Debekuak eta isunak lekuz kanpo dagoz
IƱaki Atxutegi
Joan dan astean Mahomaren ganeko karikaturak izan genduzan berbagai. Oraindino ez dira amatau biztutako txinpartak. Are gehiago, sutea handitu egin da aste honeetan. Orain astebete esaten genduan sartaldeak bere baloreetako bati eutsi behar deutsola, hain zuzen be, adierazpen askatasunari. Ez neban esaten, artikulu baten beti geratzen dira eta hamaikatxu gauza esan barik, sartaldeak badaukazala askatasun horregaz zerikusi gitxiko jokabideak. Absoluturik ez dago mundu honetan, are gitxiago eskubideak errespeteteari jagokonez.
Orain gitxi jakin izan dogu aitatuko ez dodan etxe komertzial baten kontrako espedientea zabalduko dauela Eusko Jaurlaritzeak, kaleratutako publizidadean andrak gitxiesteagaitik. Eremu labankorretan sartu dirala uste dot. Asko dira musulmanen ganeko kontuetan adierazpen askatasuna ahotik ezin kendurik ibili izan diranak. Hau esan eta berehala aitatu dogun publizidadea erretirau edo zigortu egin behar dala esaten dabe askok. Eta zer da hau zentsura mota bat baino?
Egia da andrearen gorputza eten barik erabilten dala produktuak saltzeko. Baina onartu behar da, baita, gero eta gehiago erabilten dirala gizonen gorputzak publizidadea egiteko. Batzuen eretxiz, gero eta muga gitxiago dagoz publizidadean. Esate baterako, lehen aitatzen genduan enpreseak arduradunak galtzontzilotan atara ebazan aurreko kanpaina batean. Badagoz, daborduko, komunean jazoten diran publizidade eszenak be. Eta galderea lantzean behin etorten jaku burura: non dago gainditu ezin dan mugea? Indarkerian, odola erakustean? Hara, ez daukat erantzunik. Ez dagoalako jakiterik hemendik urte batzuetara zer hartuko dogun ontzat eta zer ez. Orain urte batzuk ezin genduan imajinau orain zenbait iragarkitan ikusten doguna. Baina hor dagoz, eta gustura ikusten doguz.
Sarri askotan, publizidadearen arrakasteak mugea non dagoan marketan dau. Iragarki batek asmetan dauenean eta horri esker salmentak handitzen diranean, hor ikusten dogu zer egin leitekean. Kontsumitzaileak onartu egin dauelako. Era berean, iragarki batek nazka edo gorrotoa sortarazoten badau, ez dau lortuko asmoa. Ondorioz, produktu horreen salmentak beherantz joango dira eta, holan, zer ez dan egin behar publizidadea egiteko orduan jakingo dogu.
Argi dago, nire eretxiz, ez dagoala muga finkorik iminteko modurik. Gaur jasanezina izan leitekeana txalotzekoa izan daitekelako hemendik urte batzuetara. Sensibilidadea galdu behar ez dan balorea da, jakina, baina ez gaitezan nahastau. Batzuetan gustu txarreko iragarkiak ikusten doguz. Honek ez dau esan gura iraingarriak diranik. Gustu txarrekoa izatea ete da iragarki bat galarazoteko edo zigortzeko arrazoia? Enpresa ospetsu horren iragarkiak zer dira, iraingarriak ala gustu txarrekoak? Adierazpen askatasuna ez da islamiarrek bakarrik defendidu behar daben balorea. Baita gure gustukoak ez diran iragarkiak egiten dabezanean be.