Erromako Unibersidadeak be badauka Euskerea eta Euskal Kultura saila
Iratxe Ormatza
Erromako Associazionne Culturale Euskara alkartea eta Universita Popolare di Roma unibersidadea orain urtebete alkarlanean hasi ziran. Horren ondorioz, euskera eskolak eta Euskal Herriaren inguruko ikastaroak emon dabez. Aurretik be, unibersidadean Maider Elkoro irakasleak euskera eskolak emon izan ebazan. Eusko Jaurlaritzeak UPTER unibersidadeagaz sinatu dauen itunari esker, Euskera eta Euskal Kultura saila sortu dabe. Horrek orain arte egindako lana finkatuko dau. Izan be, datorren lauhilekoari begira eskaintza hau daukie: euskerea ikasteko hiru maila, berba egiteko eskolak eta euskerearen eta euskal kulturearen ganeko ikastaro bi. Euskal kulturea ardatz daukan ikastaroan irakasle euskaldunak eta italiarrak dagoz, eta historiaren, euskal literaturearen, mitologiaren eta euskerearen kronologiari eta horri lotutako gaiak jorratzen dabez.
Associazionne Culturale Euskarak eta unibersidadeak eskaintzea eskoletatik kanpo be zabaltzen dabe. Igaz Mariasun Landa idazlea egon zan, Roberta Gozzi itzultzaileagaz eta Daniele Conversi irakasleagaz batera. Hemendik gitxira Edorta Jimenez idazleak berbaldi batzuk emongo ditu, eta ostean Anjel Lertxundi idazlea be han izango da. Halanda ze, euskal diasporea ekinean dabil Euskal Herriak kanpoan be oihartzuna euki daian.