Barriketan  IV. urtea // 149. zenbakia

Nerea Larrabe: 'maitasun faltea da gaixotasunik larriena'

Bikarte ume errusiarrak aldi baterako ekarteko ongintza-erakundea da. 1997an hasi zan zeregin horretan eta egunotan, urtarrilaren 29an hasita zezeilaren 16-19ra arte, udako kanpainea martxan dago, eta herrialde hotzeko umeren bat edo batzuk ekarri gura dabezanek zabalik daukie izena emoteko epea.

Urteko hamabi hilabeteetatik bi ilunpean egoteak kalte egiten deutse Errusia iparraldeko umezurtz-etxeetan bizi diran gaztetxuei. Eguzkiak emoten dauzen bitaminak falta jakez, baita familiaren berotasuna be. Kontu horreen eta beste hainbat esperientziaren ganean berba egiteko, Nerea Larrabe Bikarteko lehendakariagaz bat egin dogu.

1.- Nondik datoz Bikarteren bidez ekarten diran umeak?

Umeak errusiarrak dira. Gehien bat Kolako Penintsulatik datoz, Murmansk eskualdetik. Nizhnivartousk eta Volgograd urietatik be ekarten doguz, baina askozaz be gitxiago. Beste leku batzuetatik be ekarteko asmoagaz gabiz, baina, orain arte, batez be Murmansketik etorri dira.

Murmansk Kola Penintsulako uriburua da. Finlandiaren iparraldeagaz mugea egiten dau eskualdeak eta hainbat umezurtz-etxe dagoz han. Hona, hamar bat umezurtz-etxetatik datoz umeak.

2.- Zein egoeratan bizi dira umeak Errusiako umezurtz-etxe horreetan?

Batzuk guraso bako umeak dira, baina beste batzuk familia daukie. Azken horreen kasuan, guraso-agintea aitak edota amak dauka, baina umea umezurtz-etxean dago, eurek ezin dabelako jagon. Kontuan hartu behar da lurralde hareetan alkoholismo mailea oso altua dala eta klimeak be ez dauelako askorik laguntzen. Gurasoen egoereak hobera egiten badau, umea berreskuratu leikie, guraso-agintea eurena dalako.

Umeak hona datozenean, guk euren bizitzearen nondik-norakoen barri eukiten dogu, ganetik baino ez bada be. Horregaitik, badakigu zein egoeratan dagozan.

3.- Zein baldintza bete behar dabez gurasoek ume bat ekarteko? Umeek be baldintzarik bete behar dabe?

Edozeinek ekarri leike: bikote batek, emakumezko batek, gizonezko batek... ez daukagu ideal zehatzik. Gogoa eukitea da garrantzitsuena. Guk eskatzen doguna bizimodu orekatua eta egonkorra izatea da. Diruaren asuntuak ez doguz beren beregi kontroletan; ez dogu errenta autorpenik eskatzen.

Bikarte erakundeak lehenengo berbaldi bat eskaintzen deutse familia barriei. Ostean, animetan diran familiak psikologoakaz alkartzen dira eta orduan zehaztuten dira baldintzak eta egoerak. Normalean, animetan diran guztiak onartzen dira; izan be, norbera konturatzen da ahalduna dan ala ez holako kontuan sartzeko eta, atzera egin behar izan ezkero, euren borondatez egiten dabe, ez dabelako euren burua kapaz ikusten.

Umeek, printzipioz, ez dabe baldintzarik bete behar, beti be umezurtz-etxekoak eta estaduaren umeak badira. Hori bai, gaixorik badagoz, ez dira etorten. Bestalde, guraso-agintea izan ezkero, baimen hori behar izaten da.

4.- Zeintzuk dira ume bat ekarteko jarraitu beharreko tramiteak?

Lehenengo eta behin, ume errusiar bat edo batzuk ekarri gura dabezanek Bikarte erakundeagaz hartu-emonetan jarri behar dira gure telefonoen bitartez. Ostean, berbaldietan azalduko deutsegu gure programea. Balorazino batzordera pasau beharko dabe gero, psikologoagaz berba egiteko. Hainbeste paper eta deklarazino bete behar dabez eta horreek danak Errusiara bialtzen doguz guk. Gitxi gorabehera, kanpaina horretan ekarri beharreko ume kopuruaren eskaria egiten dogu, ehun eta piku gehienetan. Behin Errusiako erantzuna jaso ostean, programea martxan jarten da. Orain, kasurako, udako kanpainarako epea dago zabalik, zezeilaren 16 edo 19ra arte. Familia barriek aukerea daukie gugaz hartu-emonetan jarri eta tramitazinoa hasteko eta, zelan ez, daborduko umeren bat edo batzuk hemen euki dabezanek be bai.


5.- Zelakoa da umeen osasun egoerea? Eta psikologikoa?

Umeon arazo nagusia Errusiako eguraldia da, hango klimea. Gau polarra deitzen dan hori bizi dabe neguan, hau da, hile bitan ez dabe argi-izpirik ikusten. Horregaitik, eguzkiaren bitamina faltea daukie. Bestalde, elikadura oso pobrea daukie. Jaten dabe, bai, baina ez modu orekatuan.

