Musikea  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Musikearen eta kulturearen ganeko gogoetak

'Diskoen salmentea ez da krisialdian dagoan kulturearen arlo bakarra'


Kulturea diru iturri?

Kultureak ez dau dirurik emoten eta hortxe dago arazoa. Berez kultureak ez leuke diru etekinaren itzala alboan izan beharko, kulturea defizitarioa izan beharko litzateke definizinoz, ondasun publiko bat baina argi dago musikeari jagokonez behintzat, teoria hori errealidadetik urrun dagoala. Musikea negozio bihurtu da eta negozioaren -tasun edo -keria hori galtzen joan dan neurrian, ardurea eta urduritasuna handitzen joan dira orain dagoan punturaino. Erreakzino ugari sortarazo zituan orain dala gitxi Alaska ospetsuak egindako adierazpenak: 'Ez dot aitzen zelan saldu daiteken nire disko bat hain karu, berez diskoa fabriketearen kostua erdia danean'. Baieztapen horregaz, Alaskak musikearen industriatik bizi diran hainbat bitartekarik (banatzaileak, dendariak...) bere diskoari boikota egitea baino ez eban lortu eta dendetatik kentzekotan egon ziran. Alaskaren salaketea argia zan, nik neuk lehen aitatu dodan negozio hori salatzea hain zuzen, bitartekarien bitartekaritzeari esker disko baten prezioa bikoiztu egiten dala eta ez ebala hori ondo ikusten. Honen inguruan, balorazino desbardinak egin daitekez, beti be, negozioaren zein aldetan zagozan kontuan hartuta. Oro har, musikaria, portzentaje handian Alaskak botatakoagaz bat etorriko da eta banatzaile batek, barriz, ehuneko ehunean esango neuke, Alaskaren disko guztiak zakarrontzira botako leukez. Honen harira, uste dot estadistikakaz loturiko datu bat aitatzea be ez litzatekela txarto egongo; talde batek ondo funzionetako, kasu gehienetan, honako elementuak beharko leukez:

MUSIKARIA-TEKNIKARIA-DISKETXEA-BANATZAILEA-DENDARIA-MANAGERRA.

Beharbada, bateren bat itxiko neban aitatu barik. Zerrenda horren barruan profesionala ez dan bakarra, ehuneko larogeita hamapiku altuan, musikaria dogu. Teknikariak normalean teknikari zeregina dauka ogibide, banatzaileak banatzaile eta holan zerrendako guztiakaz bardin, musikariaren salbuespenagaz jakina. Salbuespenak salbuespen, musikariarentzako zaletasuna da musikea eta bizimodua atarateko harakin, peoi, kamareru edo dana dalako ogibidea aukeratu behar dau derrigor. Honek be desorekea dakar beharginen katean. Industria batek funzionau daian hazia ipinten dauenari babesa emotea oinarrizkoa da eta normalean ez da holan izaten. Mundu guztiak ditu gogoan krisialdiagaz batera galduko diran lanpostuak baina oso jente gitxik erreparetan dau kate horren lehenengo mailan sortu ez diran lanpostuetan eta hori ez dot ondo ikusten. Argi dago industria bat sortzeko artistikoak ez diran faktore ugari izan behar dirala kontuan, kasu batzuetan, artistikoen beste garrantzia dabenak, baina inoiz ez garrantzitsuagoak, bestela, desorekea sortuko litzatekelako; horixe da, hain zuzen be musikearen munduan ikusten dodan arazoetariko bat, handiena ez bada. 'Pirateria' eta kontu horreek guztiak azaleko atxakia moduan ikusten dodaz.

Gero eta jende gitxiago hurreratzen da kontzertuetara eta gai honetaz ez da gauza handirik entzuten. Argi dago, gizartearen ohiturak eta jokabidea aldatzen doaz eta oraindino ez dago jakiterik nondik nora joko dauen kontu honek; gauzak holan dirala, urduritasuna normaltzat hartu behar da. Gauza bat da aldaketa batek nahitaez dakarren desegonkortasunaren barruan egotea eta beste bat, barriz, sufridu beharreko 'krisi' hau.

