Ereduen gaineko eztabaidea gori-gori (I)
Erramun Osa
Orain dala gitxi Eusko Legebiltzarrak 80ko hamarkada ezkeroztik indarrean dagoan euskerazko ereduen sistemea gaindituko dauen proposamen barri bat landu daian eskatu deutso Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailari. Erabagia arrazoitzean, besteak beste, ereduen sistemeak porrot egin dauela eta helburuak lortzeko ezgauza dala aitatu dira eta horreek guztiak aztergai izatea be komeni da.
Euskerearen indarbarritze ahaleginean garrantzi handiko pausuak emon dira duda barik. Inguruabar horretan, hiztun kopurua gehitzeari jagokonez, helduen euskalduntzean eta ikastoletan eta eskoletan egin dan lana erabagigarria izan da. Halan da ze, eskoleak euskalduntzen ez dauela esatea sinplekeria da. Izan be, argudio berari tiraka, eta euskaltegietatik pasau diran persona heldu kopurua kontuan hartuta, euskaltegiak be persona helduak euskalduntzeko ezgauza dirala ondorioztatu beharko geunke.
Ereduen sistemea aztertzean, 80ko hamarkadako egoerea gogoan hartzea komenigarria da oso. Administrazinoaren jabetzapeko eskoletan euskerazko irakaskuntzan egoan tradizinoa urria zan, artean profesional gitxik ekian euskeraz eta horreetako are jente gitxiago zan gauza euskeraz klaseak emoteko. Ezintasun honeei gurasoen ardurea be gaineratu behar jaken. Izan be, euskereari leku gero eta zabalagoa eskaini ahala, jatorriz eta ingurunez erdaldunak ziran ume eta gazteak eskolatzean eragin negatiborik izango ete eban bildurra uxatzeko bidea egin behar zan. Horrezaz gain, euskerea indarbarritzearen kontra ebilzan sektoreak neutralizetako pausuak be emon behar ziran.
Gurasoek eredu bat edo beste aukeratzeko eskubidea izateak euskerearen jardunaren inguruan borondateak praktikara batzea ahalbidetu dau. Besteak beste, gurasoek, aukeratu ahal izan dabelako eta ezarri ez dan lez, kontra egoteko heldulekurik ez dabe euki. Era berean, eredurik euskaldunenetan matrikulauta euskeraz emoitzak onak izan eitekeazala eta ahalegin beragaz hizkuntza bi gitxienez eskuratzeko modua egon eitekeala be ikusi dogu. Prozesu horrek, bide batez, A eredua desagertzeko bidean jarri eta eredurik euskaldunenak indartzea ekarri dau, aldi berean, eskolan dabiltzan milaka profesional euskalduntzeko denporea eskainiz.
80ko hamarkadan ez genduan Merlin izan behar, helburu komunak ezarri arren, horreetara heltzeko aukeratutako bideagaz ezin zala ailegau aurreikusteko. Baina, baldintzak ziranak zirala, ba ete egoan bestelako biderik? Eta, esanak esan, euskeraz gaitasun apala izatea bera be ez ete dogu hartu behar amaitu bako aurrerapausutzat, bururaino hartu beharreko erronkatzat?
Egungo gizarteak eskoleari gauza asko eskatzen deutsoz, baita bereak diran ahuleziak eta eiteak zuzentzea be. Baina, eskolea ez da iretargian isolatuta dagoan zeozer. A, B edo D ereduan ikasi daben edo holan diharduen askok zergaitik daukie horren gaitasun desbardina? Bada, horretan, etxeko hizkuntzeak, familia-baldintzak (ekonomikoak, ikasketak, etab.), ingurune soziolinguistikoak, hizkuntzen arteko interferentziak, hizkuntzeagazko hartu-emonak, hartu-emon sareak, euskeraz berba egiteko egiazko aukerak eta abar luzeak eragina eukiko dau, ala ez? Holan bada, faktore batzuk eskoleak kontrolau edo zuzendu leikez, baina, beste asko, garrantzi handikoak gehien-gehienak, ez!
Zergaitik daukie D ereduan ikasten ibilitakoek edo dabiltzanek, edadean aurrera egin ahala, euskeraz berba egiteko gaitasun nahikoa izan arren, erderaz egiteko joera gero eta handiagoa? Besteak beste, goiko kursoetan eskolearen eragina murritzagoa dalako eta erderaz gorpuztutako astialdiko norma sozialek, lan merkatuaren eskakizunek, kale-bizitza arrunt, normal, egunerokoan gailendurik dagozan konbentzinoek eta abarrek eragin askoz indartsuagoa dabelako.
Baina, aurrekoa esanda, bide barri bati ekiteko okasinoa heldu da.