Baina arazorik larriena maitasun faltea da. Umezurtz-etxean bizi dira eta familia-egiturea imitetan dauen taldetxuak egin arren, ez da nahikoa. Maitasun faltea daukie eta autoestimu gitxi. Hori da hareen gaixotasunik larriena. Konfiantza bako umeak dira, begiradea behean eukiten dabe. Behin hona etorrita, esperantzea hartzen hasten dira eta persona egiten dira. Umezurtz-etxean zenbaki hutsak dira eta hemen persona egiten dira, familian biziten ikasten dabe. Bizitzea esperantzaz hartzen hasten dira.

6.- Esperantza hori faltsua izateko arriskua egoten da?

Ez. Behin ekarrita, ez dozu han ixten.

7.- Zeintzuk dira umeen beharrizan nagusiak?

Lehenago be aitatu dot beharrizan nagusia maitasun faltea dala. Falta hori, askotan, fisikoa izaten da. Horregaitik, ohera doazenean, berbarako, mosu bat emotea oso garrantzitsua da. Txikikeriak dira guretzat, baina oso handiak umeontzat. Hemen persona sentiduten dira, ez dira zenbaki hutsak. Han ez dira ezer eta hemen persona normalak dira, familia bateko kideak. Horregaitik, eurentzat oso garrantzitsua da hemengo argazkiak eroatea Errusiara bueltan, ingurukoei erakusteko familia bat daukiela, nonor dirala.

8.- Noren esku dago bidaiaren eta mantenuaren finantziazinoa?

Familiaren erantzukizuna da. Bidaia eta monitoreen mantenua (bost bat monitore eta itzultzaile bat etorten dira umeakaz) familia bakotxak pagetan dau. Gitxi gorabehera, 450-500 euro bueltan izaten dira. Gero, umearen mantenua familiaren kontura.

9.- Behin umea ekarten daben familiak barriro animetan dira hurrengo urtean?

Normalean, bai. Lehenengo udea oso gatxa izaten da, umeak ez dauelako inor ez ezer ezagutzen, eta gurasoek edota ingurukoek ez dabelako umea ezagutzen. Ez dira ume errazak, baina bereziak dira.

10.- Umea hemen dagoanean, zein da jarraitu beharreko bidea?

Pozik dagoz, familia bat topetako esperantzea daukielako. Baina oso urduri etorten dira eta geu be artega egoten gara. Aireportura heltzen diran momentu hori hunkigarria izaten da, baina, aldi berean, konplikaua be bai. Hasierako momentu horreek gogorrak dira, umeak konturatzen diralako ez deutsela inork ulertzen eta ez dabelako ezer ulertzen. Ez daukie konfiantzarik gurasoakan eta gogorra da.

Neure kasuan, orain dala 6 urte ekarri neban Natasha. Zazpi urte eukazan eta neure burua, neure beste alabea (urtebete eukan) eta senarra aurkeztu neutsazanean, negarrez hasi zan. Errusiara joan gura izan eban bueltan eta etxean, gau haretan, ate alboan jarri zan. Azkenean, ohera sartu eta hurrengo egunean pozago egon zan. Eta handik, gaur egunera arte. Orain, gure etxeko umea da.

11.- Hizkuntzea trabea izaten da ala erraz konpontzen dan kontua da?

Hasieran bai, baina umeek laster hartzen dabe haria. Euskeraz eta gaztelaniaz oso ondo egiten dabe eta uda bat nahiko da traba horri aurre egiteko.

Hori bai, lehenengo egunak sano gogorrak izaten dira. Ahal dozuna egiten dozu, keinuakaz, begiradeagaz komuniketan zara. Nik oinarrizko berba batzuk ikasi nebazan errusieraz, eta horrek asko lagundu eustan.

12.- Zer pasetan da umeak 18 urte beteten dituanean?

Hor dago arazoa. Programa honegaz, umeak 18 urte beteten dituanera arte ekarri ahal dozu umea. Gero, umezurtz-etxetik urteten dau eta ezin dozu ekarri ordura arteko baldintzatan. Halanda be, badagoz bideak eta, berbarako, ikasketak berton egiteko baimena emon leikio Errusiako Gobernuak. Baina oso kontu gatxa da eta traba ugari dagoz.

13.- Ume bakotxa mundu bat dala jakin badakigu, baina, oro har, zer da hemengo bizimodutik harrigarrien gertatzen jakena? Eta gehien gustetan jakena? Zer ez jake gustetan edo zertara ez dira ohitzen?

Eurek ez dakie familia batean biziten eta harrigarri gertatzen jakez bertoko ohiturak eta hemengo kulturea. Ez dakie etxe bakotxean arau batzuk dagozana, baina, astiro-astiro, ikasi egiten dabe. Kontuan hartu behar da umezurtz-etxe batetik datozala eta oso gogorra dala bizimodu barrira egun batetik bestera ohitzea. Hori bai, laster ohitzen dira gauza onera!

Jateko kontuan, hainbat desbardintasun dagoz umetik umera. Oro har, frutea asko gustetan jake. Ume bakotxaren araberako kontua izaten da askotan baina, gitxika-gitxika ohitu egiten dira eta azkenean hemengoak balira legez jarduten dabe.

Aitatu behar da, baita, ume askok ez dabezala euren arbasoak albo batera itxi gura. Eurak errusiarrak dira eta harro dagoz horretzaz. Askok, hona gura dabe etorri betirako, baina beste batzuk pozik joaten dira bueltan, eurak hangoak diralako.

BIKARTE ONGINTZA ALKARTEA
Tel.: 605 70 90 22 /// 94 636 0431
www.bikarte.org

Saioa Torre Gereketa