Kulturea krisian jaio zan eta oraindino holan dago. Egoerea ez da asko aldatu. Ganera, nork esaten dau ez dala diskorik saltzen? 'Operacion Triunfokoek zenbat saldu ditue?

Rafa Rueda


Pasa dan urtarrilean Frantziako Cannes urian mundu mailako diskoetxe eta musikearen inguruan dabilzan industria zein beste arlo guztiak batu dira ospe handiko Midem jaialdian. Jaialdi honen zergaitia, gaur egun musikearen industriak dituan ardura edo burukominak amankomunean ipintea da eta, ahal bada, konponbidea emotea. Azokeagaz batera, kontzertu ugari egon ziran eta estadutik joandako taldeak SGAEk konbidauta joan ziran, besteak beste, Luz Casal, Wagon Cooking edota Carlos Jean.

Aurten, Euskal Herriko diskoetxerik gehienak Cannesen egon dira

Mundu mailako bilgunea dan Midem horretan, multinazionalak dira nagusi eta galderea da ia zeresanik daben ala ez neurri txikiko eta hizkuntza minorizatu baten inguruan dabilzan industriak? Ba bueno, batzuekaz berba egin ondoren, antza bilera hau handiegia da gurea lako industria batentzako. Edozelan be, diskoetxe guztietako arduradunek esaten dabe bidaiak merezidu izan dauela, Europa mailako banatzaileakaz batzarrak egin dituela eta aukera ederra izan dabela beste leku batzuetan zelan behar egiten daben ikusi eta gauza asko ikasteko. Danak bat etorri dira makrosistema honetan ez dagoala lehiatzerik esaterakoan; halan da be, datorren urtean barriro joateko gogoz dagozala esan dabe.

Aurten, aurreko urteetan baino jende gitxiago hurreratu da eta azken bolada honetan danon ahotan dagoan pirateriari zelan aurre egin eztabaidatzen ibili dira, izan be, burukomin handiak eragiten deutsoz horrek industriari. Errealidade garbia da diskoen salmentak ia-ia % 50 egin dauela behera pasa dan mende amaieratik hona eta arduratzeko gaia da ze joera hori segurutik ez da aldatuko aurrerantzean.

Kulturea krisian ete dago?

Diskoen salmentea ez da krisialdian dagoan kulturearen arlo bakarra, honegaz batera, liburuen salmentea (honeek kopietea gatxagoa da), kontzertuak, antzerkia eta bestelako ekitaldi batzuk be sartu geinkez. Gauzak holan dirala, ondorio legez, kulturaren krisialdi orokor baten aurrean gagozala esango neuke. Ganera, pirateria ezin daiteke esan musikarientzako kaltegarria danik, nik behintzat kontrakoa esango neuke, azken baten disko bat kopiau eta zeozelan disko hori zabaldu egingo dogu eta horixe da hain zuzen be musikariei gehien interesetan jakena, kontuan hartuta diskoen salmentatik ez dabela diru asko ikusten. Musikariak zoritxarrez diskoen salmentatik oso diru gitxi ataraten dau eta bere diru iturririk nagusiena kontzertuak dira; horregaitik, musikariak baino gehiago, beste batzuk dira arduratuta eta urduri dagozanak.

Pirateria era bi

Pirateriaren ganean berba egiterakoan, beharrezkoa ikusten dot bereiztea etxeko pirateria eta pirateria industriala. Musikazale guztiok beti izan dogu diskoak kopietako ohiturea edo beharrizana eta, orain arte behintzat, horrek ez dau inoiz kalterik ekarri diskogintzarako; pirateo industrialak, ostera, miloeak darabilz bueltaka eta horrek bai desorekatzen dauela diskogintzearen industria. Argi dago zenbakien aldetik hain murritza dan euskal merkatuan disko bat kopieteak beste merkatu handiago batzuetan, berbarako espainolean baino eragin handiagoa dauela baina nire uste apalean, arazoa pirateria baino askozaz sakonagoa da.