Sarean  IV. urtea // 149. zenbakia

Euskal internauten % 22,8k merkataritza elektroniko bidez egin ebazan erosketak 2005ean


Bizkaie!

Euskal Autonomia Erkidegoko internauten %22,8k merkataritza elektroniko bidez egin eban erosketaren bat 2005ean. Holan, urteko hazkundea % 66,7koa izan zan Estatistikearen Euskal Erakundearen (Eustat) datuen arabera.

Interneteko erosketen gorakadea sareko operazinoen segurtasun mailearen igoereak ekarri dau. Izan be, lau internautatik hiruk konfiantza nahikoa eukan Internet bidez egindako erosketen segurtasunean.

Erosketa gehienak urteko lehenengo seihilekoan egiten dira baina azken hiru hilebeteotan Internet bidez erosi dauen internauten kopurua % 9,3 gehitu da. Hain zuzen be, 2005eko bigarren hiruhilekoan 144.500 internautek erosi eben Internet bidez eta 2005eko laugarren hiruhilekoan 157.900 izan ziran. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, 63.200 internauta-erosle gehiago izan zan.

Erosketa elektronikoan ohikoenak diran produktu edo zerbitzuak honakoak dira: % 76,1ek oporretarako bidaiak edo ostatuak kontratau ebezan, % 30,4k ikuskizunetarako sarrerak eta % 25,9k liburuak edota aldizkariak.

Konekzinoak

Eustaten datuen arabera, euskal familien erdiak baino gehiagok, % 60,1ek, ordenadorea dauka etxean. Horreetatik % 75,8k Interneteko konekzinoa dauka. Ehuneko hori Espainiako datuakaz alderatuta oso altua da. Internetera lantokitik, ikaslekutik edota beste lekuren batetik sartzen dan persona kopuruak, barriz, behera egin dau.

Erabiltzaileen tasei jagokenez, Gipuzkoa da nagusi, internauten % 40,2 lurralde horretakoak izan ziran eta; gero Araba dago % 38,2gaz. Bizkaiak, aurrekoetan legez, tasarik txikiena izan dau (%35,9). Gehien konektetan diranak 15 eta 24 urte bitarteko gazteak dira.

2005eko laugarren hiruhilekoan internauten % 20ak euskerea erabili eban.