The secret life of words
Isabel Coixet-ek ingelesez zuzendu eta Tim Robbins eta Sarah Polley protagonista euki dauzen lan hau orain arteko onena izan dala esan deuskue behin eta barriz; ganera, Goya sarietako irabazle nagusia be izan da, baina, nire eretxiz, aurreko lana, 'Mi vida sin mí', film sendoagoa eta osoagoa izan zan, honako hau behar ona dala onartuagaitik be.
Film honen gai nagusia isilunetan dago, berba eginda be, esaten eta adierazoten ez dan guztian. Hannak ez dau ia-ia berbarik egiten eta Josefek dan-dana ostentzen dau txirritola amaituezin baten atzean. Protagonista biak sano misteriotsuak dira eta ikus-entzuleen jakingurea sortu eragiten dabe. Horretan Coixet-ek bete-betean asmau dau, seguru antzean bien lan serio eta onak lagunduta.
Edozelan be, zati batzuetan pelikulearen erritmoari gurata emondako ikutu monotonoa larregikoa dala uste dot. Unekada horreetan dan-dana grisegi agertzen jaku, ilunegi eta seguru antzean geldo eta motelegi. Hori bai, amaierea zirrara sakona eragin eta guztion barrenak astintzen dauzen horreetarikoa da. Ganera, film tristea izan arren, ezusteko momentu batzuetan inork itxaroten ez dauen umore burutsu eta argia azaltzen da. Azken batean, lan kilikatzaile eta hunkigarria da; horixe da 'The secret life of words'-en birtuterik handiena.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoilaria: Isabel Coixet.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 122 minutu.
- Antzezleak: Sarah Polley (Hanna), Tim Robbins (Josef), Javier Cámara (Simon), Sverre Anker Ousdal (Dimitri), Eddie Marsan (Víctor), Steven Mackintosch (Dr. Sulitzer), Eddie Marsan (Victor), Julie Christie (Inge), Daniel Mays (Martin), Dean Lennox Kelly (Liam), Danny Cunningham (Scott).
- Argazkia: Jean Claude Larrieu.
- Muntaia: Irene Blecua.