Milaka laguni esker, Bizkaie! aurrera
Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoak urtebete egingo dau datorren apirilean eta pozarren gagoz. Bizkaie!-ren bisitariak milaka zarie eta harpidedunak ehundaka. Tarte horretan ez gara geldi egon eta, geldiro-geldiro, danon laguntzinoagaz, hau da, bisitari batzuen eskabide eta gomendioei jaramon eginaz eta geuk be gauzak hobetzeko beharrizana ikusi dogulako ez gara, ez, gora begira egon. Eskerrik asko danoi; benetan eskertzen doguz zuon ekarpenak (bizkaie@bizkaie.biz).
Kontuak kontu, behar asko dago egiteko, besteak beste, Bizkaie! irakaskuntzan, enpresa munduan, gazte taldeen artean, mendebaldeko euskerearen eremuan eta gure mugetatik kanpo be ezagutuarazotea; erronka handia dogu eta alde horretatik aparteko ahaleginak egiteko prest gagoz. Horrezaz ganera, aldizkariko edukiak aldatzeko maiztasuna be aztertzen gagoz eta hasikeratik buruan bueltaka darabilgun gaia Bizkaie! astekari bihurtzea da; denporeak eta zeuok esango dozue.
Bizkaie!-ren barrikuntzak
Bizkaie!-ren barruan, 'Berbatxat' izeneko txata eta bizkaiera.net, mendebaldeko euskerearen ganeko informazino zabala dakarren gunea aurkeztu genduzan orain gitxi, eta orain, ostera, atal eta aurkezpen askorik behar ez daben kolaboratzaile barriakaz gatoz. Lehendik ezagutzen dozuen 'Euskerea berbagai' atalean, aurrerantzean Erramun Osaren idatziak irakurriko dozuez; 'Beren beregi' atala ikuspegi kritikoagaz pil-pilean dagozan gaiak edo gai sozialak jorratzeko itxiko dogu eta horren ardurea IƱaki Atxutegik hartuko dau. 'Zinea' eta 'Musikea' atal barrietan, ostera, Joseba Terreros eta Rafa Ruedaren idatziak irakurriko dozuez hemetik aurrera.
Beste alde batetik, aurrera begira, 'Bizkaian zehar' atala, orain arte herri aldizkarien gune izan dan atala, berregituratzea da gure asmoa. Aldizkarien azalak baino ez doguz erakutsi orain arte, eta hasikerako asmoa aldizkariak oso-osoan pdf formatuan ipintea izan bazan be, Interneterako desegokia eta irakurlearendako astuna izan daitekelakoan, asmo hori baztertu eta laster, Bizkaie! aldizkarian atalari eutsiko badeutsagu be, argitalpen bakotxean herri aldizkari bateko albisteen barri emoteko asmoagaz gabilz. Izango dozue honen barri be.
Pozarren gagozala esan dogu. Beste batzuek, ostera, egun latzak bizi ditue egunokaz. Guri ez deuskue oraindino aldizkaria zarratu. Gure lankide batzuei, barriz, gure Herrian dan euskerazko egunkari bakarra itxi deutsee. Horren aurrean, Bizkaie!-k ondokoa adierazo gura dau ostera be: gure alkartasun osoa eskaintzen deutsegula Egunkariako lankideei, eta hemen badaukiela foro bat euren eskura, gura dabenerako. Eutsi gogor lanari, Eguneroko lanari. Zuokaz gagoz.
Bien bitartean, eutsi goiari, bizkaiekideok.
Koldo Isusi Zuazo