Zinea  IV. urtea // 149. zenbakia

Memoirs of a geisha


'Memoirs of a geisha' pelikulan bizimoduak gogor astindu eta Geisha gureztala bihurtu behar izango dauen neskatila baten ibilbidearen barri emoten deuskue. Filmaren garapena eta erritmoa geldoa izan arren, horrek ez dau esan gura ikus-entzuleak abrozidu behar diranik. Egia da gorabehera batzuk dagozana eta gidoilariak protagonistearen bizitzearen zati batzuei behar baino garrantzi handiagoa emon deutsena kontakizuna apur bat desorekatuz, baina orokorrean pelikula ona dala esan beharra dago.

Bestalde, azpimarratzekoa da film hau girotzeko egindako behar aparta: argazki lan bikaina, makillaje sinisgatxak, dekoratu itzelak eta jantzi ikusgarriak. Filmari darion edertasunagaitik besterik ez bada be, merezidu dau Estatu Batuetako kritikeak gitxi eretxi eta bigarren mailakotzat hartu dauen pelikula interesgarri baizen sendo hau ikustea. Ganera, antzezleen lana be aitzekoa da, batez be Zhang Ziyi dirdiratsuarena eta Ken Watanabe erakargarriarena; dana dala, Michelle Yeoh-en dotoretasuna eta Gong Li-ren indarra be ez dira atzean geratzen.

Laburbilduz, luzemetraia honetan lan tekniko ikusgarria ez eze kontakizun entretenigarria eta antzezpen onak be topau ahal izango dozuez. Batzuetan, erritmoak egiten dau huts, baina jaseko lana da, ederra benetan.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Rob Marshall.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 145 minutu.
- Antzezleak: Zhang Ziyi (Sayuri), Ken Watanabe (Presidentea), Michelle Yeoh (Mameha), Gong Li (Hatsumomo), Kôji Yakusho (Nobu), Youki Kudoh (Calabaza), Kaori Momoi (Mamita), Tsai Chin (Tía), Cary-Hiroyuki Tagawa (Baroia), Suzuka Ohgo (Chiyo), Zoe Weizenbaum, Thomas Ikeda (Sr. Bekku).
- Gidoia: Robin Swicord eta Doug Wright; Arthur Golden-en nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Dion Beebe.
- Muntaia: Pietro Scalia.