Euskaldunok munduan  IV. urtea // 149. zenbakia

Euskal Herriko musikea entzuten dabe Mexikon


Iratxe Ormatza

Miguel Arsuagak bost urte bete ditu Euskal Herriko musikearen inguruko irratsaioa egiten, ‘Contra la pared’ deiturikoa. Non eta Mexikon DFn. Eguaztenero, Arsuagak egunez ibilten dauen gorbatea eta trajea kendu eta, nikia soinean, bere pasinoz janzten dau irratsaioa. Persona askoren legez, Miguel Arsuagak ogibide bat eta bizibide bat daukaz. Bizimodua atarateko ogibidea, eta bizimodua egiteko bizibidea, barrua beteten dautsona. Daborduko lau urte dira saioa egiten hasi zanetik, Arsuagaren familiak itxitako pisu batean estudioa jarri ebanetik.

Arsuagaren familia baztandarra da eta 1985ean Euskal Herrira etorri eta Lekunberrin Itoizen kontzertua ikusi ebanean, bizitza aldatu jakon. Hortxe bere berbak. Sasoi hartan Euskal Herriko musikeagaz maitemindu zan, euskal rock erradiakala eban gogokoen. Beragaz batera, Mexikon eukazan lagunak bere zale egin ziran. La Polla Records gehien maite eban taldeetariko bat zan; Euskal Herrira etorri eta diskoz beterik joaten zan atzera. Behin, ehun eta berrogeita hamar disko eroan ebazan.

Mexikon hemengo musikea gustukoa dabe. Orain dala gitxi Betagarri eta Berri Txarrak kontzertuak emoten ibili dira. Musikazale frankok jatorriko diskoak erosi baino, pirateau egiten dabe, batez be diru asko ez daukienek. Horren artean, Skalariak, La Polla Records eta Soziedad Alkoholika taldeen zaletuak dagoz. Gai horren harira, Mexikon euskal musikearen salmenten beherakadea aitatu behar da. Berbarako, Esan Ozenkik ordezkari bat izan eban Mexikon, baina itxi behar izan eban.

Irratsaioa sarearen bidez zabaltzen da, eguaztenetan gaueko zortzietatik aurrera (hemen, arratsaldeko ordu biak). Euskal musikearen ganerako saioa Mexikotik zuzenean www.xrgritaradio.com webgunean dozue.