Zinea  IV. urtea // 149. zenbakia

Oscar sariak


Donostiar bat, Oscar sariaren bila

Musika onenaren izentapenetan, Euskal Herriko konpositore bat dago: Alberto Iglesias donostiarra. Iglesiasek 'The Constant Gardener' entzutetsuaren musikea egin dau, eta Oscarra eskuratzeko lehiatuko da Gustavo Santaolalla ('Brokeback Mountain'), John Williams ('Memoirs of a Geisha' eta 'Munich') eta Dario Marianelli-gaz ('Pride and Prejudice').

Bestalde, Montxo Armendarizen 'Obaba'-k ez dau lortu ingelesez besteko filmik onenaren izentapenik. Espainiako akademiak maila horretan lehiatzeko aukeratu eban Armendarizen lana, baina Hollywoodeko akademiak ez dau holakorik egin. Martiaren 5ean, Los Angelesen (AEB), Kodak antzokian, izango da 78. Oscar sarien banaketa ekitaldia.

Joseba Terreros

Homosexualidadearen gaiaren inguruko film batek irabaziko ete dau Oscar sari nagusia? Horixe da azken asteotan airean dagoan itauna. Izan be, orain arte Hollywoodeko akademiak sekula ez deutso sari nagusia emon gai hori jorratu dauen pelikula bati.

Edozelan be, izentapenen barri euki eta gero, Ang Leeren cowboy bien maitasun istorioak aukera asko daukazala emoten dau. Taiwango zinemagile horren filmak zortzi izentapen jadetsi dauz: filmik onenarena, zuzendaririk onenarena, gizonezko aktorearena (Heath Ledger), bigarren mailako gizonezkoarena (Jake Gyllenhaal), bigarren mailako emakumezko aktorearena (Michelle Williams), egokitutako gidoiarena, argazkiarena eta musikarik onenarena.

Edozelan be, beste film bik nahiko hurretik jarraitzen deutsie. Paul Haggisen 'Crash' eta George Clooney-ren 'Good night and good luck' filmek sei izendapen jaso dabez, eta biek filmik onenaren Oscar saria irabazteko aukera onak daukiez. Ganera, 'Munich'-ek eta 'Capote'-k bost izentapen jaso dabez, filmik onenarenak kontuan hartuta.

Bost lan horreetariko batek eskuratuko dau Oscar nagusia, eta film horreetariko bost zuzendarietako batek lortuko dau zuzendaririk onenaren Oscar saria. Filmen artean, 'Brokeback Mountain' agiri da faborito modura; zinemagileen artean, ostera, kritikeak George Clooney aitatzen dau behin eta barriro.

'Brokeback Mountain'-eko cowboy-etako batek, Heath Ledger-ek, antzezlerik onenaren izentapena jaso dau; bestea, Jake Gyllenhall, bigarren mailako aktorerik onenaren kategorian izentau dabe. Ledger-ek lehiakide eukiko dauz Philip Seymour Hoffman ('Capote'), Terrence Howard ('Hustle and Flow'), Joaquin Phoenix ('Walk the line') eta David Strathairn ('Good night and good luck'). Emakumezko antzezlerik onenaren saria irabazteko, barriz, honeek jaso dabez bost izentapenak: Judy Dench ('Mrs Henderson Presents'), Felicity Hoffman ('Transamerica'), Charlize Theron ('North Country'), Reese Witherspoon ('Walk the line') eta Keira Knightleyk ('Pride and Prejudice').