministerioak oraindino ez dau erabagirik hartu praktika honen aurrean; edozelan be, emoten dau espainiar estaduko zenbait ardaoren lehiakortasunaren alde egingo dauela, hain eztabaidatua dan teknika horri oneretxia emonaz.

Imanol Sarasola,
enologoa

Barrikak, oso ontzi aproposa izanik, goi mailako ardaoei aberastasun, lehuntasun, biribiltasun eta fintasuna be adierazoteko aukerea emoten deutse. Alkimia hau, batez be, ardaoaren berezko kalidadean nabarmentzen da, kalidade handikoetan behintzat. Egurraren aukeraketeak, usainari jagokozan ezaugarriak gehitzeaz gan, (egurra, lore espezie, enpirreumatikea), taninoak leuntzen ditu eta sortarazoten dauen oxidazinoaren bidez, kolorea egonkortzen laguntzen dau. Gaur egun, arrazoi ekonomikoengaitik gehienbat, jatorrizko izentapena daben ardaoen % 20-25 baino ez dira barrikan zaharturikoak. Berbarako, Frantzian, 1996an 59´6 miloe hl. ardao produzidu ziran eta horreetatik 4´8 miloe hl. baino ez ziran barriketan zahartu.

Bizpahiru urte pasau ondoren, kostuak gitxitze aldera, ‘egur gustoa’ daben ardaoak merkaturatzen dira baina gusto hori hartzeko barrikan egon beharrean, beste teknika batzuk erabilten dira. Teknika horreek, tradizino enologikorik ez daben herrialdeetan sortuak dira, besteak beste, Estadu Batuetan, Txilen, Australian eta Argentinan. Horrezaz gan, herrialde horreetan, Europako Batasunean ez bezela, batez be Frantzian, ez dago ardaogintzaren gaineko kontrol arauturik.

Egoera honen aurrean, beharrezkotzat jo izan da aztertzea zenbateraino erabilten diran haritz biruta edo txirbilak eta zelan eragiten daben ardaoaren kalidadean, hau da, haritzezko biruten eragina ardaoen konposizinoan, izan be, tradizinoan egurrezko barrikek ardaoari erantsi deutsen funtzino bikotxa lor daiteke biruten bidez: egur gustoa eta baita ardaoaren egiturea sendotzea be.

2006an, ardaoari jagokon Merkatuaren Ohiko Egiturearen (OCM) erreformea aurreikusita dago, nahiz eta 2007rarte ez dan onartua izango. Europako Batasunetik kanpokoak diran ardaoen konpetentzia dala eta, bertoko ardaogintzea babestuko dauen erreforma baten beharra ikusi da Europan. Esangura horretan, Europako Batasunak baimena emon deutso Alemaniari haritz birutakaz ikerketak egiten jarraitzeko. OIV, Mahasti eta Ardaoaren Nazinoarteko Erakundeak 2001ean onartu eban neurri hori, aldez aurretik, Estadu Batuetan erabilten zala ikusirik. Erakunde horretako presidentearen esanetan, ‘bardin da ardaoa egurrean sartzea edo egurra ardaotan’.

Beste alde batetik, aitatutako teknikea ardao botilen etiketetan zelan adierazo erabagi barik dago oraindino. Adituak bat datoz barriketan zahartutako ardaoak eta biruten teknika bidez ondutakoak bereizi beharra dagoala nabarmentzean. Era berean, ardaoari bota ahal izango jakon egur muetea eta zelan (txirlorea, egur zatiak, birutak) erabagitzeko dago. Beraz, zarratzea ia-ia ezinezkoa izango dan ate barri bat edegi da ardaogintzan, batez be, 2005ean Europako Batasunak Estadu Batuakaz ardaogintzarako adostutako arauak garatzen badira.