Bertsotan  IV. urtea // 149. zenbakia

Bertsoa, maitasunaren bide


Xabier Paia

UZEIk (Terminologia eta Lexikografia Zentroak) igaz Maiztasun Hiztegia atara eban. Hiztegi berezi horrek XX. gizaldian gehien erabilitako berben zerrendea dakar. Berbarako, bertsotan gehien erabili diran berben bilaketea egin leiteke. Aprobea egin ezkero, nagusitzen diran berbak bi dira: amodio eta maitasun. Ezin geinke ukatu, beraz, bertsolaritzearen eta maitasunaren arteko erlazinoa zuztar sakonekoa dana.

Izan be, bertsoa ezetzaren bildurrari neurria hartzeko dagoan bide onenetarikoa da. Emoten dau bertsotan esaten dana guzurra eta egia izan leitekeela aldi berean. Ganera, figura poetikoek eta erretorikoek esandakoari beste esangura bat topetako aukerea emoten dabe. Hortaz, bertsoa lotsearen ezkutua eta ausardiaren ezpata da maitasunean.

Bertsolaritzearen historiari begiratu ezkero, maitasun ezinezkoen eta destaina amaibakoen erregea Donostiako bertsolari bat izan zan: Indalezio Bizkarrondo, Bilintx. Triste bizi naiz eta, Loriak udan, Kontxesiri, Behin batean Loiolan… bertsolaritzeak erromantizismo garairik izan baeban, aitatutako obrek hor agertu beharko dabe. Gogora daigun bere irudi ezagunenetako bat agertzen dauen bertsoa:

Nere betiko pentsamendua
nere kontsolagarria,
zu gabetanik ezin bizi naiz,
esaten dizut egia;
zu bazinake arbola eta
ni baldin banintz txoria,
nik zu zinakeen arbola hartantxe
egingo nuke kabia.

Ez daiala inork pentsau bertsolaritzearen tradizinoak maitasuna soilik metafora beteko bertsoetan gordetzen dauenik. Izan be, ezagunak baitira amodioaren inguruan bertsotan egitera animetan daben bat-bateko bertso arteko leloak:

Bertsoa bezain bat-batekoa
eztia bezain goxoa,
gogoan daukat non eman nion
lehendabiziko muxua.

Baina, halaxen ere
axolik ez jatan,
moxu emoten neutson
heldu bakoitzean.

Ezetz ziola baina
azkenean baietz,
ligatu nahi zuela
baina nirekin ez.

Bestalde, maitasuna nerabeen gai erabiliena izaten da bertsotan. Maitasunari buruzko bertso-paper ugari agertzen da gaur egungo bertso idatzien lehiaketetan. A zelako gauzak esaten diran lehenengo aldiz maitemintzean!

Beti nengoen zuri begira
beti zure inguruan,
zure begiak eta ezpainak
zebiltzan nire buruan,
gehiegi ez ote zaren niretzat
nahiz eta ez jarri dudan;
Zer egingo dut orduan,
kolokan banabil mugan?
Zure begiek itsutu naute
nahiz argi ikusi dudan
zure moduko beste neskarik
ez dagoela munduan.

Maitasunaren bideen artean, aditu adituenen eretxiz, bertsoa maitasun biderik egokiena izan leiteke. Bai, behintzat, 'bertsotan aisa esan leitekeela zenbat maite dogun inor'. Hortaz, maiteminduta zagozienak, badakizue, ahaztu konsumismoa eta oparitu bertsoak.

Balendin deuna on!